NAIZ

Agustin Gonzalez Garcia de Acilu musikagile nafarra hil da

XX. mendeko musikari esanguratsua da Agustin Gonzalez Garcia de Acilu musikagile altsasuarra. Pedagogo eta musika-prestatzaile gisa lan nabarmena egin zuen eta hainbat sari eskuratu zituen, tartean Vianako Printzea saria, 2009an.

Agustin Gonzalez Garcia de Acilu musikagile nafarra.
Agustin Gonzalez Garcia de Acilu musikagile nafarra. (Mª José GONZALEZ RIBOT | www.agustingonzalezacilu.com)

94 urte zituela hil da Agustin Gonzalez Garcia de Acilu musikagile nafarra. 1929. urtean lanbidetzat metalurgia zuen familia batean jaioa, haurtzarotik erakutsi zuen musikarekiko zaletasuna eta hamabi urte zituela hasi zen organo eskolak jasotzen, Luis Tabernaren eskutik.

Bere ibilbidean zehar hainbat sari jasoa da, tartean Kontrapuntu eta Fuga (1959), Samuel Rios (1962), Vianako Printzea (2009) eta birritan Musika Sari Nazional espainola (1971 eta 1998). Hala, XX. mendearen bigarren erdiko musikagintzan izan duen eragina hainbatetan onartu izan zaio.

36ko Gerraren ostean Altsasuko Musika Bandara batu zen eta klarinetea eta saxofoia jo zituen, eta gerora Madrilen Konposizio ikasketak amaitu eta Vianako Printzea instituzioarentzat musikologiako hainbat lan idatzi zituen, XVIII, mendeko musikagile nafarren ingurukoak. Iruñeko Kontserbatorioko zuzendari Fernando Remacha izan zuen lan horietarako gidari eta, bide horretatik, 1962an instituzioaren beka berezi baten bidez atzerrian jarraitu ahal izan zuen bere ikasketekin.

Europako musika bizitzan integratuko zen Parisen, Venezian (gobernu italiarraren beka bati esker) eta Erroman. Bidaia hauetan funtsezkoa izan zen bere laguna, Rafael Moneo arkitektoa. Besteak beste, Umberto Eco, Giulio Carlo Argan, Diego Fabbri eta Eduardo Sanguinetti entzuteko aukera izan zuten.

Erroman, konposizio-lana Godofredo Petrassirekin landu zuen, eta 1964an, Darmstadten, Pousseur, Lygete eta Babbitek zuzendutako Internationale Ferienkurse für Neue Musik-era gonbidatu zuten.

Urte horietan sari ugari irabazi zituen, besteak beste, Samuel Rios saria, ‘Sucesiones Superpuestas’ hari-laukoteari esker; 1971n, Musikaren Sari Nazional espainola, ‘Oratorio Panlinguístico’ lanari esker; eta 1967-1968 denboraldian, obra onenaren akzesita, ‘Aschermittwoch’ (‘Errautsezko asteazkena’) lanari esker.

Aipagarria da ‘Oratorio Panlinguístico’ lanerako euskararen aukera fonetiko-musikalak aztertzen egindako lana: euskara ‘bere horretan perkusio instrumentu bat’ zela irizten zuen Gonzalez Garcia de Aciluk eta bere ikerketan sakondu zuen. Hala, Joxean Artzeren ‘Hartzabal’ testuan oinarrituta ‘Arrano Beltza’ obra sortu zuen 1975-76 urteen artean.

1971n Radio Nacional de España ordezkatu zuen Italia sarian, ‘Interfonismos’ lanarekin, eta UNESCOren konpositoreen tribunan, ‘Aschermittwoch’ lanarekin. Estatu espainoleko Konpositore Sinfonikoen Elkarteko kide fundatzailea izan zen 1976an.

Lan pedagogikoa

Gonzalez Garcia de Aciluren lan pedagogikoa hainbat musikagiletan nabaritu da, bereziki Iruñako Taldea osatzen dutenengan. Magisteritzan lan zabala egin zuen Harmoniako irakasle gisa Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta ‘XX. mendeko teknikak’ irakasle gisa Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan eta Oviedoko Unibertsitateko ‘Jovellanos’ Katedran.

1998an, Musikako Sari Nazional espainola eman zioten berriro, konposizioan emandako bizitza osoa eta gure garaiko musikaren panoraman egindako ekoizpenaren benetako esanahia aitortzeko.