Interview
Jon Guridi
Alaveseko jokalaria

«Ezin dugu itxaroten egon ea zer gertatzen den, irabazi beharra dugu»

Larunbat honetan Alavesek Las Palmasen aurka irabazten badu Kanariar Uharteetan (21.00etan), Lehen Mailara igoko da. Jon Guridik (Azpeitia, 1995) nabarmendu du «tentsio handiko» lehia izango dela, eta aldi berean «polita jokatzeko». Mentalki, talde «sendoa» direla gaineratu du.

Jon Guridi Alaveseko jokalaria Albaceteren aurkako partida jokatzen Mendizorrotzan.
Jon Guridi Alaveseko jokalaria Albaceteren aurkako partida jokatzen Mendizorrotzan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Alavesek denboraldi osoko uzta jaso dezake larunbat honetan, Las Palmas azpiratzen badu. Gasteizko taldeak irabaztea besterik ez du. Izan ere, Las Palmas ligako bigarren sailkatua da, eta haiek ere, gauza bera izango dute jokoan: Lehen Mailarako zuzeneko txartela lortzea. Bi puntuko aldea dago bata bestearen artean, beraz, irabazten duenak ziurtatuta izango du igoera.

Jon Guridi Alaveseko erdilariak badaki larunbateko partida «final bat» dela, baina NAIZi adierazi dio, irabazi ezean, play off-etako «aukera» hor dagoela, eta «egoera guztietarako prest» egon behar dutela. Oro har, azpeitiarrak uste du denboraldi «konpletoa» egiten ari dela, estatistikak alde izan ez arren.

Larunbatean taldearen geroa erabakiko duen partida jokatuko duzue. Nola dago taldea?

Larunbateko partida horretan burua jarrita; badakigu derrigorrez irabazi egin behar dugula igotzeko. Uste dut beste partida bat bezala hartu behar dugula, lasaitasunarekin, eta saiatu behar dugu gauzak ondo egiten. Badakigu partida zaila izango dela, beraiek ere berdinketa batekin igotzea lortuko luketelako. Neurketa polita izango da jokatzeko, eta ea irabaztea lortzen dugun.

Nolako partida aurreikusten duzu?

Uste dut errespetu asko egongo dela bien aldetik. Esan dizudan bezala, haientzako berdinketa nahikoa da igotzeko, eta ez dira hain gora etorriko hasieratik, igual itxaroten egongo dira... Baina ikusiko da. Guk ezin dugu itxaroten egon, ea zer gertatzen den. Azkenean irabazi beharra daukagu, eta uste dut tentsio askoko partida izango dela eta, aldi berean, jokatzeko polita.

Agian Las Palmasek arrisku gutxiago hartuko ditu, baina litekeena da haiek izatea baloiaren jabetza. Zuek kontraerasoak aprobetxatu beharko dituzue?

Bai, azkenean Las Palmasek baloi jabetza izaten du. Baloia asko mugitzen duen taldea da, eta gu saiatuko gara presio egiten eta baloiak lapurtzen. Eta baloia edukitzen dugunean, gauzak ondo egiten. Beraiek badakigu baloiarekin onak direla, baina baloirik gabe kontraerasoetan eta trantsizioetan min egiteko aukerak edukiko ditugu. Gainera, etxeko azkeneko bost partidetan ez dute batere irabazi, eta alde horretatik haiek ere urduritasun puntu hori ere edukiko dute.

«Baloirik gabe kontraerasoetan eta trantsizioetan min egiteko aukerak edukiko ditugu»

Azkenaldian gola garesti duzue taldean. Azken hamahiru partidetatik bitan bakarrik sartu duzue gol bat baino gehiago. Hori kezkatzeko modukoa da? Edo lasai zaudete?

Ez, lasai gaude. Azkenean boladak izaten dira. Egia da azkeneko partidan, adibidez, Malagaren aurka, 1-0 joan ginela, baina aukera eta trantsizio dezente izan genituen min egiteko. Golak egiteko aurrean asmatu egin behar da, eta azkenaldian agian zehaztasun gutxiago izan dugu. Eguneroko entrenamenduetan lantzen dugu, eta lehenago edo beranduago golak ailegatzen dira.

Luis Garcia Plaza entrenatzaileak esan zuen azken hiru partidetan burua jaitsi beharrean, taldeak aurrera egin zuela, markagailua iraulita eta buruz talde indartsua zaretela erakutsita. Ados al zaude hark esandakoarekin?

Bai, mentalki uste dut talde sendoa garela. Aurrekoan ere, berdindu eta gero ez da erraza erreakzio hori izatea, azkenean, zartada gogorra izan zen gol hori jasotzea. Ez Malagaren aurka bakarrik, Albaceteren kontra ere galtzen joan ginen eta berdintzea lortu genuen, eta bukaeran ere irabazteko aukerak izan genituen. Taldeak bukaerara arte ez du amore ematen, eta orain Las Palmasen aurka atzetik jartzen bagara ere, gure lana egiten segitu behar dugu, eta bukaeraraino saiatuko gara neurketa irabazten.

Lehen itzuliko partidan, bana berdindu zenuten Las Palmasen aurka, Mendizorrotzan. Zer hobetu beharko duzue partida hartatik, puntu bat beharrean hiru eskuratzeko?

Gogoratzen dut baloiaren jabetza beraiek eduki zutela, baina guk baloirik gabe lan ona egin genuen; falta asko eginda eta jokoa asko moztuta. Irabazten hasi ginen, eta gero gol bat sartu ziguten, hutsegite batengatik. Azkenean horrelako partidetan detaile txikiek markatzen dute emaitza. Bi areatan, bai defentsan bai erasoan, akats bat egiten baduzu, hor erabakitzen dira neurketak. Detaile txikietan jarri behar dugu arreta osoa, eta ez oparitzean guk, behintzat, gola.

Kanariar Uharteetan babazorroen babesa izango duzue, 500 zale baino gehiago joango baitira. Haiek ere ezinbestekoak dira zuentzat, ezta?

Bai, noski. Denboraldi osoan daude lehen partidatik animatzen. Egia esan hemen etxean jokatzen dugunean sekulakoa da egoten den giroa, eta seguru han Las Palmasen ere entzungo zaiela. Beraz, alde horretatik eskerrak eman zale guztiei, eta ea igoerarekin haiei ere poz hori ematen diegun.

Luis Garciak esan zuen Alaveseko zaleak Bigarren Mailako onenak direla. Lehen Mailako onenak izatea da erronka?

Bai, bueno, uste dut, Lehen Mailan egonda ere, ziurrenik zale onenen artean egongo zirela. Egia esan, sekulakoa da horrelako zaleak izatea, astero horrelako giroa sortzea eta hainbeste animo ematea, eta hainbeste bizitzea futbola.

Denboraldi honetan jarraitutasuna izan duzu hamaikakoan. Oro har, gustura zaude osatu duzun denboraldiarekin?

Bai, uste dut denboraldi konpletoa egiten ari naizela. Estatistika aldetik ez da agian nahiko nukeena, aukera dezente izan baititut golak egiteko, baina huts egin dut edo atezainek geldiketa onak egin dizkidate. Azkenean horiek estatistikak dira, eta uste dut denboraldi ona egiten ari naizela. Gainera, taldea sasoi osoan zehar hor goian mantentzen ari da, eta hori zerbaitengatik izango da.

Erdi-puntan edo Antonio Blanco euskarriarekin batera jokatu izan duzu. Non ikusten zara erosoen?

Nik beti esan dut pixka bat atzerago erosoago sentitzen naizela, bigarren lerrotik ezustean area gehiago zapaltzeko. Erdi-punta moduan ere nahiko eroso sentitzen naiz area zapaltzen. Beraz, jartzen didan lekuan ondo, ez nago kexatzeko.

Jokatzen duzun bitartean, behintzat, ez duzu kexarik izango.

Hori da, azkenean futbolariok jokatzeari ematen diogu garrantzia. Balioaniztuna izatea ona da, erdilari bezala edo erdi-puntan jokatu ahal dudalako, eta entrenatzaileari beste aukera bat ematen diodalako. Beraz, alde horretatik, gustura.

«Ezin duguna egin da Las Palmasen ez irabazi eta mentalki erori»

Partidari begira, entrenatzaileak zerbait berezia esan dizue edo betiko errutina jarraitu duzue?

Betiko errutinan jarraitu dugu. Badakigu final bat dela, eta irabazi egin behar dugula igotzeko. Baina, baita ere, badakigu zaila izango dela, eta irabazten ez badugu, play off-etako aukera horretan jarri behar dugula buru-belarri. Orain ezin duguna egin da Las Palmasen ez irabazi, eta mentalki erori. Izan ere, hori gero play off-etan antzemango da. Egoera guztietarako prest egon behar dugu.

Esan duzun moduan, irabazten ez baduzue ere, beste aukera bat izango duzue Lehen Mailara igotzeko. Horrek lasaitasun puntu bat ematen dizue?

Bai, alde batetik denok nahi dugu zuzenenean Lehen Mailara igo, denontzat izango zen ona. Baina denok pentsatzen dugu, beste aldetik, lortzen ez badugu ere, oraindik beste bi kanporaketa pasatu beharko ditugula. Beraz, ezer ez edukitzea baino hobea da hori.

Zer suposatuko luke zuretzat Las Palmasen aurka garaipena lortzen baduzue?

Uste dut denboraldi honetan, hona etorri nintzenetik, taldearen helburua igotzea izan dela, baita zaleena eta jokalariena ere. Nik pertsonalki ere apustu hori egin nuen hona etortzen. Bai, oso pozik jarriko ginateke denok, egindako lan baten emaitza izango litzatekeelako.