Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Aitaren eta semearen eta bestelako gurasoen izenean

«Zenbat atxilotu dituzu?». «Ia hiru aste». Etorkinak atxilotzeagatik jaiegunak saritzat hartzeko agindua atzera bota omen dute. Edonola ere, agindu hori ez da harrigarria. Ikusita gaude terroristak eta bestelako gaizkileak atxilotu eta bereziki torturatzeagatik dominekin eta kargu altuagoekin saritzen.

PP alderdia, Aznarrez geroztik behinik behin, liberaletan liberalena da. Baten batek esango du hori ez datorrela Nuñez Feijook trans legea dela-eta esandakoekin bat: «Errazagoa da sexua aldatzea gidabaimena ateratzea baino». Edo joan den otsailean lege bera hizpide: «Haurduntzeko gaitasunik gabeko gurasoak izango gara. Guk aita edo ama izaten jarraitu nahi dugu».

Gezurra dira Nuñezek esandakoak. Horiek guztiak lege horrek ematen dituen aukerak dira, norberak egokien uste duena hautatzeko, ez bata bestearen ordezko. Izan ere, badira haurduntzeko gaitasuna duten gurasoak ama ez direnak, badira haurduntzeko gaitasunik ez duten gurasoak aita ez direnak eta badira aitak eta amak. Lege horrek ez du ezer debekatzen, aintzat hartzen ez ziren zenbait aukera onartzen baino. Horri hizkuntza inklusiboa esaten zaio. Nuñezek dioena gezurra da, baina hori gutxienekoa da berarentzat, liberal petoa den seinale.

Aspaldi ikusita gaude jarrera hori, dibortzioa, abortua, eutanasia… legeztatu direnean, edo emakumeek gonarekin orkatilak estalita jantzi behar ez izatea. Eta baten batek esango du PPrena dela kontserbadoretzat jo izan den jarrera hori.

Bai, ba, baina liberalak kontserbadoreak dira. Edozein aldaketaren aurkako amorratuak... beren askatasuna (pribilegioak) emendatzeko izan ezean. Norabide horretako aldaketari aurrerabidea esaten diote. Noiz arduratu dira emakumeen askatasunaz? Noiz migratzaileenaz?

Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako agindua argigarri samarra da. Merkantziak ezin dira gelditu, baina immigranteak atxilotzea -baldin merkantzia ez badira- oporrak luzatzeko modu liberal askoa da.