Iraitz Mateo

Ereinek 2021eko eta 2022ko Gabriel Aresti lehiaketako ipuin irabazleak argitaratu ditu

Bilboko udalak antolatzen duen Gabriel Aresti Sarien XXXVIII. eta XXXIX. edizioetako ipuin irabazleak bina liburutan argitaratu ditu Erein argitaletxeak. Liburu batean euskarazko sei narrazio sarituak, eta bestean gaztelerazkoak.

Maite Arruti, Juan Mari Atutxa eta Uxue Razquin liburu aurkezpenean.
Maite Arruti, Juan Mari Atutxa eta Uxue Razquin liburu aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

Urtero antolatzen du Bilboko udalak ‘Gabriel Aresti Bilbao hiria ipuin lehiaketa’. Ereinek 2021 eta 2022ko saridunen narrazioak liburu banatan argitaratu ditu eta astearte goizean aurkeztu dute bilduma Donostian. Uxue Razquin Ereineko editorearekin batera Juan Mari Atutxa eta Maite Arruti saridunak izan dira prentsaurrekoan beraien narrazioen berri ematen, eta beste zenbaitek bideo bidez hartu dute parte. Guztira, hamabi idazleren narrazioak jasotzen dira bi liburutan, bata gazteleraz eta bestea euskaraz.

‘Mandragorak eta azeri buztanak’ izenburua jarri zion bere narrazioari Atutxak. Aitortu du ez dela «esperimentuak egin zale» eta horregatik «menperatzen» dituen gaien inguruan idatzi ohi duela: «Mendian ibiltzen naiz eta gustatzen zait Euskal Herriko landa giroa. Etxeak daukan garrantzia janarian, ekonomian, ideologian, kulturan… etxea hortik lotzen hasi nintzen».  

Mandragorak eta azeri buztanak izenburura ekarri izana ez da kasualitatea: «Mandragorak sartu ditut lehen ugalkortasunarekin lotzen zelako, emaitzarekin, zerbait emankorrarekin… eta azeri buztanek hustasuna errepresentatzen zuten, daukaguna kentzea…».

Eta horri tiraka, irratian entzundako kopla zahar batzuek ireki zioten bidea: «Gizonak behar badau bere deskantsue/ hartu deiela andrea, zaharra ta antzue/ baldin eta hartzen badau gazte humatsue/ sarri faltako jako beretzat pentsue». 1930 eta 1950 bitarteko garaian kokatu du bere narrazioa, eta abiapuntutzat etxea hartu du: «Etxea da oinarria, eta esan nahi nuen etxeari iraupen bat ematea ez dela hain erraza Biblian esaten diguten bezala».

Idazketari dagokionez, kontatu du bera Gorbeia magalean jaio eta hazitakoa dela, eta beti ahalegintzen dela inguru horretan erabiltzen dituzten hitz batzuk sartzen, ipuin honetan ere sartu ditu hainbat: takada betean, ezkaratza, traganarrua…

Alabaren errealitateak inspiratuta

Maite Arrutik ia kasualitatez topatu zuen idaztearen plazera; lanak behartuta laugarren hizkuntza eskakizuna ateratzen hasi zen,  eta astero idazlanak egin behar zituen. Titulua atera ostean,  idazteko gogoz jarraitzen zuen eta hala jarraitu zuen. Arrutik aitortu du, Atutxaren antzera, ingurukoa hartzen duela gaitzat idazterakoan. Narrazio honetan, alaba zaharrenaren egoera hartu du, ikasten zebilen gradua amaitu osteko momentua.

‘Zer kontatzen ari zara?’ galderak eman dio izenburua Arrutiren narrazio laburrari. Protagonistak merkataritza-gune handi bateko arropa dendan egiten du lan, eta egunero-egunero egiten du topo haria ateratzen zaion jertsearekin, amaieran ere jertse hori agertuko dela, baina beste modu batera aurreratu du, spoilerrik egin gabe.

«Gazteen lan munduko prekarietatea aitzakia bezala hartzen da eta ezpala batzuk ditu beste eremu batzuetan aplika daitezkeenak, gazteek bukatzen dituzte ikasketak, mundua zabaltzen zaie, mila ilusio dituzte eta gero horma batekin egiten dute topo. Zer egin horren aurrean)», laburtu du gaia. Eta gehitu du protagonista kontziente dela bere frustrazioaz, baina horren aurrean ez duela ezer egiten, eta hori askotan gertatzen dela kontatu du, «frustrazioaren aurrean konformatu egiten gara, konformismoa bihurtu da gu eroso egoteko gunea».

Bere narrazioko protagonistari, aldiz, dementzia duen aitonak aldaraziko dio begirada. Aitonak hondartzako hondar aleak kontatzen ditu egunero-egunero egongelako aulkian eserita, zergatik galdetu eta argi erantzun zion aitonak: «Ez baldin badakit zenbat hondar ale sartzen diren kubo honetan, nola jakingo dut zenbat alerekin bete?». Idazleak esan du argudioa bere horretan «absurdoa» dela, baina «ilusio izpi bat» sortzen diola pertsonaiari zerbait egiteko.

Bi liburu, hamabi saritu

Euskarazko liburuak Karmele Mitxelenaren ‘Begi urdinak’, Nerea Arrutiren ‘Lope de Aguirre, traidorea’, Juan Mari Atutxaren ‘Mandragorak eta azeri-buztanak’, Saioa Alkaizaren ‘Zilbor-hestea’, Maite Arrutiren ‘Zer kontatzen ari zara?’ eta Aritz Mutiozabalen ‘Harria’ narrazioak jasotzen ditu. Eta gaztelerazkoan berriz, Belen Sevillanoren ‘Vuelo nupcial’ , Juan Jose Montielen ‘El costado blanco de mi amor’, Alejandro Hernanen ‘Cachorros’, Inmaculada Miralesen ‘En los huesos ’, Raul Hector Lombardiren ‘La inundación de los bajos’ eta Juan Francisco Criadoren ‘Pelo rojo’ ipuinak irakur daitezke.