Bere zigilua ezarrita, urtebetean Xabi Alonsok gorenera eraman du Bayer Leverkusen

Alemaniako ligako lehen postuan da Bayer Leverkusen, Bundesligako historiako hasierarik onena berdinduta. 33 puntuetatik 31 eskuratu dituzte Xabi Alonsoren (Tolosa, 1981) gidaritzapean. Baloiaren jabetza da tolosarrak taldeari jarri dion zigiluetako bat, baina ez bakarra.

Xabi Alonso Bayer Leverkuseneko entrenatzailea.
Xabi Alonso Bayer Leverkuseneko entrenatzailea. (Marius BECKER | EUROPA PRESS)

Eskarmentuak beti izan ohi du pisu handia entrenatzaile bat edo beste hautatzerako garaian. Bayer Leverkusenek Xabi Alonsoren aldeko apustua egin zuenean, Alemaniako prentsa ez zen oso baikorra; zalantzak zituzten prestatzaile gisara ez zuelako eskarmentu handirik gorengo mailan –aurretik, Realeko bigarren taldea zuzendu zuen bakarrik–. Joan den denboraldian egindakoa aski ez, eta gaur ligan lider da Bayer Leverkusen; Bundesligaren historiako hasierarik onena berdinduta.

Tolosarrak zalantza guztiak uxatzeaz gain, erakutsi du gai dela berak jokalari zela ikasitakoak Bayer Leverkuseneko jokalariei helarazteko. Futbolari gisa, Alonsok estilo oso propioa zuen: taktikoki azkarra zen, jokoa besteek baino lehenago ikusteko abilezia zuen, eta joko konbinatua gustuko zuen. Pase luzeetan sekulako zehaztasuna zuen, eta defentsan ere, ez zuen abiadura baina jokoa interpretatzeko abilezia zuen, eta baloiak lapurtzeko gehienetan aurkariak baino pauso bat aurrerago zegoen.

Bayern Munichen jokatzen zuenean landu zituen joko konbinatuaren oinarrizko kontzeptuak, Pep Guardiolaren agindupean, eta orain, kontzeptu horiek bera jartzen ari da praktikan prestatzaile lanean. Entrenatzaile gisa Alemaniako ligako historiako hasierarik onena berdindu du, hain justu, Alonso berak jokalari gisa Bayern Munichekin 2015-16 denboraldian lortutakoa, Pep Guardiolarekin.

Tolosarrak Bayer Leverkusen Bundesligako gorengo koskan jarri du, 33 puntuetatik 31 bilduta. Partida guztiak irabazi dituzte, eta bakarra berdindu: Bayern Munichen aurka bina berdindu zuten Allianz Arenan. Ligan atzetik da Thomas Tuchelen taldea, bi puntura.

Alonso orain dela urtebete pasatxo, iazko urriaren 5ean, iritsi zen Alemaniara. Taldea, orduan Gerardo Seoaneren gidaritzapean, azken-aurreko postuan itota zegoen; zortzi jardunaldietan bost puntu soilik eskuratuta. Hori gutxi ez, eta Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ziren. Tolosarrarekin lehen partida jokatu, eta Bayer Leverkusenek 4-0 irabazi zion nolanahiko aurkari ez den Schalkeri. 

Hortik, goraka besterik ez du egin taldeak. Joan den denboraldian ligan seigarren amaitu zuten sasoia –Europako postuetan–, eta Europa ligan finalerdietaraino ailegatu ziren; Erromak kaleratu zituen.

Izar handirik gabe

Sasoi honetan, aldiz, harago joan da Bayer Leverkusen Alonsoren eskutik, udako merkatuan munduko izar handirik fitxatu gabe. Granit Xhaka etorri da Arsenaletik; 25 milioi ordaindu zizkion Bayer Leverkusenek Arsenali, eta klubaren historiako fitxaketa garestiena da. 31 urte ditu erdilariak.

Talde gaztea du Alonsok, multzoko batez besteko adina 25,2koa da. Baloiaren jabetza da tolosarrak Bayer Leverkusenen jarri duen zigiluetako bat, baina ez bakarra. Taldearen jokoaren bereizgarrietako bat da lehen metroetan jokaldiak abiadura azkarrean josten dituztela. Eta, horretarako, erdiko hiru atzelariak –Kossounou, Tah eta Tapsoba– giltzarri dira, eta baloi irteeran oso ondo moldatzen dira.

Alboko bi atzelariak –Grimaldo eta Frimpong– oso erasokorrak dira, eta hegal osoa izaten dute aurrera eta atzera egiteko. Barrura ere sartzen dira, erdian jende gehiago pilatzeko, eta hala, nagusiagoak izateko. Grimaldok, gainera, zortzi gol eta sei goleko pase eman ditu. Zenbaki ikusgarriak dira kontuan hartuta ezker alboan aritzen dela. Bere klubean emandako errendimendu onak saria izan du: aurrenekoz Espainiako selekzioaren deialdian sartu da.

Alonsoren taldeak aurkaria goian estutzen du, alegia, bloke altuan presioa egitea gustuko du. Wirtz eta Boniface dira taldeko bi jokalari erabakigarrienak. Bereziki lehena. Wirtzek 20 urte ditu, eta erdi-puntan jokatzen du. Multzoan talenturik handiena duen jokalaria da, zalantzarik gabe.

Bonifacek 22 urte ditu, eta aurrelari petoa da. Ez zuten espero hain azkar hain maila altuan aritzea: jada 11 gol sartu ditu. Union Belga taldetik etorri zen, eta klubak 20 milioi ordaindu zituen harengatik. Ikusitakoak ikusita, diru gutxi dirudi. Golak sartzeaz gain, taldekideentzat ere jokatzen du, eta mugikortasun handia duen aurrelaria da.

Ligan ez ezik, Europan ere hegan dabil Bayer Leverkusen. Jokatu dituzten lau partidetatik laurak irabazi dituzte, eta multzoko lehenak dira. Kopan ere ondo bideratuta daude. Final-zortzirenetarako sailkatu dira, eta Paderborn taldearen aurka jokatuko dute.

«Ez da helburu bat, ondorio bat baizik»

Alonsok identitate berezia eman dio taldeari, eta ziurrenik, Bayer Leverkusenek Alemaniako jokorik erakargarriena egiten ari da. Tolosarraren esanetan, ligan lortu duten errekorra «ez da helburu bat, ondorio bat baizik».

Prestatzailearen izaeraren erakusle dira adierazpen horiek. Bayer Leverkusenera iritsi zenean, azken-aurreko postuan zegoen talde bat gidatzeko ardura hartu zuen, eta ez zen izutu. Orain, taldea gorenean dagoela, ez du gehiegizko poztasunarekin hitz egiten, ezta ere gehiegikeriak esaten.

Kluba 1904an sortu zen, eta 119 urteko historian bi titulu bakarrik lortu ditu: 1998an UEFA txapelketa, eta 1993an Alemaniako Kopa. UEFAko finala Javier Clementek gidatutako Espanyolen aurka irabazi zuten.

Alonsoren bultzadarekin, kluba bera ere, beste norabide bat hartzen ari da. Izan ere, taldea historikoki galtzailea izan da, eta horren erakusle da aspalditik duela ‘Neverkusen’ ezizena. Alemaniako ligan bost aldiz izan da txapeldunorde, eta 2002an Txapeldunen Ligako finalera iritsi zen, baina Real Madrilek eraman zuen garaikurra. Orain, tolosarraren gidaritzapean, klubak aukera bat du talde txapeldun bilakatzeko. Denborak esango du.