NAIZ

Hogei minututan agortu dira Manu Chaoren Arrasateko kontzerturako sarrerak

Salmentara atera bezain pronto desagertu dira: hogei minutu eskas nahikoak izan dira uztailaren 9an Manu Chaok Arrasaten eskainiko duen kontzerturako sarrerak agortzeko. Zazpi urteren ostean, Euskal Herrian ematen duen lehen kontzertua izango da.

Manu Chaok duela zazpi urte eskaini zuen azken kontzertua Euskal Herrian.
Manu Chaok duela zazpi urte eskaini zuen azken kontzertua Euskal Herrian. (NAIZ)

Badago Manu Chao euskal oholtzetan ikusteko gogoa. Bost egun eskas igaro dira abeslari eta multiinstrumentista ezagunak Arrasaten kontzertua eskainiko zuela iragarri zela eta sarrerak eskuratzeko bizi ibili behar izan da: astearte goiz honetan 10.00etan jarri dira salgai eta hogei minutu besterik ez da behar izan sold out-a iristeko. NAIZeko harpidedunek, gainera, %20ko deskontua baliatu ahal izan dute.

Izan ere, atzera zazpi urte eginda topatuko dugu Manu Chaok Euskal Herrira egin zuen azken bisitaldia. Lizarran aritu zen orduko hartan musikaria, 2016ko abuztuan, milaka jarraitzaileren aurrean eskaini zuen doako kontzertuan. Oraingo honetan gure geografian iparralderago eginda, Arrasatera etorriko da ‘Clandestino’ eta ‘Me gustas tú’ gisako kantuen sortzailea.

Uztailaren 9an izango da hitzordua, Arrasateko Monterron parkean. Antolakuntzatik nabarmendu zutenez, Mondra n' Roll jaialdiaren azpiegitura erabiliko da kontzertua antolatzeko eta Manu Chao ez da bakarrik ariko. Giroa berotzeko bi talde gazte izango ditu lagun: Burutik eta Eire.

Lehena Iruñean sortutako taldea da eta iaz kaleratu zuten euren lehen lan luzea, ‘Hamabost segundu’. Ez dira geldirik egon ordutik, aurtengo otsailean bertan hiru kantuz osatutako ‘Zerua eta zorua: hiru kanta bakardadeari’ lana kaleratu baitute. Eire, bere aldetik, Zumaian sortutako bikotea da. Hauek ere musika eszenan hasiberriak badira ere, azken urtean hainbat single argitaratu dituzte sareetan.