Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Keinuen alardea izan da Hondarribikoa, konponbiderako oinarria

Txaloekin jaso dituzte Jaizkibeleko emakumeak Hondarribiko egun handian. Zoritxarrez, alarde baztertzaileko kideek bizkarra eman diete, beste behin. Keinuen urtea izaten ari da. Abotsanitzeko alkate berriak lehenengoz hartu du alarde publiko, parekide eta bakarra aldarrikatzen duen konpainia.

Hondarribiko Alardean Jaizkibel konpainiaren desfilea.
Hondarribiko Alardean Jaizkibel konpainiaren desfilea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Inoiz baino gehiago izan dira irailaren 8 honetan Hondarribian Jaizkibel konpainian desfilatu duten emakume eta gizonak. Milatik gora bai. Lehen aldiz Gernikako Arbolatik atera dira, oraingoz herrian egiten den alarde bakarra, pribatua eta diskriminatzailea, ordubete geroago abiatu den toki beretik alegia.

Txalo artean jaso dute hainbatek emakumeak berdintasunean aritzen diren desfilea. Halere, emakumeen eskubideak errespetatuak izan daitezen oraindik ibilbide luzea egin behar dela ikusten da. Horren adibidea, alarde diskriminatzaileko kide batzuek Jaizkibel konpainiari bizkarra eman diotela.

Mila lagun inguruk hartu dute parte Jaizkibel konpainian.
Mila lagun inguruk hartu dute parte Jaizkibel konpainian. (Gorka RUBIO | FOKU)
Jaizkibel konpainiako emakumeak txilibitoa jotzen kale Nagusiaren sarreran.
Jaizkibel konpainiako emakumeak txilibitoa jotzen kale Nagusiaren sarreran. (Gorka RUBIO)
Txalo zaparrada Udaletxe albotik pasatzerakoan.
Txalo zaparrada Udaletxe albotik pasatzerakoan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Aurpegi serioak ere izan dira Jaizkibel konpainia pasa denean.
Aurpegi serioak ere izan dira Jaizkibel konpainia pasa denean. (Gorka RUBIO | FOKU)
Txapel gorri mordoa Kale Nagusitik gora.
Txapel gorri mordoa Kale Nagusitik gora. (Gorka RUBIO)
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak harrera egin diete Jaizkibel konpainiari. Alarde baztertzaileari ere egin diete harrera.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak harrera egin diete Jaizkibel konpainiari. Alarde baztertzaileari ere egin diete harrera. (Gorka RUBIO | FOKU)
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Batzar Nagusietako buru Xabier Eceizabarrena, Jaizkibel konpainia txalotzen.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Batzar Nagusietako buru Xabier Eceizabarrena, Jaizkibel konpainia txalotzen. (Gorka RUBIO | FOKU)
Alarde parekidearen aldeko aldarrikapena Hondarribian.
Alarde parekidearen aldeko aldarrikapena Hondarribian. (Gorka RUBIO)
Desfilea eta aldarrikapena.
Desfilea eta aldarrikapena. (Gorka RUBIO | FOKU)
Alarde parekidea.
Alarde parekidea. (Gorka RUBIO | FOKU)
Alarde tradizionala kale Nagusirako bidean.
Alarde baztertzailea kale Nagusirako bidean. (Gorka RUBIO | FOKU)
Alarde baztertzailearen kantinera bat.
Alarde baztertzailearen kantinera bat. (Gorka RUBIO)

Kale Nagusian sartzeko arkua igarota tenperaturak hainbat gradu egin ohi du gora, eta aurten ez da gutxiago izan. Animo oihuak, aupa eta bibak, baita, oraindik ere, bizkarra emanda paratutako herrikide batzuk ere. Kazetari andana ere bai, kamera pila bat eta ertzainak.

Udaletxeko arkupeetan, Jaizkibel konpainiari harrera egin dioten hautetsien artean Gipuzkoako ahaldun nagusi jeltzalea, Eider Mendoza, EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpurua, talde honetako parlamentari Maddalen Iriarte, Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkide Miren Echeveste, Elkarrekin Podemoseko parlamentari Miren Gorrotxategi, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Manu Lezertua Arartekoa izan dira. Oilo-ipurdia jartzen duten une horietako bat izan da, emozioz kargatua.

Elizako eskaileretara iristean ere bai. Igor Enparan Abotsanitzeko alkate berriak aurrenekoz egin dio harrera Jaizkibeli, eta urrats garrantzitsu bezala ikusi dute hori konpainia parekidean. Gatazka piztu zenetik EAJk gobernatu du herrian, eta sekula ez du bat egin konpainia berdinzalearekin.

Halere, bai alkateak bai Mendozak alarde baztertzaileari ere egin diote oles. Arartekoak, berriz, soilik Jaizkibel agurtu duela nabarmendu du, aurreko egunetan kontrakoa agertu baita hedabide batzuetan.

Behin Kale Nagusitik aterata, nerbioak apaldu eta lasaiago segitu du desfileak aitzinera, Hondarribiko paraje ederretan barna, eguna hasten sentituz, eguzkiak gero eta indartsuago jotzen duela. Arma Plaza bete du aurten konpainia parekideak.

San Nikolas zubian, alarde parekide baten alde dauden herritarrek pankarta eskegi dute Jaizkibel konpainia azpitik pasatzen zen momentuan, Sainduarako bidean. «Hau ez al da guztiona?», galdera plazaratu dute. «Eutsi, Jaizkibel», aupatu.

Jaizkibel: «Aurrerapausoak izan dira, baina borrokak jarraitzen du»

Desfilea amaitu ondoren, Nora Ferreira Jaizkibeleko kapitainak eta Ane Garcia konpainia honetako kideak kazetariekin hitz egin dute. «Oso pozik gaude. Goiza oso polita izan da. Urtero geroz eta jende gehiago gara Jaizkibelen. Mila pertsona inguru izan gara aurten. Jende asko dago urtero desfilatzen eta jende asko dago txalotzen ere espaloietan».

Lehengo aldiz Gernikako Arbolatik abiatzearen garrantzia azpimarratu dute. Beste konpainiatako kide askok txalotu dituztela ere azaldu dute. «Eta hori Jaizkibelentzat oso positiboa da».

Honekin batera, lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin diela baloratu dute. Dena den, alarde baztertzaileari ere harrera egitea «ez dela hautu neutro bat» gaineratu dute. «Segregazioaren aldeko jarrerak eta gure herrian banaketa eta bazterkeria bultzatzen duen talde bati harrera egitea da», salatu dute.

«Aurrerapausoak eman dira, baina gure borrokarekin jarraituko dugu, emakumeen eskubideen alde. Duela 26 urte atera zen Jaizkibel hau eskatzen eta alardea publikoa, bakarra eta parekidea izatea nahi dugu», aldarrikatu dute.

Emakunde: «Agertoki bat irekitzen ari da»

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak urte gehiegi geldirik daraman gatazka desblokeatzeko egiten ari diren keinuei eman die balioa, eta positibotzat jo du «lehen aldiz Udalbatzak Jaizkibel hartzea».

Elgarrestaren ustez, «agertoki berri bat irekitzen ari da», eta espero du «keinu berritzaile hori Hondarribiko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzea bermatzeko urratsak egiten jarraitzeko motor bihurtzea». Elkarrizketarako gune eta zubiak irekitzen dituzten keinu guztiak baloratzen ditu Emakundek, eta uste du harrera instituzionalarekin «Jaizkibel konpainiari eta emakumeek festan berdintasunez parte hartzearen aldeko aldarrikapenari aitortza» egiten zaiola.

EH Bildu: «Baztertzailea eta parekidea maila berean kokatzen dituzte»

Maddalen Iriarte EH Bilduren parlamentariaren arabera, berriz, «akatsa da», Eider Mendoza ahaldun nagusiak egin duen bezala alarde baztertzailea eta parekidea maila berean kokatzea.

«Berdintasunaren kontrako jarrera baten konplizeak bihurtzen ditu. Berdintasunaren alde egiten jarraitu behar dugu», gaineratu du.

Halere, Iriarteren arabera «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dira.

Alardeak ez du baimenik eskatu

Garoa Lekuona koalizio abertzaleko Hondarribiko zinegotzia baikor mintzatu da: «Konponbiderako oinarriak jarri dira gaur, eta gu ere momentu historiko horren parte izan gara, elizako eskaileretan egon gara alkatearen harrera ofizialean».

Keinuen urte honetan, ez gustukoak ere izan dira. «Uste genuen Eider Mendozak egindako ahalegin honetan Hondarribiko EAJk beste modu batera jokatuko zuela, baina ez da hala izan eta argazkian falta zen. Horrek adierazten du zergatik daramagun 26 urte arazo honekin, inork ez diolako erantzukizun politikorik eskatu orain arte Hondarribiko EAJri».

Bihartik aurrera elkarrizketa mahai bat martxan jar dadila desio dute, konponbiderako, legealdi honetan bidea topa dezaten zoriontasunez eta adiskidetasunean jaiak elkarrekin ospatzeko. Sinetsi nahi dute keinuek lurra mugitu dutela eta legealdi hau konponbidearena izan daitekeela. «Momentu honetan Udalean gehiengoa gara, Abotsanitzeko zazpi zinegotziak eta EH Bilduko biak, alarde publiko, parekide eta bakarraren aldarriari eusten diogunak».

Garrantzia eman dio aurten udal mailan talde politiko guztiek lortu duten adierazpenari, elkarrizketari helburu bat jarri diotelako: «Elkarrizketa horrek legealdi honetan bideratu dezala hondarribitarrok irailaren 8 zoriontsu eta adiskidetu bat pasatzea».

Hainbertze zalapartarekin oharkabean pasatu den detaile bat aipatu du Lekuonak: «Ohi bezala, Alarde Fundazioak ez du gaurko baimena eskatu, Alarde Fundazioaren izaera bera ere auzitegietan dagoelako. Horren berri izan da EH Bilduk Udalean egindako lanari esker».

Elkarrekin Podemos: «Berdintasunaren alde»

Elkarrekin Podemoseko parlamentari Miren Gorrotxategik ere berdintasunean oinarrituriko alarde publiko baten alde egitearen beharra nabarmendu du.

Honekin batera, Igor Enparan alkateak harturiko jarrera txalotu du. «Erakundeak kolore politikoz aldatzen direnean zenbait gauza aldatu egiten dira. Agintaldi honen amaieran Hondarribian alarde parekidea izateko aukera zabaldu da».

Alkatea: «Urrats txikiak egin ditugun sentsazioa daukat»

Igor Enparan Hondarribiko alkateak Alarde diskriminatzaileari harrera egin ondotik egin ditu adierazpenak. «Duela urte askotako oroigarri bat jai bilakatu dugu eta jai hau ondarea da guretzat, babestu beharrekoa. Bai emakumezko, bai gizonezko bai genero batekin edo bestearekin identifikatzen ez direnek parte hartzeko eskubidea dute. Urrats txikiak egin ditugun sentsazioa daukat, alderdi guztiak egon gara lehen aldiz harrera instituzionalaren gunean, gatazka piztu zen urteaz geroztik, eta harro nago, nahiz eta ezberdin pentsatzen dugun, gai izan garelako momenturen batean edo bestean eremu berdina partekatzeko», erran du.

«Herritar guztiek merezi dute harrera egitea», azpimarratu du, bere deialdiari erantzun dioten erakunde eta ordezkariak eskertzearekin batera.

«Alarde bakarra noizko?», galdetuta, hori herritar guztien artean adostu beharko dela erantzun du. «Niri gustatuko litzaidake lehenbailehen adiskidetzea eta adiskidetzen garen egun horretan ziur nago alarde bakarra bizituko dugula, herri bakarra garelako eta komunitate bakarra osatzen dugulako hondarribitarrok», adierazi du herriko makila eskuetan. Burgomaisuari makila emateko keinu sinbolikoa ez da posible oraindik, eta hori gerta dadin lan eginen duela azaldu du.