Jon Ormazabal

Aitor Elordi: «Badakit listoia oso goian jarri dudala, baina eustea da erronka»

Biharamun gozoa izan du mallabitarrak Buruz Buruko txapela jantzi ondoren, irribarrea ezpainetatik kendu ezinda, jasotako babesa eskertu du baina ez du lortutakoarekin konformatzeko inolako asmorik.

Aitor Elordi, Mallabiko udaletxeko balkoian txapela buruan duela.
Aitor Elordi, Mallabiko udaletxeko balkoian txapela buruan duela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zenbait hilabete iraun duen ametsetik esnatu ezinda, inoizko biharamunik gozoena izaten ari da Aitor Elordi, nahiz eta Buruz Buruko txapelak eskatzen duen moduko ospakizuna izan zuen. Mallabitarrak badaki lortutako guztia kudeatzen lanak izango dituela, baina ez da konformatzen eta mailari eustea du erronka. Horretarako bidea ere argi du: orain arte bezala lan egiten jarraitu.

Azken ordu eta egunetan jasotako mezu oldeari erantzuteko betarik hartu gabe heldu da Aitor Elordi, irribarrea ahotik kendu ezinda, komunikabideekin jarritako hitzordura. Hori bai, finalaren aurretik jasotako bat kontatu digu. «Jagobak [Arrasatek] argazki bat bidali zidan; badakizue Labrit kanpoan nola baden plaka moduko bat, txapeldunen zerrendarekin, eta 2023an Aitor Elordi jarri zuen boligrafoz. Pentsatzen dut laster boligrafoz jarritakoa borratu eta benetakoa jarri beharko dutela», aitortu zuen mallabitarrak azkenaldian gainetik kendu ezin duen aldarte baikorrarekin. Ezta beharrik ere.

Asturiasen ahaleginduko da hurrengo egunetan datorkion uda gogorrerako pilak kargatzen eta 16an bertan estreinatuko du gerriko gorria, non eta igande gauean 180 lagunekin afari mundiala egin zuen Mallabiko pilotalekuan. Denbora zeraman bizkaitarrak onenekin lehiatzeko aukera eske eta, baimenik eskatu gabe, atea botata, bera da orain herri gehienetan nahi duten kartelburua. «Badakit halako txapel bat irabazteak duen ederrena une hauek direla, lehen aste hauek. Oraindik ez dut bizitzeko astirik izan, baina badakit gerriko gorri horrek urte guztian zehar abantailak eta desabantailak izango dituela. Helduko dira erantzun beharreko uneak eta presio hori kudeatzen jakin beharko dut. Saiatuko naiz ahalik eta hobekien egiten eta horretarako lan egingo dut», azaldu du.

Egoera berri hori kudeatzeko erreminten jabe ikusten du txapeldun berriak bere burua; izan ere, 27 urterekin bere ibilbidean hamaika nahigabe gainditutakoa da oraingo pribilegio egoera honetara ailegatu aurretik. «Zazpi urteko ibilbidea daramat profesionaletan eta zulo dezentetatik irten behar izan dut, eta aurretik une txar horietatik pasa izanak nik uste laguntzen duela horrelakoak kudeatzen. Finalean, esaterako, galtzeko ezer ez nuela irten nintzen; galdu izan banu oso pozik egongo nintzateke lortutakoarekin eta, galdu edo irabazi, zure egoera ez dela hainbeste aldatuko ikusten duzunean askoz gehiago kontzentratzen zara disfrutatzen, eta horixe da txapelketa guztian zehar egin dudana».

Anbizioari eutsi

Hori bai, anbiziorik ez du galdu eta finaleko lehen atsedenaldiaren ondoren egin bezala, orain pauso  bat eman nahi du aurrera eta ez da lortutakoarekin konformatzen. «Badakit listoia oso goian jarri dudala baina, orain, egindakoarekin gozatu eta hurrengo urtean mailari eusten saiatu behar dut. Maila honi eutsita ere, badakit txapelek ez dutela zertan berriro heldu; aurkarien maila ere etengabe doa gora eta lehiakortasun handia dago, baina nire helburu nagusia astez aste lanean jarraituta mailari ahalik eta luzaroen eustea izango da», azaldu du bizkaitarrak.

Finalaren gakoez galdetuta, onartu zuen parean ez zuela ohiko Jokin Altuna distiratsu hori izan, baina lehen atsedenaldi luzean hausnartu, eta ordura arte atzera emandako pausoak aurrera eman izana nabarmendu du.

Jokin Altunaren bestondoa ez zen horren gozoa izan, eta Aitor Elordi ere gogoratu zen amezketarraz. «Ez nuen berarekin hitz askorik egiteko aukerarik izan, baina zoriondu ninduen, merezi nuela esan zidan eta gozatzeko. Txapeldun bat bezala portatu zen».