NAIZ

1,6 tona babes higieniko bildu ditu Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak

Hilekoaren gaineko prekarietatea agerian jarriz Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak iragan asteburuan burutu zuen operazioak izan duen arrakastak ustekabean harrapatu du elkartea. 1,6 tona babes higieniko bildu zituzten Lapurdiko bost saltoki handitan antolaturiko ekintzan.

Babes higienikoen bilketak aurreikupen guztiak gainditu ditu.
Babes higienikoen bilketak aurreikupen guztiak gainditu ditu. (Banque Alimentaire)

Herritarrek «ustekabeko» erantzuna eman zutelako bere esker ona agertu du, agiri baten bidez, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak.

Hilekoaren gaineko prekarietateari buruz oharra egiteko helburuarekin babes higienikoen bilketa burutu zuten aipaturiko elkartearen bolondresek maiatzaren 26 eta 27an Urruña, Biarritz, Angelu eta Baionako bost saltoki handietan antolaturiko bilketan.

Aurten lehen aldikoz burutu du Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak babes higienikoen bilketa.

Hain zuen, maiatzaren 28an Nazio Batuen Elkarteak hilekoaren gaineko prekarietateari aurre egiteko neurriak eskatzeko eguna zela baliaturik antolatu zuen ekintza, eta herritarren erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu.

Elkarteak emandako datuen arabera, orotara 1,6 tona babes higieniko bildu ziren.

Hazkurri Bankuak zehaztu duenez, denetariko produktuak eman zituzten herritarrek, hala nola, tanpoiak, zapi higienikoak, hilekoa izaten denean erabiltzen diren kuleroak, oihaltxoak, gel intimoak...

Elkarteak aitortu duenez ekimena hain izan da arrakastatsua oraindik ere ez dutela aukerarik izan bilketa horren bilan zehatza egiteko parada ukan.

Egoera zaurgarrian diren emazteak

Frantziar Estatuan 4 milioi emazte inguruk hileko prekarietatea pairatzen dute.

Diru falta tarteko, emazteen %17k aitortzen dute noizean behin babes higienikoen ordez «beste alternatiba» batzuk baliatu behar izan dituztela.

Hilekoaren prekarietatea tabu bat da oraindik ere. Izan ere, pandemiaren ostean gero eta era naturalagoan aipatzen den gaia bilakatu da.

Baionako Unibertsitatean, esaterako, ikasleak izan ziren lehenak babes higienikoen banaketa martxan jarri zutenak.

Horren ondotik produktu higienikoen doako banaketa martxan eman zuen Gobernuak unibertsitateetan, hilabete batez, esperimentazio bezala.

Horren aitzinetik, mugimendu feministak eginiko presioari buruz hugienikoen gaineko BEZ zerga %20tik %5,5era apaldu zuen Gobernuak, 2015ean.

Nolanahi ere, babes higienikoen bilketaren bidez hilekoari buruzko prekarietateari aurre egiteko neurri eraginkorragoak hartzea aldarrikatu du Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak.