Belaunaldi ezberdinetako bi atzelari sendo, Lau eta Erdiko final-laurdenetan

Master Cupeko Lau eta Erdiko final-laurdena jokatuko dute larunbat honetan Miriam Arrillagak (Aginaga, 2000), Nora Mendizabalen aurka, eta Enara Gamindek (Laukiz, 2007), Goiuri Zabaletaren kontra. Finalerdietara pasatzea baino gehiago, partida on bat jokatu, eta beren maila erakutsi nahi dute.

Irudian ezkerrean Enara Gaminde eta eskuinean Miriam Arrillaga
Irudian ezkerrean Enara Gaminde eta eskuinean Miriam Arrillaga (Arrillaga eta Gaminde)

Miriam Arrillaga eta Enara Gaminde belaunaldi ezberdinetako bi atzelari dira. Lehenak denbora darama pilotan –frontballean ere aritzen da–; 2019an Master Cup-eko Lau eta Erdiko txapelduna izan zen, lehena pilota mistoan, eta 2021ean txapeldunorde; Amaia Aldai gailendu zitzaion. Bigarrenak, iaz egin zuen lehen urtea pilota profesionalean, eta estreinako urtean jada sari handia lortu zuen: Master Cupeko Binakako txapela jantzi zuen, Olatz Arrizabalaga bikote zuela.

Orain arte lortukoari esker, Master Cupeko Lau eta Erdiko zerrendaburuak dira, Aldai eta Arrizabalagarekin batera –gernikarra Leire Garaik kanporatu zuen joan den asteburuan–, eta asteburuan kaiolako aurreneko partida jokatuko dute. Aginagakoak Nora Mendizabal izango du aurkari final-laurdenean, bihar, 18.00etan, Legution. Laukizkoak, aldiz, Goiuri Zabaleta, etzi Arratzun jokatuko den deman (18.00etan).

Gamindek edo Zabaletak Leire Garai izango dute aurkari finalerdietan, eta Arrillagak edo Mendizabalek, Amaia Aldai –iazko txapelduna–. Finalerdiak bi aste barru jokatuko dira, abenduaren 6an, Abadiñon, 12.00etan (ETB1).

Gamindek eta Arrillagak uda «nahiko lasaia» izan dute, iaz baino partida gutxiago jokatuta, eta eskertzen dute horrela egin izana. Aginagakoak iaz uda «nahiko gogorra» izan zuen, Munduko Txapelketa prestatzen ari zelako, eta aurten «lasaiago ibili» nahi zuenez, gutxiago jokatzea erabaki du.

Bide beretik, Laukizkoak adierazi du «deskantsatu» ere egin behar dela, eta gaineratu, astero partida bat jokatu duela edo gehienez bi. Gaminde Mexikon egon da euskal selekzioarekin, eta horregatik ere ez ditu partida asko jokatu.

Beraz, atseden hartuta iristen dira biak Master Cupeko Lau eta Erdira; baina zer aldarterekin? Gamindek aitortu du ez dagoela bere «momentu onenean, baina txarto ere ez»: «Oraindik prestatzeko denbora apur bat dugu, eta txapelketa polit bat egiteko denbora ere bai».

Gamindek, aldiz, ondo ikusten du bere burua. Gainera, «oso pozik» dago joan den martxotik ez duelako eskuko minik izan, ezta partida utzi ere arrazoi horrengatik. Izan ere, «orain arte» neurketa asko utzi behar izan ditu eskuko minagatik.

Atzelaria izanda, jokoa «oso desberdina»

Atzelariak izateak ez du esan nahi kaiolakoan gaizki moldatzen direnik. Arrillagak esan du atzelaria izanik ere «nahiko txukun» moldatzen dela; hala ere, uste du nesketan, atzelaria izan arren, ez dagoela halako «diferentziarik».

«Orain ikusten da aurrelariak maila handiagoa hartzen ari direla, baina momentuz ez dago halako desberdintasunik. Badaude batzuk aireko jokoan hobeto moldatzen direnak, eta egia da atzelariok ez dugula halako gaitasunik. Hala ere, orain arte ondo moldatu naiz; gainera, gustatzen zaidan modalitate bat da, eta ilusioarekin prestatzen dut txapelketa. Ea maila txukuna ematen dudan».

Gaminde: «Indar handia dut [...] eta Zabaletak ni baino teknika gehiago du; horregatik indarrarekin atzean eduki behar dut»

Gamindek ere nabarmendu du atzelaria izanda jokoa «oso desberdina» dela, baina entrenatzen ari dela, eta «gutxinaka-gutxinaka» prestatzen: «Ea partida ona egin ahal dudan, eta irabaztea lortzen dudan».

Txapelketarako helburuez ere mintzatu dira, nor bere ikuspegitik. Laukizkoak adierazi du denon helburua berbera dela: «Txapelketa irabaztea». Eta hori lortzen ez badu ere, saiatuko da txapelketa on bat egiten, eta, batez ere, bere maila erakusten. Hala ere, Gamindek gehitu du irabazten baduela «hobeto».

Aginagakoak ez dio helbururik finkatu bere buruari, «aurrena maila txukun bat» eman nahi duelako: «Asko ari naiz entrenatzen, eta, lehenik, entrenamenduetan dudan maila partidan erakutsi nahi dut, eta galdu edo irabazi, behintzat, partida txukuna egin».

«Zalantzarik gabe», Arrillagak argi du «polita» izango litzatekeela finalerdietan egotea, baina ez du horretan «askorik pentsatu»: «Finalerdietan pentsatzen badut, agian ez diot onik egingo neure buruari. Aurrena aurreneko partida, eta gero ikusiko dugu».

Zabaleta aurrelari fina; Mendizabal atzelari indartsua

Final-laurdenetan Zabalaren eta Mendizabalen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Ez dira enbor bereko ezpalak: bata aurrelari oso fina da, teknikoki oso abila; bestea, berriz, atzelaria eta oso indartsua.

Arrillagak Mendizabal izango du parean; «lagun handia» du, eta batera entrenatzen dira. Beraz, ondo ezagutzen dute elkar. «Defentsan jardunda uste dut biok ez dugula ezer egingo, erasora azkar pasatu behar dugu. Saiatuko naiz ahal dudan abiadurarik handiena sartzen, bera mugitzen eta jokoaren ekimena nik eramaten».

Aginagakoak adierazi du Mendizabal bera baino atzelari «petoagoa» dela, eta berak boteko jokoa «askoz gehiago» lantzen duela. Hori horrela izanagatik, Arrillagak uste du Mendizabal saiatuko dela jokoa atzera eramaten, eta bera, hori ekiditen saiatuko dela: «Abiadurarekin eta azpitik jokatzen».

Gaminde Zabaletaren aurka arituko da lehian, eta leitzarraren inguruan, atzelariak nabarmendu du pilotari «oso ona» dela, «nahiz eta gaztea izan, maila ona» ematen ari dela, eta «lan gogorra» duela aurretik finalerdietara heltzeko. Zabaletak jokatu dituen bi kanporaketak irabazi ditu; lehena, Miriam Arraizaren aurka (22-8), eta, bigarrena, Maddalen Etxegarairen kontra (22-15) final-zortzirenetan.

Laukizkoak argi du zer egin behar duen neurketa irabazteko: atzeko koadroetan jokatu. «Indar handia dut, eta hori aprobetxatzen saiatu behar naiz. Berak ni baino teknika gehiago du, eta horregatik indarrarekin atzean eduki behar dut, eta aukera dudanean aurrean bukatu edo indarrarekin tantoa amaitu».

Finalerdietan aurpegi berriak ikustea, «pozgarria»

Txapelketa jarraitu ez duten arren, emaitzak ikusita, final-laurdenetan «ezustekoren bat» egon dela esan dute, bereziki, Garaik kanpoan utzi duela Arrizabalaga. «Gehienak ez genuen espero. Badakigu Olatz [Arrizabalaga] zer-nolako pilotaria den. Leire [Garai] ere pilotari ederra da. Azkeneko urteetan Olatz ondo dabil, baina Leirek sorpresa eman du, eta badakit final-laurdenak irabaziz gero, finalerdia oso gogorra izango dela, eta Leirerekin lan asko izango ditudala», adierazi du Gamindek.

Bide beretik, Arrillagak ere esan du joan den asteburuan pronostiko batzuk «hautsi» zirela, eta «sorpresak denok» eman nahi dituztela: «Ea hurrengoa ni naizen».

Arrillaga: «Orain aurrelariak maila handiagoa hartzen ari dira, baina momentuz ez dago halako desberdintasunik [aurrelarien eta atzelarien artean]»

Horrez gain, Aginagakoak nabarmendu du «pozgarria» dela aurpegi berriak ikustea finalerdietan: «Beti beraiek dira gailentzen direnak [Arrizabalaga eta Aldai], eta beraiengan dago jarria fokua. Baina atzetik gaudenak ere gogor ari gara entrenatzen, eta beti nahi dugu gora egin, besteak dauden mailan egon. Sorpresak egoten dira eta joan den asteburuan ikusi zen. Ea horrelako gehiago gertatzen diren, pixka bat goran dauden horiei lekua kentzen joaten garen».

Hain justu, Gamindek Aldai iazko txapelduna izango du aurkari finalerdietan, betiere sailkatzea lortzen badu. «Aurkari oso zaila» dela nabarmendu du, baina uste du berak presio «gehiago» izango duela, txapelduna izanagatik: «Niretzat gakoetako bat izango da presioairk gabe jokatzea. Presioak niri ez dit onik egiten; batzuei bai eta besteei ez, eta ni horietako bat naiz. Hor baldin bagaude pozgarria izango da niretzat».