Bera Bera esperantzara kondenatuta dago, zazpi goleko aldea behar baitu

Igande honetan Bera Berak irabazi egin behar du zazpi goleko aldearekin, Norvegian jokatutako partida berdintzeko. «Gutxienez, beldur pixka bat senti dezatela», esan du Boadak. Alvarezek zenbait gako eman ditu; defentsan oldarkorragoak izatea, eta jaurtitzeko unea ondo aukeratzea, besteak beste.

Bera Berako jokalariak denboraldi honetako partida batean, korroan.
Bera Berako jokalariak denboraldi honetako partida batean, korroan. (Bera Bera)

Esperantzara kondenatuta dago Bera Bera, eta Gariren abestiak dioen moduan, «garaipenik ez da, galtzekorik gabe». Erronka handia izan arren, horri eutsi beharko diote donostiarrek: Norvegian jokatutako partida berdintzeko zazpi goleko errenta behar dute –horrela, zazpi metroetako jaurtiketak bota beharko lituzkete–.

Kolpe handia jaso zuten Solaren aurkako joaneko neurketan (39-32), eta hortik altxatzeko zazpi egun besterik ez dituzte izan; igande honetan jokatuko dute bueltako partida Gascan (12.00etan, ETB1n).

«Gutxienez, beldur pixka bat senti dezatela eta pentsa dezatela: 'Hauek partidaren bila doaz, eta ondo ez bagaude, gaizki pasatuko dugu'. Haiek beldur hori eta zalantza txiki hori sentitzea lortzen badugu, badugu nondik jo», partidako gakoetako bat eman zuen Emma Boadak –Norvegian txukunen jokatu zuenetako batek– EuskalkirolaTBn aste honetan egin zioten elkarrizketan. Solako jokalariek gupidarik gabe jokatu zuten Norvegian; konfiantza handiarekin eta oso oldarkor.

«Asmoa da partida irabaztera joatea. Behin hori lortuta, marjina badugu, ikusi beharko da zer egoeratan gauden»

Imanol Alvarez Bera Berako prestatzaileak joan den ostegunean emandako prentsaurrekoan esan zuen, erronka «zaila» dutela jakitun, taldeak «aukeraren bat» izango duela, eta abagune hori aprobetxatzen saiatu behar dutela, «ez baita luzea izango»: «Asmoa da partida irabaztera joatea. Behin hori lortuta, marjina badugu, ikusi beharko da zer egoeratan gauden eta ea estutzeko gai garen».

Hala ere, Alvarezek aitortu zuen joaneko partidako emaitza iraultzeko aldagai askok bat egin behar dutela: «Ondo egotea, akats gutxi egitea, epaileak kalterik ez egitea, eta zorte pixka bat edukitzea».

Jokalariak, «konbentzituta»

Jokalariak «prest» ikusten ditu, eta garrantzitsuagoa dena, «konbentzituta»; «orain aurkariaren informazio gehiago dutelako, hitz egin dutelako, eta ikusi dutelako gauza batzuk ondo joan zirela».

Horren harira, Alvarez kexatu zen Norvegiako lehia jokatu aurretik, ez zutelako aurkariaren erreferentziarik, «ez bideorik ez ezer», eta beren kabuz bilatu behar izan dutela dena: «Espainiako Federazioak beharrezkoak diren tresna guztiak eskaini behar ditu Europako kanporaketei berme gehiagorekin aurre egin diezaiogun. Beraiek gure partida guztiak Youtuben dituzte; ez gaude baldintza berdinetan».

Bera Berako prestatzaileak gauza bat argi zuen: Sola talde ona dela, baina baita haiek ere. «Ez dut uste kantxan zazpi gol horien aldea dagoenik». Ez da hori argi zuen gauza bakarra; defentsan «oldarkorragoak» izan behar dute, eta «atzeraka azkar korri egin». Erasoan, ezinbestekotzat jo zuen jaurtiketak egiteko unea «ondo aukeratzea».

Irakurketa hori Norvegiako partida jokatu ondoren egin zuen, eta haren ustez, joan den igandeko neurketan ez zituzten «gauza asko gaizki» egin, «bat bakarrik»: «Baloi gehiegi galdu genituen, neurri handi batean, aurkariaren kalitateagatik ere, eta horrek dezente kondenatu zuen taldea».

«Gauza asko ondo» egin zituztela gaineratu arren, partidak «eskatzen zuen mailan» ez zirela aritu adierazi zuen. Bereziki, ermuarrak azpimarratu zuen jaurtitzeko momentuak ez zituztela «ondo aukeratu», eta horren inguruan datu bat eman zuen: aurkariak baino hamar aldiz gutxiago jaurti zutela atera.

Badute non begiratu

Hori kontuan hartuta, eta igandeko partidara begira, Alvarezen ustez, jaurtiketak neurtu behar dituzte, jokoa lasaiagoa izateko, eta, hala, denbora gehiago edukitzeko erasotik defentsarako trantsizio horretan.

Aurkariaren sendotasun bat ere goraipatu zuen: hegalak «oso ondo» defendatzen dituztela, eta hori argi eta garbi ikusi zela joaneko partidan, Bera Berako hegaleko jokalariek ez baitzuten ia baloirik jaso. Norvegiarren jokoaren hiru bereizgarri dira defentsa sendoa, kontraeraso zitala eta alboetan oso nagusi direla.

Igande honetan ez da lehen aldia izango Bera Berak maldan gora dagoen markagailu bat irauli behar duela. Orain dela hamar urte, 2013ko otsailaren 10ean, Poloniako Vistal taldearen aurka, joaneko partidako hamabi goleko errenta berdintzea lortu zuen bueltakoan, Rekopako final-laurdenetarako txartela lortuta. Partida hura ere Donostian jokatu zen.

Talde hartako kapitaina Matxalen Ziarsolo zen, eta bi taldeen arteko agurrean multzoa hauspotu zuen hau esanez: «Goazen partida gozatzera eta irabaztera». Alba Menendez egungo kapitaina talde hartan zegoen. Gaur berari dagokio lekukoa hartzea.