‘Armeria euscadiensis’-en mikrohabitata esku-hartzea baino lehen, 2022ko maiatzean.
‘Armeria euscadiensis’-en mikrohabitata esku-hartzea baino lehen, 2022ko maiatzean. (PARKEA BIZIRIK KUKULUNBERA)
NAIZ

‘Armeria euscadiensis’ loratu da Euskal Herriko kostaldean

Euskal itsas krabelina edo Armeria euscadiensis loratu da Urgullen, Ulian, Jaizkibelen, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Matxitxako lurmuturrean eta Gorlizko Billano lurmuturrean, besteak beste. Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteak zabaldu du berria.

«Armeria loratu da. Urgullen, Ulian eta Jaizkibelen; baita Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Matxitxako lurmuturrean eta Gorlizko Billano lurmuturrean ere, euskal itsasertzeko beste leku gutxi batzuen artean», azaldu dute Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteko kideek. Armeria euscadiensis edo euskal itsas krabelina euskal kostaldeko landare endemikoa da, Euskal Herrian bakarrik existitzen den izaki biziduna. Horregatik botanikaren altxorra dela azaldu dute.

«Arrosa koloreko infloreszentzia esferikoen multzoak tente-tente itsasotik metro gutxira ageri dira» eta uztailerako heltzen zaio fruitua, barruan hazi bakarra duela. Neguan, eta eguraldi txarretik babesteko, landarearen hosto iraunkorrak eta luzangak substratuaren gainean etzaten dira.

‘Armeria euscadiensis’ Donostiako Ulia mendian. (Parkea Bizirik Kukulunbera)

Landare honek itsasoaren aldameneko belardi maldatsuetako hareharrizko lurzoruak gustuko ditu, «Kantauriko kresalaz amaigabean ihinztatua izatea eta itsasoak orro egiten duenean olatuen oldarraldien aurrean lerden bizirautea».

Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoak kaltebera gisa tipifikatzen du Armeria euscadiensis. Hori dela eta, legeak espeziea eta haren habitata babesteko eta leheneratzeko planak abiaraztera behartzen duela azaldu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak.

Donostiako Urgull mendian, esaterako, landare urria da. «Eremu txiki gutxi batzuetan bizi da, hala nola, toki malkartsuetan, biderik, giza oinatzik eta belar-ebakirik gabekoetan». Hori dela eta, Armeriaren mikrohabitatak blindatzea eta handitzea komenigarria litzatekeela uste dute naturzale elkarteko kideek.

Donostiako Urgull mendiko Armeriaren mikrohabitatetako bat horma baten mutur-ertzaren aldamenean dago. Oinezkoak luizietatik eta istripuetatik babesteko horma da eta otsailaren 6tik ekainaren 1era bitartean zaharberritu zuten. Altueran handitutako hormari atzeko aldean ibiltzeko oso erraza den korridore bat gehitu diote, goiko kotatik metro bat beherago. Lehen ez zegoen korridorerik eta orain, badagoenez, landarea paseoan joaten direnek eskurago daukate, zaurgarriago bilakatuz.

Elkartetik salatu dute horma handitzeko obrekin batera, haren atzean zeuden mendi-hegaleko zuhaitzak ere moztu egin dituztela, lurrera finkatutako metalezko sare batekin estaltzeko: «Milazkak, sahatsak, lizarrak eta astigarrak, besteak beste, ebaki eta arrastaka Armeriaren mikrohabitataren ondoan eraman dituzte». Era berean, baieztatu dute zuhaitz mozketa Pasealeku Berrirako sarbidea moztuta zegoen bitartean egin dela, «jendeak jakin ez zezan».

Hala ere, onartu dute horrelakoetan zaila izaten dela araudia erabat errespetatzea, talka egiten dutelako jendearen segurtasunaren mesedetan hartutako neurriek eta mikrohabitata babesteko hartu beharko liratekeenek. Baina, «diziplina aniztasunetik eta gardentasunetik lan egitea» galdegin dute.

Hori dela eta, dei egin dute Donostiako Pasealeku Berriaz segurtasunez gozatzera, Armeria euscadiensis landarearen mikrohabitatak behar bezala zainduz.