Kopako lehen kanporaketak hiru euskal talde zelairatuko ditu

Eibarrek CE Europa bisitatuko du, Osasuna Teneriferaino joango da eta Bizkerrek Rayo hartuko du. Partida guztiak asteazken honetan jokatuko dira. Realak, Athleticek eta Alavesek azaroan ekingo diote lehiari.

Txapelketan aurrera egin eta, bide batez, Lezaman sufritutako nahigabea ahaztu nahi du Osasunak Tenerifen.
Txapelketan aurrera egin eta, bide batez, Lezaman sufritutako nahigabea ahaztu nahi du Osasunak Tenerifen. (CA Osasuna)

Liga F noiz hasiko den jakitearen zain jarraitzen dugun bitartean, martxan daude gainontzeko mailak eta Kopa gehituko zaie bihartik aurrera, hiru euskal talderen parte hartzearekin lehen kanporaketa honetan. 1. eta 2. RFEF mailako ordezkariek jarriko dute baloia jokoan, Osasuna eta Bizkerre barne, eta aurreko denboraldian Liga Fra igo ziren Eibar eta Granada gehituko zaizkie. Alavesek, bestalde, iaz maila gorenean jokatu zuenez, azaroan sartuko da lehia, Liga F txapelketako gainontzeko taldeekin batera.

Bidaia luzea egin beharko du Osasunak, Fundacion Tenerife bisitatuko baitu bihar (21.00). Kanarietako taldeak Eibar kanporatu zuen iazko edizioan baina gorritxoen aurrekariak dezente hobeak dira, Tenerifen bertan gainditu baitzuten Juan Grande taldea, txapelketaren bigarren kanporaketan, inoizko ibilbide onenarekin jarraitzeko. Izan ere, eta azken urratsa Bartzelonaren akats bati esker eman zuen arren, Kopako final laurdenetara heldu zen lehen aldiz talde nafarra.

Gorritxoak bide berari ekiten saiatuko dira, bide batez larunbatean Lezaman sufritutako nahigabe ahaztuz, bi goleko aldea lortu ondoren, puntu bakarrarekin konformatu behar izan baitziren Athletic B-ren kontra ligako lehen jardunaldian.

Berdinketarekin hasi zuen denboraldia Bizkerrek ere, Zaragozari egindako bisita 1-1eko emaitzarekin bukatuz, alegia. Bigarren aldiz jarraian parte hartuko dute Kopan eta iazko zorte txarretik salbu –lehen kanporaketan agur esan zuten Liga Fko Alhamaren kontra galduz–, etxean jokatzeaz gain, maila bereko aurkaria izango dute aurrean. Bi jeitsiera jarraian sufritu dituen Rayo Vallecano, hain zuzen ere. 19.00etan hasiko da Boluen madrildarren kontrako norgehiagoka.

1. RFEFn Rayoren lekua hartu berri duen CE Europa bisitatuko du, bere aldetik, Eibarrek (19.00). Aurtengo lehen partida ofiziala izango da gorri-urdinentzat, Liga Fko greba dela eta ez baitzuten jokatu larunbatean Ipuruak hartu behar zuen Madrid CFF-ren kontrako norgehiagoka. Yerai Martinen taldeak ez du orain arte arrakasta handirik izan txapelketan eta, lehentasuna liga bada ere, gorri-urdinek gutxienez lehen bi kanporaketak gainditzea espero dute, Liga Fko gainontzeko ordezkariekin elkartzeko.

Azaroan izango da hori. Azaroaren 8an jokatuko den hirugarren kanporaketan, aurreko denboraldia sailkapenaren bigarren erdian amaitu zuten zortzi taldeak –jaitsi ziren biak barne– sartuko dira lehian. Athleticen eta Alavesen txanda izango da. Reala, aldiz, final zortzirenetan hasiko da, bi aste beranduago, sailkapenaren goiko erdian amaitu zuten gainontzeko taldeekin batera.