Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Errealitatearekin eta fikzioarekin jolasean

Azken urteotan ugaritu egin dira errealitateko kontakizunak pantailara eraman dituzten fikziozko lanak. Baina gaur beste aldaera bati buruz arituko naiz: telesail berean errealitatea eta fikzioa nahastean sortzen ari diren produktu bitxi eta oso interesgarriak izango ditut hizpide.

Telesail berean errealitatea eta fikzioa nahastean produktu bitxiak sortzen ari dira.
Telesail berean errealitatea eta fikzioa nahastean produktu bitxiak sortzen ari dira. (GAUR8)

Hiztegiaren arabera, fikzioa «irudimenaren edo asmamenaren sorkaria» da. Errealitatea, aldiz, «erreala denaren nolakotasuna; gauza errealen multzoa». Biak nahastearen kontzeptua zineman behin baino gehiagotan ikusi dugun arren, pantaila txikian nahiko berria dela esango nuke, eta istorioak azaltzeko tresna interesgarria eta nahiko berritzailea iruditzen zait.

Argitu nahi dut, bestalde, ez naizela dokumental faltsu edo Mockumentary delako kontzeptuaz ari. Horietan, %100 fikziozkoa den istorio bat jorratu arren, dokumentalaren formaz baliatzen baitira; “This is Spinal Tap”, “The Blair Witch Project”, “What We Do in the Shadows”, “The Office” edo “Parks and Recreation” izan daitezke horien adibide.

Errealitatearekin eta fikzioarekin “jolasean” aritu diren adibide nabarmenenak honakoak dira:

Jury Duty

PRIME VIDEO

“The Office” telesail zoragarriaren umorea eta estiloa gogoko badituzu, eta “The Truman Show”-ek planteatzen duen gatazka liluragarria iruditzen bazaizu, adi aurtengo proposamen honi. Errealitatearen eta fikzioaren arteko hibrido bat da “Jury Duty”, eta planteatzen den jokoa, eta batez ere, horrekin lortzen den emaitza, zoragarria iruditu zait. Dokumental formatuan, epaiketa bateko epaimahaikide jakin batzuen eguneroko lana erakusten du. Baina alde handi batekin: dena da faltsua; epailea, epaiketa bera, testiguak, abokatuak eta epaimahaikideak.

Guztiak dira aktoreak. Tira, guztiak ez: 12 epaimahaikide horietatik 11, zehazkiago esanda. Kide horietako batek, Ronald Gladden-ek, ez daki bizitzen ari den guztia gezurrezkoa dela, eta zehatz-mehatz planifikatua dagoen istorio baten barruan murgilduta dagoela. Ez da reality show bat, ezta dokumental bat ere. Serie honetan, pertsonaietako batek ez daki fikziozko telesail baten barruan dagoela; “The Office”-en pertsonaia guztiak aktoreak balira bezala, Michael Scott izan ezik, adibidez. Los Angelesen girotuta dago seriea, eta 17 egunez filmatu zen.

Inprobisazioan esperientzia duten hainbat aktoreri esker, tartean James Marsden ezaguna ere ageri da, “esperimentua” egun horietan guztietan ezkutatu behar izan zioten Gladden-i. Zeure aurpegian irribarre erraldoi bat marrazteko gai izango den proposamen originala da, freskoa, atsegina, eta oso dibertigarria. Altxor txiki bat iruditu zait, 2023ko onenen nire zerrendan egongo den izenburua.

How To with John Wilson

HBO MAX

Hirugarren denboraldia estreinatu berritan, irmotasunez gomendatzen dizuet telesail hau. Surrealista, dibertigarria, berezia, tristea, bitxia eta, batez ere, sailkaezina. Bizitza modernoari buruzko umorezko tutorial gisa planteatuta, kamera hartu, eta New York hirian milaka eta milaka ordu grabatu ditu John Wilson dokumentalista ia ezezagunak.

Lehen pertsonan azalduta, giza izaera oinarrizkoenetik xehatu nahi du telesailak, eta horrekin guztiarekin, pertsona eta egoera bitxien bilduma zoragarri bat sortzea lortu du, espontaneoki garatuz doan narratiba erabiliz. Koherentzia inkoherentziaren barruan iruditzen zait.

Dokumentalak samurtasunaren eta deserosotasunaren artean mugitzen den umore mota bat du ezaugarri gisa, eta atal guztiak absurdotik eta autokritika basati batetik jaiotzen dira. Soziologiaren, New Yorken edo umorerik apurtzaileenaren zalea bazara, gomendio saihetsezina.

The Rehearsal

HBO MAX

Ia ezinezkoa zait izenburu honi buruzko iruzkina egitea. “How to with John Wilson” zoragarriaren moduan, proposamen sailkaezina baita honakoa. Esperimentu bitxi batean parte hartzera gonbidatzen gaituen obra zoro hau irentsi ostean, aitortuko dizut ez dakidala zer demontre ikusi dudan; fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak lausotu egiten baitira.

Ez al duzu inoiz pentsatu, bizi behar duzun egoera zail baten aurrean, egoera hori aurretik entseatu ahal izateko aukera izateaz? Hori da Nathan Fielder-ek esperimentu honekin sortu duena; pertsona jakin batzuk beren beldur handienei zuzenean aurre egitera bultzatzen ditu. Nola? Aurretik idatzitako gidoi baten bidez, non egoera desberdinentzat irtenbide desberdinak planteatzen dizkien, eguneroko bizitzan zamatsuak bihur daitezkeen egoerei aurre egiteko.

Dokumental faltsuaren estiloan filmatuz, docu-reality-aren kontzeptua beste maila batera eramaten du. Ez duzu ezer ulertu ezta? Onena, zuzenean, Fielder-en erokeria honetan murgiltzea izango duzu, niri behintzat oso berritzailea eta harrigarria iruditu zait.

Documentary Now!

PRIME VIDEO - AMC+

Dokumentalgintzarekiko dagoen obsesioari buruzko parodia bitxi eta satirikoa da “Documentary Now!”. “Saturday Night Live” saio ezagunaren harrobiko umorista talde batek sortu du, eta esketxen formatua erabiliz, historiako dokumental garrantzitsuenei -”The Thin Blue Line”, “Fitzcarraldo” eta “Nanook of the North”, esaterako- barre egiten dien proposamen zoroa eta surrealista da.

Atal bakoitzean istorio desberdin bat jorratzen dute, eta aktore gonbidatu ezagun ugari ikus daitezke horietan: Helen Mirren, Jack Black, Cate Blanchett, Owen Wilson eta Alexander Skarsgård, esaterako. Deigarriena da dokumental klasikoen eskema, tonua eta egitura erabiltzen dutela; hau da, formalki benetako dokumental bat ikusten ariko bagina bezala planteatuta dago, baina jatorrizkoarekin zerikusirik ez duten edukiz hornitu dute, eta elementu horiekin guztiekin sortzen dena oso berezia eta dibertigarria da.

Kapitulu bakoitzean erabat berrasmatzeko gaitasuna duen telesaila dela ere nabarmenduko nuke, atal bat gustuko ez baduzu, ikusi lasai hurrengoa, ziur harrituko zaituela eta. Jatorrizko dokumentalak ezagutzen badituzu, bereziki gozatuko duzu “Documentary Now!”; horrela ez bada, atal jakin batzuetako txisteak edo erreferentziak agian ez dituzu guztiz ulertuko. Kapitulu batzuk besteak baino hobeak diren arren, oso proposamen originala iruditzen zait.

Cunk on Earth

NETFLIX

Zalantza izan dut proposamen honekin, gehiago hurbiltzen delako hasieran azaldu dizuedan Mockumentary kontzeptu horretara, baina baditu gaurko gaiarekin zenbait lotura interesgarri. Beraz, aukeratu egin dut.

Charlie Brooker ezagunak sortua, gure zibilizazioaren jatorriari buruzko lan xelebrea da. Xelebrea diot, umore beltz eta nahiko deserosoaz baliatzen delako horretarako, eta batez ere, Philomena Cunk protagonistak ez zaituelako axolagabe utziko.

Oinarrian, fikziozko istorio bat da, baina errealak diren hainbat gertaera historiko zein pertsonaia aipatzen dira tartean. Philomena Cunk, kazetari serio eta zorrotz moduan jokatzen duen arren, guztiz kontrakoa da; inolako zentzurik ez duten galderak egiten dizkie adituei, zein baino zein zoroagoak, eta kamerara begiratuz planteatzen dituen kezka eta gatazka filosofikoek interneteko meme batetik irtendakoak dirudite.

Internet aipatuz, bitxikeria modura, TikTok-en sekulako arrakasta izan duen telesaila da, bertatik hainbat pasarte atera eta milioika ikustaldi lortu dituelako, #CunkOnEarth traola erabiliz.