Ion Garate-Jon Ormazabal

Gorka Altuna eta Andoni Gaskue, gaztetu bat botileroaren irudi klasikoari

Pilotaren balizko entziklopedia batean, botileroaren kontzeptua ilustratzeko,  esperientziadun gizon baten argazkia topatuko genuke. Ikonikoena, ziurrenik, Retegitarrek Buruz Buruzko 17 txapelak irabazitakoan alboan izan zuten Martin Ezkurra. Biharko finalean irudia oso bestelakoa izango da.

Jokin eta Gorka Altuna, ostegunean Bilbon egin zen material aukeraketaren une batean.
Jokin eta Gorka Altuna, ostegunean Bilbon egin zen material aukeraketaren une batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Zabaleta eta Salaberriaren aholkulari aritzen den Fermin Escudero izan daiteke botilero klasikoen azken aleetako bat. Esku pilota azken urteetan izaten ari den garapenean, hor ere aldaketa handi bat ematen ari da, eta finalean Jokin Altuna eta Peio Etxeberriak aulkitxoan izango dituzten Gorka Altuna eta Andoni Gaskue dira horren adibiderik garbienetakoak.

«Garai batean pilotari guztiek euren konfiantzazko pertsonak izaten zituzten, afizionatuetan edo txikiak zirenetik alboan izan zituztenak, beti hor egondakoak, aita edo entrenatzaileak; eta hori gaur egun aldatu egin da. Peio bera, hasieran Paco Caballerorekin, bere txikitako entrenatzailearekin aritu zen, ondoren bere prestatzaile fisikoak –Carlos Chocarro eta Ruben Ayerra–, baina azkenean gaur egun botilero izateko ere bete beharreko arau batzuk daude –esaterako pilotari profesional ohiek ez dute lan hau egiterik– eta agian horregatik jende gazteagoa gabiltza lan horietan», azaldu du Andoni Gaskuek, NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan. «Gainera, gaur egun pilotariok ordu asko pasatzen ditugu kantxan eta entrenamenduetan, elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta horrek ere pisu handia dauka botileroa aukeratzerako orduan. Nik uste, gainera, zaleentzat ere pozgarria dela hor jende gaztea ikustea».

Umetatik ezagutzen dute elkar Andoni Gaskuek eta Peio Etxeberriak; bien aitak ganaduzaleak eta lagunak izateaz harago, Ultzaman haur gehienak elkarrekin jolasten zuten. Eskolan ere urteren batean elkarrekin aritu ziren, Peio urtebete zaharragoa izan arren, eta Ultzamako pilota eskolan ere partida dezente jokatu zituzten elkarrekin, baita herriartekoan ere.

Abizenak ezkutatu ezin duen moduan, Jokin eta Gorka Altunak erlazio familiarra dute euren artean. Lehengusuak dira eta etxetik bertatik datorkie harremana. Eta pilotarekiko pasio hori zainetan daramatela ere ez da inolako sekretua. Gorka ere pilotan aritutakoa denez, frontoiak ondo ezagutzen ditu. «Ni pilota ikusten hasi nintzenean, normalean botileroa pilotaria baino askoz zaharragoa izaten zen, esperientzia handiagoa zuena. Baina gaur egun pilotari askok beste pilotari bat izaten dute alboan eta, nahi eta nahi ez, honek gaztea behar du. Esango nuke adinaren batez bestekoa asko jaitsi dugula. Batzuetan ematen du aholku bat eman ahal izateko beharrezkoa dela esperientzia handia izatea, edo zaharragoa izatea, pilotariak errespetua izateko, baina polita da ere gazteak lan horietan aritzea. Iruditzen zait dena pilotari eta botileroaren menpe dagoela; elkarren artean konfiantza badago, esango nuke adinak ez duela inolako garrantzirik».

Eta ezin uka altunatarren artean badela konexiorik. Erik Jakaren aurkako finalerdian ikusi genituen bi lehengusuak, mugako egoera batean, pilotarik egokiena zein zen aukeratzean zenbait tirabira. Eta halako txapeldun handi bati kontra egiteko, botileroak ere izaera handia behar du, nahitaez.

Botileroaren bakardadea

Pilotariek zama handia jasaten dute euren bizkar gainean finalen egunetan, begi guztiak haiengan iltzaturik izaten dituztelako. Baina botileroak sentitzen al du presiorik halakoetan? «Igandean, esnatzerakoan, azalduko dira urduritasun horiek. Jokinen lehengusua izanda, botilero ez nintzenean ere, bere partidak asko jarraitzen nituen, eta pilotari hain handi baten ondoan zaudenean presioa badago, bai. Partida bat galdu ondoren beti galdetzen diot nire buruari ea zer gehiago egiterik neukan. Egia da nik ez diodala aparteko garrantzirik ematen botilero lanari, ze nik badaukat gauza bat edo bestea esaterik, baina azkenean egin behar duena pilotaria da. Jokinek normalean oso argi izaten du partida nondik nora eraman behar duen, eta alde horretatik presio pixka bat bai, baina kontrolatua esango nuke», azaldu zuen alegiarrak.

Andoni Gaskue

Andoni Gaskuerentzat, finalak presioa sentitzeko baino, disfrutatzeko eguna behar luke, «baina botileroaren figura beti izan da garrantzitsua pilotaren historian eta erantzukizun pixka bat sentitzen duzu, ze azkenean aulkitik kantxan ikusten ez diren gauza asko ikusten baitira. Botileroek sufrimendua barrutik eraman behar dugu, eta nik behintzat asko sufritzen dut. Saiatzen naiz Peiori urduritasun hori ez transmititzen. Lasaitasuna eta konfiantza ematea da nire lan printzipala, eta Peiok den bezala joka dezan saiatzea», adierazi zuen Larraintzarkoak.

Zein dira, baina, botilero baten zeregin nagusiak. «Pilotaria oso ongi ezagutu behar du, nolakoa den pilotari eta pertsona bezala, ze denok desberdinak baikara. Peio txikitatik ezagututa, lanik handiena hura lasaitzen eta tentsio hori kentzen saiatzea da. Zaila da, zeren final bat ez da egunero jokatzen, eta Peioren lehena izango da», gaineratu zuen ultzamarrak.

Finalaren magia

Esperientzia Tolosaldeko lehengusuen alde dagoela esan genezake, batzuk bizi izan dituzte eta elkarrekin, baina Ultzamako lagunentzat lehena izango da biharkoa. «Lan hauetan ezer ikasi badut, hori finalak erabat partida desberdinak direla da: giroa, inguruan mugitzen dena, prentsa... Egoten den guztia beste edozein partidetatik erabat desberdina dela esango nuke. Ni saiatuko naiz ahalik eta presio gehien kentzen, beste partida bat bezala har dezala. Baina esatea da erraza. Inoiz Jokini pasatu izan zaio, batez ere azkeneko finalean, Elordiren aurka momentu batean ere ez zela oldarkorra izan, eta azken egunetan saiatzen ari naiz mentalizatzen, txapela irabazteko hala izan beharko duela ,eta bere joko guztia atera. Hortik aurrera, Jokinek egin behar du».

Amezketarrak azken aste luze hauetan izandako arazo fisikoek erabat baldintzatutako finala izango da biharkoa. «Beti esaten da, bat frontoira irteten denean ez dagoela aitzakiarik. Eta garbi dago Jokin frontoira irteten bada, jokatzeko baldintzetan egingo duela. Kontua da denok nahi izaten dugula final bat jokatu aurreko bi aste horietan entrenamendu on batzuk egitea, eta Jokinek aukera hori ez du izan. Baina duela bi aste baino hobeto dago. Iruditzen zait sorbaldak ez diola minik emango, eta alde horretatik finala jokatzeko baldintza onetan egongo da. Entrenamenduena beste gauza bat da. Ezin esan %100ean helduko denik, hori jendea engainatzea litzateke eta», azaldu zuen Gorka Altunak.

Horiek horrela, Peio Etxeberriarentzat Altunak hasieran izan ditzakeen zalantzei etekina ateratzea oso garrantzitsua izan daitekeela uste du Andoni Gaskuek. «Batez ere txapelketa nola joan den ikusita, ematen du Jokin Altunari partida hasieratan kostatu egin zaiola berotzea eta lehian  sartzea, eta Peio justu kontrakoa izan da. Bere partida guztietako gakoa izan da oso ondo hastea, eta aurkariei gainetik pasatu izan zaie hasieretan sartu duen erritmo altu horrekin. Baina, noski, Peiok partida ixten ere asmatu behar du, badakigu eta, Jokini oxigeno pixka bat emanez gero, oso irabazlea dela. Badu irabazteko sen hori, eta ezin zaio barkatu».

Bi botileroak bat datoz, euren pilotariari bera den bezala jokatzen saiatzeko esango diotela, gaur egungo Lau eta Erdian pausoa aurrera eman eta kantxaren erdia irabazteak asko errazten duela garaipenerako bidea, eta erabakietan asmatzea oso garrantzitsua izango dela oso argi daukate.

«Peio ondo ikusten dut, bai jokoz, bai fisikoki eta, batez ere mentalki. Uste dut uda honetan hasita, pausotxo bat eman duela aurrera eta konfiantza gehiagorekin jokatzen ari dela, beti oldarkor, bera den bezala, joko alai hori egiten. Baina agian orain hobeto erabakitzen du noiz aurrera egin. Hori ikasten duzunean, heldutasun horretara heltzen zarenean, emaitzak iristen dira, txapelketa honetan bezala. Konfiantzaz gainezka dabil eta aukera oso polita dauka bere lehen txapela janzteko». Altunatarrak saiatuko dira txapelak Amezketarako bidea har dezan.