Uxue Alberdi Estibaritz

Ahoz esanak, belarriz jasoak, idatziz emanak

‘Belarriko kilkerra’ liburuan argia ikusi duten hainbat marrazki eta bidean egindako eskemak.
‘Belarriko kilkerra’ liburuan argia ikusi duten hainbat marrazki eta bidean egindako eskemak. (Begoña DURRUTY)

‘Enpeñatzia ez bada libre, alperrik dugu indarra’ dio kanta ezagunak. Hala ere, bizitzak erakusten du enpeñatzea, tematzea, gauzak egoskorrean egitea baino hobe izaten dela, gehienetan, gauzen ardura hartu bai, baina haiei bide egiten uztea. Enpeñatu gabe baina intentzioz lan egitea, alegia, edo alderantziz: intentzioz, baina enpeñatu gabe.

Ipuinei ez zaizkie ‘idatziko haut, ba!’ edo ‘aterako haiz, ba!’ bezalako behartzeak gustatzen, ihes egiten dute estutzen dituztenen atzaparretatik. Txoriari ‘kantatu!’ agintzen dionak ez du txoria ulertzen. Ez du txoriaren arrastorik batere. Idazleak erne behar du, ehizara atera den katuak bezala, adi baina zain, ez ipuinaren atzetik desesperoan korrika. Istorioei ez zaizkie gustatzen imajinaziotik Eskalibur ezpata harritik nola aterarazi jakin nahi duten idazleak. Utikan, harro halakook! Silviok badu letra bat esaten duena ‘hay una canción que se va cuando llego’. Horixe: tematu zaitez kantu baten, ipuin baten, istorio baten bila, eta alde egingo dizu.

Silviok badu letra bat esaten duena ‘hay una canción que se va cuando llego’. Horixe: tematu zaitez kantu baten, ipuin baten, istorio baten bila, eta alde egingo dizu

Erretolika hau zertara datorren? Belarriko kilkerra liburu akzidental bat delako, ia deskuiduan sortua, beste ezpata bat harritik atera nahian nenbilela. Askatzea lortzen ez nuen ipuin luze batekin tematuta nenbilen, halako batean, aitak itxialdi garaian bidali zizkigun ahots-mezuekin akordatu nintzenean.

Seme-alabak, aita bera eta ni neu entretenitze aldera, denok ere elkarrengandik gertuago senti gintezen, aitari mezu bat bidali nion itxialdiaren hasieran, eskean: ‘Aita, bidaliko al dizkiguzu grabatuta zure umetako kontuak? Lagunarteko anekdotak eta bihurrikeriak, seminariokoak, soldaduskakoak eta halakoak?’. Eta gure familian esanekoak eta temoso samarrak garenez, egunero-egunero eta hutsik egin gabe bidali zigun aita-aitonak 10 minutu inguruko ahots-mezu bat, 60 bat egunez, 60 bat grabazio guztira. Ez da kasualitatea denbora galtzeko geneukan unean piztu izana, hain justu, kontaketarako abagunea. Denbora elkarrekin bete beharrak bihurtzen gaitu kontalari.

 

(Begoña DURRUTY)

Hainbat istorio, pasadizo, esplikazio eta oroitzapen zeuden grabazio haietan, lehendik ere ezagunak gehienak niretzat, batzuk oso dibertigarriak, hunkigarriak zenbait. Eta proba egin nuen gehien gustatzen zitzaizkidanak idatziz jartzen, ea paperean nola ematen zuten, ea ahozkoaren grazia eta txinparta mantentzea lortzen nuen.

Ariketa gustatu, eta istorio gehiagoren bila hasi nintzen. Nire inguruan kontalari trebetzat nuen jendea xaxatu nuen. Egin nien eskariak bazuen baldintza bat gerora bazter uztea erabaki genuena. Izan ere, aitaren ahots-mezu haietako zenbait gorputz atalen batekin lotuta zeuden: dinamitarekin bi atzamar galdu zituen lehengusuaren istorioa, lagunek hamaiketakorik gabe utz ez zezaten hortza postizoak kazolara jaurti zituenarena, begian kanika zuen osaba apustuzalearena… Eta hortxe ikusi nuen amua tiratzeko aitzakia. Gorputz-ataletan banatutako liburu bat imajinatu nuen: begiak, bihotza, gibela, hortzak, barrabilak, sudurra, oinak, mingaina, alua…, eta haiekin loturiko kontakizunak segidan. Halako zerbait zioen kontalari posibleei bidali nien mezuak: ‘Gorputz atalen batekin –berdin kanpoko zein barruko– nolabaiteko lotura duen istorio edo pasadizorik bururatzen zaizu? Edozein koloretakoa: dibertigarria, beldurgarria, nazkagarria, dramatikoa… kontatzea merezi duena’.

Airean arrantzatu nituen zenbait istorio, eta kontakizunekin batera, baita hainbat kontaera ere, beren musika, prosodia, sintaxi, elipsi, enfasi, pausa… eta abarrekin. Ahotsak.eus web-orria arakatu nuen goi eta behe, ezker-eskuin, bozak belarrietan dantzan. Eta kontalari abilak nahi gabe egiten duen guztia paperean erreproduzitzen saiatu nintzen: inporta duena kontatzen eta gainerakoa isiltzen, hitz ordenarik eraginkorrena hautatzen, istorioak behar duenean bizkortzen edo moteltzen, elkarrizketak ondo ematen, arintasunik ez galtzen, testuingurua hitz gutxitan marrazten, amaiera inteligentziaz errematatzen… Ipuin bakoitza izan zedin berba-habia bizi bat, soiltasunak eta esan-indarrak ezaugarriturikoa.

Belarriko kilkerra poz eramangarri bat izan da niretzat, aurikularren tamainakoa. Gutxitxo aipatzen ote den kontaketaren poza, ahoz ondo emandako istorioek belarrian sortzen duten kilima gozoa

Ibilian ohartu nintzen kontakizunok gorputz-ataletatik harago zihoazela, eta liburua beste era batera antolatu beharra neukala. Orriotan mende bete hartzen duten pasadizoak daude elkarren aldamenean, elkarri igurtzika. Eta ipuinok ari dira goseaz, minaz, inozentziaz, jolasaz, askatasunaz, petralkeriaz, inbidiaz, bizi iraupenaz, imajinazioaz, biolentziaz, maitasunaz, beldurraz…

Ehun edo berrehun istorio entzun ostean, gehien gustatzen zitzaizkidanak hautatu, eta 60 kontakizun bildu nituen Belarriko kilkerran, denak ahoz esanak, belarriz jasoak eta idatziz emanak. Lau ataletan antolatu nituen:

‘Marrubi-lapurretan’ izenekoan, eskua luzatu eta berdetan gorri zeuden istorioak bildu nituen: alaiak, freskoak, dibertigarriak. Bihurrikeria eta lapurreta txikiak, xalotasunaren eta okerkeriaren larrean dirdira egiten dutenak.

‘Zerurako eskailera’ atalean, hil osteko kontuak datoz: heriotza, gorpuak, katabutak. Umore beltza.
Minaren gelan giza kondizioaren sotoan kantatzen du kilkerrak, arimaren argi-itzaletan. Istorio beldurgarriak batzuk, dramatikoak besteak, geure buruari eta elkarri emandako tratuaz mintzo dira. Bestearen premiaz, biolentziaz, maitasunaz, arnasaz.

 

(Begoña DURRUTY)

Ispiluan gorputz fisikoa islatzen da, bere bakantasun eta arruntasun osoan. Hemen bildu  genituen gorputzaren opariak eta komeriak, lotsak eta pozak, minak eta grinak.

31 kontalari diferentek kontatutakoak dira pasadizo eta ipuinok, haiei zor zaizkie istorioen ogi-mamia eta ardo-ttantta, hizketarako grazia eta kontaeraren poza. Ahozkoak ekarri ditut idatzira. Ahotsa begira. Belarrikoa paperera. Kontakizun hauek guzti-guztiak norbaitek apartatu ditu eguneroko bizitzako gertakari-sailetik eta gorde ditu memoriaren kaiolatxoan. Min edo ditxa zirelako, gogoratzea merezi zuten. Eta akorduan hartu zituenak ez zituen beretzat gorde: aldian-aldian, lagunen konpainia noblean, ahora ekarri izan ditu. Kontatzea merezi zutelako.

Behin eta berriz pizten diren pasadizoak dira, beraz, liburukoak. Kontalari onak badaki errepikapena dela ipuinen funtsa, belarritik ahora eta ahotik belarrira bizi dela kontakizuna. Behin kontatuta erretzen den istorioa ez dela istorio ona. Denborak borobildu egiten ditu ahoan erabilitako kontuak, urak errekarriak borobiltzen dituen bezala. Istorio hauen gainetik ere igaro da, garden, bizkor eta bizi, memoriaren eta transmisioaren ura.

Horiexek dira, hain zuzen, liburu honen hiru ardatzak: ahozkotasuna, memoria eta transmisioa.

Belarriko kilkerra poz eramangarri bat izan da niretzat, aurikularren tamainakoa. Gutxitxo aipatzen ote den kontaketaren poza, ahoz ondo emandako istorioek belarrian sortzen duten kilima gozoa. Inoizko informazio trafiko handiena duen gizartean, eskas ditugu elkarri istorioak kontatzeko lekuak eta momentuak. Galtzeko denborarik ez dagoenean, ez da ipuinik sortzen. Autobide ertzean ez da kilkerrik entzuten. Zaratak ez du aditzen uzten. Ez dira topaerrazak hizketaren musikak zipriztindutako istorioak.

Begoña Durrutyk ikusi du kilkerraren kantua. Bizitzaren errea eta mina bezala jaso ditu existentziaren ederra eta poza. Esku trebez harrapatu ditu istorio hauen freskura eta mugimendua. Dramatismoa eta dibertimendua. Kontakizunetako detaileak hartu eta atal bakoitzerako konposatu dituen marrazkiak zoragarriak dira. Ezin zen kide hoberik topatu kilkerkeriatan aritzeko. Olgetan-benetan hasi eta ia berez-berez forma hartzen joan den liburua da hau. Nekerik apenas eta gozatu galanta eman diguna.