Interview
Yerai Martin
Eibarko entrenatzailea

«Talde umila, langilea eta lehiakorra izanez igo da Eibar Lehen Mailara»

Eibar goi mailako emakumezkoen futbolean esperientzia gutxiko entrenatzailea fitxatzen ausartu zen, taldea Lehen Mailara itzultzen saiatzeko. Yerai Martinek (Andoain, 1993) erronkari eusteko adorea izan zuen. Biek asmatu zuten eta igoera ospatu ahal izan dute.

Yerai Martin, Eibarren.
Yerai Martin, Eibarren. (AU)

Igandean lortutakoa ospatzen eta «oraindik barneratzen» harrapatu dugu Yerai Martin. Azken jardunaldira arte armaginek ezin izan zuten xanpaina zabaldu, Osasunarekin eta Deportivorekin berdinduta heldu baitziren. Baina, Granadan lortutako berdinketari esker, Lehen mailara itzultzeko txartela eskuratu zuen Eibarrek. Egunean bertan zaleek taldeari harrera egin zioten Ipuruara heldutakoan, «une polita eta hunkigarria» sortuz. Ospakizunek intimitatean jarraitu zuten astelehenean, eta atzo Udalak hartu zituen jokalariak. Baina ospakizunak heldu aurretik, lanez eta tentsioz betetako hilabeteak izan dira.

Ez zaitut engainatuko. Granadan gola iristen ez zela ikusita, eibartar bati baino gehiagori «alcorconazoaren» mamua agertu zitzaion. Granadaren meritua izan zen berdinketa edo taldea pixka bat blokeatu zen tentsioagatik?

Nik emaitzak ez nekizkien. 60-70. minutuan bai galdetu nuen. Keinu egiten zidaten: «Ondo goaz, plana ondo doa». Baina jakin nahi nuen, aldaketaren bat egin behar bazen, plana mantendu edo ez... Eta egia da taldea ez zela hain ondo zelairatu, urduritasunagatik edo agian Granada hobeto sartu zelako. Baina, gero, 15-20. minututik aurrera, hobeto egon ginen, aukerak egin genituen... Partida nahiko ona egin genuen, nahiz eta gola ez sartu eta ez irabazi.

Zer pasatu zitzaizun burutik Granadaren azken uneko gol aukera garbiarekin?

Oso-oso garbia. Eta 94. minutuan. Baina aukera hori izan eta jarraian amaitu zenez partida, ez genuen denborarik ere eduki sustoa hartzeko. Zorionez, «ui!» hori «oe!» bilakatu zen berehala.

Azken orduko «ui!» horrekin, baina Eibar Lehen mailako taldea da. Eta zu, Lehen mailako entrenatzailea; ez bakarrik igo zarelako, baizik eta datorren urtean ere aulkian egongo zarelako. Poz bikoitza zure kasuan.

Eta klubari eskerrak eman behar dizkiot konfiantzagatik, kontratua martxoan berritu baikenuen, oraindik jakin barik helburua beteko genuen. Eta horrek konfiantza handia ematen dizu. Ikusten duzu lan ona egiten ari garela; aurten lortzen ez badugu ere, hurrengo urtean beste saiakera bat edukiko dugula... Azkenean, oso talde berria zen, ni ere berria, jokalari asko etorri berriak... Hori guztia ondo batzea eta helburua lortzea ez da erreza.

Are gutxiago hainbeste aurkariren kontra borrokatu behar duzunean. Azken aurreko jardunaldira arte, sei bat talderen hautagaitza zegoen igoerarako. Inork ez zuen espero horrelakorik.

Ez, guk ere ez. Bagenekien talde on eta indartsuak zeudela, baina ez genuen imajinatzen ere hainbeste egongo ginela, hain borroka estuan gainera, eta hain denbora luzez, ia-ia amaierara arte. Konpetentzia izugarri handiko maila izan da, eta horrek meritu gehiago ematen dio lortu dugunari.

«Jokalariek eta talde teknikoak lan handia egin dute. Lanak ez dizu ziurtatzen saria lortuko duzunik, baina gerturatzen zaitu; bide bakarra da, izan ere»

Zein da Eibarrek berdintasun hori hausteko eta aurkari guztien gainetik amaitzeko izan duen bertute nagusia? Zein izan da arrakastaren gakoa?

Lehenik eta behin, jokalarien eta nire talde teknikoaren lana. Oso konstanteak izan dira, eguneroko lana oso ondo egin dute eta partida guztietan oso ondo lehiatu dira. Horri esker, eta defentsiboki indartsuak eta sendoak izan garelako ere, aurkari gogorra eta zaila izan gara. Hiru partidak besterik ez ditugu galdu Liga osoan. Lanean eta ahaleginean konstantzia da helburua lortzera eraman gaituena.

Taldeak sufritzen jakin izan du ere, eta berean kontzentratzeko gaitasuna. Jaitsi berriak ginenez, denek faboritotzat jotzen gintuzten, talde indartsu asko egon arren. Garrantzitsua izan da horretatik isolatzen jakitea, helburuari eta exijentziari uko egin barik, baina faborito sentitu gabe egunero lan egitea eta urratsez urrats joatea. Gure asmoa beti izan da partidaz partida joatea eta bukaeran ikustea non geunden, zein borrokatan. Ondo irten zaigu, azkenean urte osoa eman baitugu goian, eta goian amaitu dugu ere. Lehiakortasuna ere nabarmendu nahi nuke, azken finean denak erlazioan badaude ere.

Lehiakortasuna? Hori izango litzateke hitza, taldea definitzeko bat bakarrik erabili beharko bazenu?

Bakarra ematea zaila egiten zait. Hiru esango dizkizut: Eibar talde umila, langilea eta lehiakorra izan da.

Eta entrenatzailea? Zein izan da zuk zehazki errezetari gehitu diozun osagaia?

Lana, esango nuke; taldekideok lan asko egin dugu urte osoan. Azkenean, jokalariek entrenatzen dute eta, gero, egunerokotasunean zaindu behar dira: elikagaia, fisikoa, deskantsua... Baina guk, nik eta taldekide guztiok, lan asko egin dugu entrenamenduetatik eta partidetatik kanpo, gauza ahalik gehienak kontrolpean edukitzen saiatu gara. Oso argi daukagu lanak ez dizula ziurtatzen saria lortuko duzunik, baina gerturatzen zaitu; bide bakarra da, izan ere. Eta hori ez da falta izan Eibarren.

Une goxoekin disfrutatzea, batez ere azken egun hauetan, ziurtatu dizue lan horrek. Baina denboraldian zehar une zailak izan dira?

Argi dago egun goxoenak orain bizitzen ari garela, baina denboraldi hasiera ere oso gustukoa izan nuen. Nire lehen esperientzia zen horrelako mailetan entrenatzen, eta partida bakoitzak oso sentsazio ona ematen zidan. Gainera oso lan ona egin genuen denboraldi aurrean, eta gero oso ondo hasi ginen, bost garaipen jarraian lortu genituenean ere... Eta esango nuke partida horiek izan direla zailenak, ikusten genuelako abantaila handitzeko aukera genuela eta ez genuela lortzen. Bolada bat izan dugu kostatzen zitzaiguna irabaztea. Eta bueltak ematen nizkion, aukerek ihes egiten zutela, irabazteko gai ez ginela pentsatzen.

Lesioak ere futbolaren parte dira, baina gogorrak dira. Egia esan, orokorrean zortea izan dugu lesioekin, lesio muskularrik ia ez baitugu izan. Hala ere, lesio larri pare bat eduki ditugu. Ane Perezena gogorra izan zen; bera konturatu zen segituan zer zeukan (aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen). Ane jokalari eta pertsona oso ona da, taldekide ona. Noeliarena ere bai, gainera; dena jokatzen ari zen, atea askotan hutsean uzten, gauzak oso ondo egiten... Egia da Maria Miralles gero oso ondo lehiatu dela, baina lesio larri horiek mingarriak dira. Igoera hau lesionatu direnek egindako lanaren meritua ere bada, eta disfrutatu egin behar dute lortutakoarekin.

Armaginek beste lorpen batekin disfrutatzearekin ere amets egiten dute. Ez dakit aholkuren bat baduzun gizonezkoen taldearentzat.

Ez dute behar. Lanean ondo ari dira eta partidak ondo lehiatzen ari dira. Ni lasai nago, ziur nago larunbatean Sportingen aurka garaipena lortuko dutela, eta Huescan ere bai. Eta aurkariek seguru puntuak utziko dituztela. Igoera hau ere ospatuko dugu.

«Denean hobetu beharko dugu, maila altuago eta exijenteago batean lehiatuko baikara, baina nortasun aldetik berdin jarraitu nahi dugu»

Ospatu bakarrik ez. Datorren denboraldiari begira jarri beharko duzue. Zein izango da Eibarren asmoa F mailan?

Denboraldia bukatu aurretik bi eszenarioak lantzen ari ginen, sakontasun handiegirik gabe, eta hemendik aurrera serioago jarriko gara. Helburua zein izango da? Taldeak berdin jarraitzea: lehiakorra, umila eta langilea izaten, eta gerra asko ematen, partida guztiak lehiatzen. Helburua argi dago; igo berriak izango gara, baina aurten bezala egingo dugu, partidaz partida joan. Eta amaieran ikusiko dugu non gauden.

Izenak alde batera utzita, zertan hobetu beharko du taldeak kategoria hain gogorrean lehiatzeko?

Berdin jarraitu nahi dugu nortasun aldetik. Baina denean hobetu beharko dugu, maila altuago eta exijenteago batean lehiatuko baikara. Nolanahi dela, batez ere garrantzitsua iruditzen zait kategoria berrira lehenbailehen egokitzea.