Arnaitz Gorriti

Basket Zaragozako ‘Gasteiz faktoreak’ airean bidali du Lointek Gernika Bizkaia (88-56)

Kutxabank Araskiko jokalari ohi Tanaya Atkinsonen 18 puntu eta 7 asistentziek, eta Nerea Hermosa pibot gasteiztarraren 11 puntuek zeresan handia izan dute bizkaitarrek hartu duten belarrondokoan. Uztaipean ezinean aritu dira gernikarrak eta Berger gabe, eta azkenean egurra jaso dute.

Sofia Da Silva, uztaipean aukerarik gabe, urrutitik ahalegindu behar izan da saskiratzerik lortzeko.
Sofia Da Silva, uztaipean aukerarik gabe, urrutitik ahalegindu behar izan da saskiratzerik lortzeko. (Esther CASAS)

BASKET ZARAGOZA 88 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 56

«Gasteiz faktorea» aurka izan du igande eguerdi honetan Lointek Gernika Bizkaiak, Basket Zaragozari egin dion bisitan. Tanaya Atkinson Kutxabank Araskiko izar ohia eta Nerea Hermosa 22 urte eta 1,96 metroko pibot gasteiztarra ezinbesteko faktoreak dira bizkaitarrek jaso duten belarrondokoa ulertzeko. 18 puntu eta 7 asistentzia banatu ditu hegaleko iparramerikarrak, eta jokalari arabarra, berriz, 11 punturekin, uztaipean nagusi izan da –eta are nagusiago izango zatekeen epaileek «jokalari gazteen bidesaria» ordainarazi ez baliote pertsonalen bidez–.

Horrez gain, Lucas Fernandezen taldeak erreboteetan ezin izan du Aragoiko taldearen kemenik berdindu –21 errebote pilatu dituzte bizkaitarrek; 39 mañoek–, eta bigarren laurdenean, Zaragozako Ainhoa Lacorzanak orkatila okertu eta ikusleak sutu diren unetik aurrera –Gernikak jokorik geratu ez duelako, nahiz eta erabaki hori ez dagokien jokalariei, txintik atera ez duten epaileei baizik– gero eta aldapatsuago egin zaie Zaragozako partida, azkenean 32 puntuko aldeaz galdu arte.

Hasieran ondo, baina hotzegi

Aurreneko bost minutuetan markagailua ez da askorik mugitu, 2-5 aurreratu baitira gernikarra; tamalez, esan beharko, Zaragozak uztaipean ere kale egin baitu aurreneko minutu horietan, hotz xamar ekin diolako partidari. Baina bizkaitarrak ere ez dira askoz finago hasi, eta gainera Vega Gimenok erasoko errebotean egin duen lana dela-eta, ezin izan dute alde handiagorik hartu.

Noizbait hasi dira baloiak uztaian barrena sartzen eta Zaragozak hirukoz hiruko asmatu du gainera, aurreneko laurdena 19-13 amaitu delarik.

Grace Berger gabe, azken orduan baja izan baita, Crystal Bradford azaldu behar izan da Lucas Fernandezen taldearentzat puntuak lortzeko. Alabaina, Aragoiko taldean Nerea Hermosa azaldu da uztaipeko erregina balitz bezala. 22 urteko pibot gasteiztarrak zortzi puntu sartu ditu bigarren laurdenean, denetarikoak gainera: uztaipean, erasoko errebotea hartu ostean, lau metrotik, blokeoaren jarraipena eginda... Eskerrak Bradforden talentuari eta jaurtiketa libreei markagailuan eusteko.

Bigarren laurden honetan jazo da ere partida aldatu duen jokaldia. Ainhoa Lacorzanak orkatila okertu du Laia Flores zapaldu ostean. Gernikako antolatzaile katalana kontraerasoan atera da Lacorzana lurrean egonagatik, ikusleen haserrea piztuz, baina Laia Floresek zuzen jokatu du, epaileak baitira jokoa geratu dezaketen bakarrak, ez jokalariak, eta epaileek ez dute gelditzekorik agindu.

Giroa dezente mikaztu da jokaldi horren ondotik, eta jokalariek ere nahi baino kale gehiago egin dituzte; gernikarren kasuan, uztaipean eta jaurtiketa libreetan batik bat. Talde mañoari dagokionez, berriz, Tanaya Atkinson Araskiko jokalari ohiak bere indarra baliatu du saskirako bidea aurkitu eta aldea berriz ere zabaltzeko: 38-29 atsedenaldian eta Crystal Bradford zale zein arerioekin komeni dena baino pipertuago.

Gero eta zailago

Zaragozak, giroa lasaiago dela, 5-0eko partzialarekin ekin dio bigarren erdiari, eta hasiera baten partzial horri erantzun dion arren, beste partzial bat jaso du talde gernikarrak hurrengo minutuetan.

Hirukoetan ezin nahi beste asmatu eta errebotean ere etxekoak nagusi izan dira. Nerea Hermosaren beste saskiratze batek, 9-0ko partziala, 52-34 laga du markagailua hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan.

Zonakako 2-3 defentsa ezarri du Lointek Gernika Bizkaiak 18 puntuz behetik aurkitu denean. Hasiera baten ez zaio gaizki atera saiakera, eta erasoan, berriz, Sara Madera eta Itziar Ariztimuñok partzial txiki bat erdietsi dute, baina Holesinskaren hiruko batek partida 58-42 laga du azken laurdenaren faltan.

Gainbehera

«Gasteiz faktorea» izan bada partida etxekoen alde irauli duena, azken laurdenean ikusi da garbien: 10-2ko partziala aldea 20 puntutik gora luzatzeko, tartean Tanaya Atkinson Araskiko jokalari ohiaren erakustaldia, berdin defentsan eta barneraldietan, baina baita hirukoetan. Lucas Fernandezek hutsartea eskatu behar izan du, baina markagailua 68-44 zela, mirariak Lourdesen, eta gutxitan. Are gutxiago Holesinska, pasa den denboraldian Kanaria Handiarekin Emakumeen Endesa Ligako saskiratzaile nagusiena, hirukoak sartzen hasten bada: 73-44.

Azken zazpi minutuak sobera izan ditu neurketak, zoritxarrez. Izan ere, Zaragozakoen abantaila 30 punturaino iritsi da, Holesinskak 82-52koa sartu duenean. Eta baita 32 ere, Leyre Urdiain gazteak –jatorri nafarra, baina Zaragozan bertan jaioa– 88-56koa sartu duenean.

Egun txarra gernikarrentzat, zalantzarik gabe, nahiz eta sailkapen nagusiko goialdean jarraitu. Orain bizkaitarrek asteazkenean Sosnowiec talde poloniarraren aurkako partidan pentsatu beharko dute, baita Grace Berger itzultzea ere datorren igandean 12.00etan Kutxabank Araskiren aurkako derbia jokatu aurretik.

FITXA TEKNIKOA

ZARAGOZA: Ortiz (8), Tanaya Atkinson (18), Fiebich (12),  Gimeno (10) eta Diallo –hasierako bostekoa–, Geldof (3), Holesinska (18), Gulbe (2), Lacorzana (2), Nerea Hermosa (11) eta Leyre Urdiain (4).

GERNIKA: Itziar Ariztimuño (4), Roso Buch (4), Gabby Nikitinaite (12), Marie Milapie (6) eta Sofia Da Silva (5) –hasierako bostekoa–, Sara Madera (10), Laia Flores (3), Marta Alberdi (2) eta Crystal Bradford (10).

Epaileak: Zafra Guerra, Palanca Page eta Gomez Hernandez. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 19-13, 19-16, 20-13, 30-14.

Gorabeherak: Grace Berger baja izan da hatz batean dituen arazoak direla-eta. Lacorzanak min hartu du orkatilan.