NAIZ

Arabako 13 behitegi kolpatu ditu odoljario epizootikoaren eritasunak

Bi behi hil eta beste 32 gaixotu dira Araban hemorragia epizootikoaren ondorioz. Kasuak ugaritzen ari dira eta dagoeneko 13 ustiategi daude kaltetuta, Aiaraldean, Arabako Lautadan, Mendialdean eta Gorbeialdean. Aldundia eritasuna kontrolatzen ari da, eta lasaitasun mezua zabaldu du.

Bereziki behiei eragiten die hemorragia epizootikoaren eritasunak.
Bereziki behiei eragiten die hemorragia epizootikoaren eritasunak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jada hamairu behitegi kolpatu ditu Araban odoljario epizootikoaren gaixotasunak. Bi behin hil eta beste 32 eritu dira Aiaraldean, Arabako Lautadan, Mendialdean eta Gorbeialdean. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez, Aldundia «gaixotasunaren eboluzioa kontrolatzen ari da».

Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian ere agertu dira kasuak azken asteetan. Abeltzainak mehatxupean jarri ditu ‘behien covidak’.

Gonzalezek lasaitasun mezua zabaldu du: «Duela bi aste baino kasu gehiago dira, baina eritasunak ez ditu pertsonak kaltetzen. Bereziki behiei eragiten die. Aldundia gaixotasuna noraino iristen den aztertzen ari da, ez baita orokortua izaten ari». Lurraldeko ustiategi zehatz batzuetan azaldu da.

Odoljario epizootikoaren eritasuna nahasmendu biriko bat da. Nagusiki oreinei eta behiei eragiten die. Animalien artean transmititzen da, eltxoen ziztaden bidez. Irailaren erdialdean Lakuako Gobernuak argitu zuenez, ez ditu ez pertsonak eta ez kutsatutako animalietatik eratorritako elikagaiak kaltetzen.

Hartutako neurriak

Foku hauen agerraldiaren ondorioz, Plan Nazional Zoosanitarioak ezarritako neurri murriztaileak jarri dira martxan. Ondorioz, kaltetutako eskualdeetatik datozen behi, ardi eta ahuntzen mugimendua mugatu da eta abereak garraiatzean desinfektatzeko eta intsektuak kentzeko neurriak ere hartu dira.

Lakuako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, Neiker eta Elikaren laguntzarekin, eritasun honen gaineko informazioa zabaltzeko materiala sortu dute, bereziki ganaduzaleentzat.

Era berean, foru erakundeak ganaduzaleen sindikatuekin eta sektoreko elkarteekin bildu dira eta egoerari buruzko informazioa eman dute. Eritasuna goiz detektatzea garrantzitsua dela azpimarratu dute.