Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Sorkuntza bidearen bakardadetik hartzaileen beroa jasotzera

Bakartia izan ohi da idazlearen sorkuntza bidea. Musikarien kasuan, taldekideak izan ditzakete ondoan, bidelagun. Azoka gauza asko da. Bada enkontrua, bereziki sortzaileena eta hartzaileena. Transmisio katean begi.  

Karmele Jaio, irribarretsu, ‘Maitasun kapitala’ liburua zaleei sinatzen.
Karmele Jaio, irribarretsu, ‘Maitasun kapitala’ liburua zaleei sinatzen. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Lehen hiru egunetako eztandaren ondoren lasaiago doa larunbata Landako gunearen barruan. Karmele Jaiok laugarren eguna du ‘Maitasun kapitala’ (Elkar) erostera hurbildu zaizkion jarraitzaileei liburuak sinatzen. Boligrafoa hartu eta eskuz mezu txiki bat idazten. Hauxe da literatur azoken liturgietako bat. Irakurleen ilara zain du.

Urtean zehar hitzaldiak eta azokak baliatzen ditu irakurleekin elkartzeko. Feed-back. Etxeko intimotasunetik jendetzara. Batzuetan hotza izan daitekeen sorkuntza prozesutik hartzaileen berotasunera.

«Kontrastea handia da. Idaztea oso lan bakartia da. Berdin irakurketa. Nire intimitatean idazten dut, irakurleak bere intimitatean jasotzen du. Eta hemen bi intimitateak elkartu egiten direnez momentu inportantea da. Bestela oso zaila da zure liburua irakurtzean irakurleak zer sentitu duen ala pentsatu duen jakitea. Bereziki aurreko lanak aipatzen dizkidate, berria oraindik irakurri gabe baitute».

«Asko etorri zaizkit nire aurreko liburu guztiak irakurri dituztenak. Sekulakoa da. Oso gustukoak dituztela eta espero dutela ‘Maitasun kapitala’rekin ere gauza bera gertatzea; niretzat oso inpaktantea da».

Zaleen profila ere bertatik bertara ikus dezake. «‘Aitaren etxea’ idatzi nuenetik gizon gehiago gerturatu dira nire liburuetara. Aldaketa oso garbi nabaritu nuen, agian gaiarengatik. Oraingoan gaia denei zuzendua da eta gizonezkoek ere etortzen jarraitu dute. 50-60 adin tarte horretan irakurle asko ikusten ditut eta gazteak ere bai, horien artean agian gehiago neskak». Sinatzen utzi dugu.

Jarraitzaileen perspektiba

Bulegok egunero izan ditu ilarak, sinaduraren eta argazkiaren zain. Nerabe eta gazte ugari Tomas Lizarazuren, Ruben Lizarralderen eta Xabi Arrietaren zain gaur. «Oso gustukoa dugu Azoka. Izan ere, urte guztian zehar ez dugu izaten aukera gehiegirik jarraitzaileekin bertatik bertara hizketan egiteko eta Azokak eskaintzen du horretarako aukera. Beraien istorioak entzutea dugu gustukoa, kantuek ze oroitzapen ekarri dizkieten edo barruan zer piztu dieten entzutea. Guk eszenatokitik gauza bat bizi izan dugu baina beraiek jarraitzaileen tokitik dagoen perspektiba ematen digute. Oso nekatuta bukatzen ditugu egunak baina era berean oso aberasgarria da, bizipen ederrak entzuten ditugu», esan digu Lizarazuk.

‘Segi dezagun ametsetan’ dio dedikatoriak. «Bere garaian ezagunena izan zen gure kantuak horrela zioen. Gure leloa da. Musikan ahalik eta lan gehiena egiten ari gara gauzak aurrera ateratzeko, ametsak betetzen ari gara eta aurrera segi nahi dugu ametsak bizirik mantentzen eta amesten».

Aurtengoa dute lehen Azoka ‘normala’ musikari bezala. «Lehen diskoa pandemiaren urtean izan zen eta iaz ez genuen lanik atera», gogoratu dute.

Esne Beltzako kide berriak, Lova Loisek, bere lehen Azoka du salmahaiaren barruan. «Esperientzia oso ona ari da izaten», dio. Proiektura taldearen azken txanpan gehitu izanagatik ere pozik dago. Esne Beltza agur esatera doa. «Polita da, niretzako sekulako aukera da. Aurten sartu naiz eta kontzertu piloa egingo dugu azken biran, festa erraldoia izatea nahi dugu. 2025ean izango da azken kontzertua eta kristoren jaia izango da», gaineratu du.

Amorante Plateruenan, zuzeneko emanaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Huntza ere agur bira betean dago. Azokari ere agur esango diote. Peru Altube eta Inhar Eskisabel aurkitu ditugu standean. Liburua jarri dute bertan, zaleek euren mezua idatz dezaten, ibilbidea amaitu aurretik. «Polita izango da idatzi dutena irakurtzea», diote. Penaz hartu dute jarraitzaileek taldearen amaiera. «Segitzeko esaten digute. Guretzako ere alde batetik pena da, baina egindako hamar urteek pisua dute gugan. Oso gazte hasi ginen eta hasieratik ibili gara topera, nekatu egiten du».

Dena den, gazteak dira eta taldeko gehienek ez dute musika alboratzeko inolako asmorik.

Chill Mafiako Flako Funkyren esanetan kontzertuak ez dira abagunerik egokiena zaleekin hitz egiteko. «Nahiago dut giro lasaiagoa jendea ezagutzeko».

Zaleen aldetik, denetariko mezuak. «Batzuetan esker ona ematen digute, besteetan kritikaren bat ere jasotzen dugu; denak dira merezitakoak», onartu du irribarre artean.

Alex Txikonek ezin

Alex Txikonek ere bere jarraitzaileak aurrez aurre aurkeztu nahi zien online bidez bada ere ‘Manaslu neguan’ liburua. Baina ez da posible izan. 16.04 ziren bizkaitar alpinista pantailan agertu denean Landakoko areto nagusian. Annapurnatik zuzenean. Aklimatazio fasean da bertan, igoeraren saiakera egin aurretik. 3000 metrotan daude uneotan. Berehala desagertu da irudia, hitzik egin aurretik. Teknologia ez du lagun izan.

Sua argitaletxekoek alternatiba B prest zeukaten. Iñaki Alvarez zegoen bertan. Bi espediziotan parte hartua da Txikonekin. Urtarrilaren 6an egin zuten gailurra Manaslun. Espedizio gogorra aurrekoak bezala, neguan egindako denen gisan. Ia uneoro bere buruarekin hizketan ari da Txikon argitalpen berrian.

Annapurnara ez da animatu. «Hirugarren saiakera litzateke, ez joatea erabaki dut», azaldu die aretoan bildutakoei.

Egoera gogorrei nola aurre egin? «Horretara joan zara, heriotza gertutik askotan ikusi dugu, etxera bueltatu ez diren lagunak baditugu. Badakizu zu izan zaitezekeela baina ez duzu horretan pentsatzen, bestela ezingo genuke joan. Bueltan bai, atzera begira jarri eta ‘merezi du dena jokoan jartzea tontorrera igotzeko?’, galdetzen diozu zure buruari», aitortu du.

«Alexek, une batean, egoera nahiko beltza ikusten genuenean, igo ala ez erabaki behar genuenean, ‘urte eta erdiko umea daukat’, esan zidan. Atzera egin genuen une hartan. Eguraldia hobetzean egin genuen aurrera», gogoratu du.

Ondoren, bideoz Txikonek azaroan Elkarreko Bilboko dendan grabatutako hitzak entzun dira aretoan. «Beti aurreratu behar izaten dugu zer gerta daitekeenari, oraingoan ere bai.

Liburuaz, zera esan du: «Liburu borobila da. oso gustura geratu naiz, pasarte politak biltzen ditu. Mendian ni baino adituagoa denik izango da Azokan, baita literararioki ere trebatuagoak direnak ere, gu ez bait gara idazleak, baina ekarpena egiten diogu gure kulturari eta hizkuntzari».

Alpinistak erderaz idatzi eta euskarara ekarria da argitalpena. Hori bai, hurrengoa euskaraz sortuko duela agindu du Txikonek.

Txikienen artean zaletasuna sustatzen

Etxeko txikienek ere badute zer aurkitua. Landakon txoko berezia dute aurtengo haur literaturako nobedadeek. Lurrean eserita aurkitu ditugu umeak, begiak zabal-zabal, orri artean gustura, inguruko saltsatik abstraituta.

Haize Badiola bere alabekin dago. «Haurrak txikiagoak zirenean gehiago etortzen ginen Saguganbarara espazio handiagoa izanik lasaigo egoteko aukera ematen baitu. Baina nobedadeak hemen daude. Berria zer dagoen ikus dezakezu, liburua hartu, ikusi...», dio.

Urtero etortzen da Azokara. «Txikiak izan aurretik egiten genuen eta ondoren ere bai. Oso irakurleak dira alabak».

Plateruenan, musika eta literatura festak ez du atsedenik. Amorante, Leihotikan, Rukula, Feline eta Ibil Bediren zuzeneko emanaldiaz goza daiteke egunean zehar Ahotsenean.

Aipatzekoa Leihotikan taldearekin batera, abesti batean, Gorka Urbizu igo dela agertokira gitarra jotzera. Berak hartu du ekoizpenaren ardura, Gor disketxearen itxierak bultzatuta autoekoizpenean ondu baitu taldeak lan berria.

Azoka ez da Landakon bukatzen. Eskaintza zabala dago Durangon zehar. Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak Euskal Eskulturaren lehen Azoka atondu du Durangon. Basarte. 80 artista inguruk, gazteak naiz ibilbide handiko eskultoreak tartean, bat egin dute Euskal Eskulturaren gaur egungo unea erakusteko Gandarias Aretoan, 500 metro karratu baino gehiagoko espazioan, Azokatik ehun metrora kokatua.