NAIZ

Kilometroak jai eguzkitsua Errenterian, 60 urte betetzen dituen Orereta Ikastolaren eskutik

Goiz eguzkitsu batek egin dio harrera Errenterian Kilometroak jaiari, eta asko izan dira goizetik parte hartzen animatu direnak. Gipuzkoako ikastoen 47. jaia da gaurkoa, 60 urte bete duen Orereta Ikastolak antolatuta.

Gazteak, Oreretan, Kilometroak jaian.
Gazteak, Oreretan, Kilometroak jaian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Jendetza biltzen ari da goizetik Errenterian Kilometroak jaiaz gozatzeko. Hasiera ekitaldia egin dute Txirrita Parkean, Emakumeen Etxean. Bertan izan da Jokin Bildarratz Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua, antolakuntzako arduradunarekin batera.

Hirugarrenez ospatzen da Kilometroak jaia Oreretan, eta azken edizio hau Ikastolaren 60. urteurrenarekin bat egiten du. Goiz eguzkitsu batek egin dio harrera ospakizunari, eta guneak jendez betetzen ari dira pixkanaka-pixkanaka.

Lau gune ditu jaiak eta hainbat azpigune, jarduera ezberdinez gozatzeko. Errenteriak duen industria tradizioa nabarmendu du ‘Erriola’ lelopean ospatzen ari den jaiak.

Gernika Plazan, Galleterak izeneko gunea izango da eta ostegi zabalena izango du. Gainerakoak baino ordubete lehenago zabaldu da eta 19.00etan itxiko dute. Bertan kontzertuak izango dira protagonistak: Willis Drummond, El quinto contenedor, Zilibito Records, Trilita eta Dupla taldeak arituko dira. Sona handiko beste proposamen bat dakar egitarauak, Gozategi, Dj Bull eta Esti eta Mikel Markezekin batera.

Arropa, sortzaileak...

Lino da beste guneetako bat. Bertan, musika eskaintzaz gain arroparekin lotutako tailerrak egingo dituzte, eta azoka ere izango da. Sortzaile berriak dira programazioaren beste protagonista nagusiak.

Grafiti eta arte plastikoak, tai xia, zirkua eta pailazoen emanaldiak izango dira egunean zehar gainontzeko guneetan. Izan ere, haurrentzako prestatutako jarduerak azpimarratu dituzte. Azaldu dutenez, haurrek eurek proposatutako ekintzetan oinarritu da egitaraua neurri handi batean, eta zenbait espazio umeek atonduak izan dira.