Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Pandemia aurreko zifretara gerturatuko da landa turismoa Hego Euskal Herrian Gabon hauetan

EAEko landa ostatuetan 2022ko datuak gaindituko dira eta 2019koen pare jarriko dira. Nafarroan, aldiz, okupazio kopuruak ez dira iristen pandemia aurreko zifretara, nahiz eta nazioarteko turista berreskuratu den.

Hiriberri Arakilgo Martinberika landetxetik, Aralar mendilerroa.
Hiriberri Arakilgo Martinberika landetxetik, Aralar mendilerroa. (NAIZ)

Gabonak dira landa turismorako urte sasoi garrantzitsuenetako bat. Familia zabalak edo lagun taldeak elkartzeko garaia. Landetxe baten goxotasunean eta Euskal Herriko parajeek eskaintzen dituzten mila aukera gozatzeko asmoz. Pandemia aurreko zifretara iritsi da okupazioa 2023 honetan eta erreserbak gero eta lehenago egiten dira.

EAEri dagokienez, Nekatur-ek igorritako datuen arabera, okupaziorik altuena Urtezahar gauean izanen da, %85 eko batez-bestekoarekin. Besteen gainetik, Arabaren datuak nabarmentzen dira. Izan ere, abenduaren 31an, %95eko okupazioa dute landa eremuko ostatuek. Iazko datu bera eta 2019koa (pandemia aurretik) baino zortzi puntu altuagoa. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, ez dira pandemia aurreko zenbakietara iristen eta, urrenez urren, %73 eta %86ko okupazioa izango dute.

Aldiz, urteko azken asteburua osorik hartzen badugu, okupazioa Araban %70ekoa da. Iaz 20 puntu altuagoa izan zen, baina zifra 2019koaren antzekoa da. Bizkaian ere 9 puntu jaitsi da, %57raino, eta Gipuzkoan bi, %68 batekin. EAEn, batez beste, %66ko okupazioa egonen da abenduaren 29tik urtarrilaren 1era.

Asteburu honetan aldiz, okupazioa %57koa izanen da. Arabak dauka hemen ere okupaziorik altuena, %61 batekin. Bizkaiak eta Gipuzkoak aldiz, oso zenbaki antzekoak aurkezten dituzte, %55 batekin. Arabak iaz baino 12 puntu gutxiago ditu eta 2019aren antzeko zenbakia. Bizkaiak, berriz, iazko kopuru berberak ditu, eta pandemia aurreko garaian baino dezente altuagoak (%42 2019an). Gipuzkoan ere okupazioa zerbait hazi da iazko garai berarekin alderatuz (%52 2022an).

Eta abenduaren 24ko gauari dagokionez, berriz, Bizkaiak dauka okupaziorik altuena, ia %86 batekin. Gertutik jarraitzen dio Arabak (%83) eta Gipuzkoak %74koa. Bizkaiaren gorakada aipagarria da, 2022 urtearekin alderatuz. Izan ere, iaz %67ko okupazioa izan zuen. Gipuzkoak antzeko zenbakiak izan ditu eta Araban, aldiz, zazpi puntu jaitsi da.

Idoia Ezkurdiak, Nekaturreko gerenteak, balorazio «ona» egiten du. «Iazko datuak gainditzen ditugu eta 2019koen pare gaude, Urtezaharrean gaindituz». Zentzu berean, «pozik» agertzen da erreserbak «denbora askorekin» egitera ohitzen ari garelako. «Urtean zehar badago tendentzia bat azken uneko erreserbak egitera, baina Gabonetan berriz desberdina izaten da. Badaude urte batetik bestera erreserbatzen dutenak, batik bat familiak, eta urtearen erdirako Gabonetako okupazio nahiko altua izaten dugu eta irailetik aurrera betetzen da».

Bezeroak, gehienbat, Euskal Herritik datoz eta, kasu askotan, lurraldez aldatu gabe. «Etxe ingurua nahi dugu, baina erosotasunarekin, espazio gehiago bilatuz».

Nafarroan, urte «arraro samarra»

Nafarroan, berriz, landa alojamenduen informazio eta erreserba zentraletik NAIZi jakinarazi diotenez, gutxi gorabehera % 77ko okupazioa dago alokairu osoko ostatuetan eta % 40 logeletan.

Gabonetako egunen lehen zatian (abenduaren 24 eta 25ean) erreserbak Nafarroako familia taldeenak dira, batez ere, eta Urtezahar eta Urteberri egunetakoak, aldiz, nafarrei beste erkidego batzuetako bisitariak gehitzen zaizkie.

«Okupazio kopuruak ez dira iristen pandemia aurreko zifretara, nahiz eta nazioarteko turista berreskuratu den», nabarmentzen dute. «2023an, oro har, esan behar da urte arraro samarra izan dela eta izaten ari dela udazkenean lan gutxiagorekin eta Estatuko turismoaren beherakadarekin, neurri batean nazioarteko turismoaren hazkundeak konpentsatu duena».

Nahiz-eta baden urte batetik bestera Gabonak non igaroko dituen argi duenik, bisitariek, oro har, denbora gutxirekin zehazten dute helbidea. Izan ere, batez ere azken hilabetean egiten dira erreserbak.

Martinberikan, egun solte bakar bat ere ez

Hiriberri Arakilgo Martinberika landetxea da honen eredu, nahiz-eta berezitasunak izan. Bete-beteta dago gabonak hasi eta bukatu. Ostiral honetatik hasita eta errege eguna igaro arte ez dago hartu gabeko egunik. Gasteiz eta Bilbotik iritsitako lau talde ezberdinek hartu dute 12 lagunentzako prestatuta dagoen etxea.

Alfonso Nuin arduradunak azaltzen duenez, Gasteizko bi familiak urtero gerturatzen dira Sakanako herri txiki honetara eta urte batetik bestera egin ohi dute erreserba. Hala ere, duela egun gutxi arte ez ziren azken egunak bete. Gabonetako arrakastara berohitzen ari da Nuin. «Pandemia aurretik dena betetzen genuen eta pandemia ostean ere urtero betetzen ari gara Gabonetan, baina aurten bereziki, ez dago-eta egun solte bakar bat ere». Landetxearen 15. gabonak izango dira eta hau gertatzen den lehen aldia da.

Etxeko goxotasuna izaten da garai honetako landetxeen helburu nagusia, baina hortik kanpo ere bada zer egin. Landetxeak berak aplikazio bat dauka, Sakanak, Aralar eta Andia mendilerroen artean, eskaintzen dituen aukera ezberdinekin eta Plazaolaren inguruan ematen diren aukerak ere eskuragarri jartzen dizkie. «Turismo bulego bat bezala gara»