Arnaitz Gorriti

Aurkaririk gogorrenen kontra hasiko dute Endesa Ligako euskal taldeek bigarren itzulia

Valentzia Basket txapeldunaren etxean jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak, Eurocupeko final-zortzirenak prestatzen hasteko neurketa gogorra. Igande eguerdian Roberto Iñiguezen Girona etorriko zaio bisitan Kutxabank Araskiri eta, bestalde, Perfumerias Avenida xaxatuko du IDK Euskotrenek.

Lointek Gernika Bizkaia izasngo da asteburuan jokatuko duen aurreneko euskal taldea.
Lointek Gernika Bizkaia izasngo da asteburuan jokatuko duen aurreneko euskal taldea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Emakumeen Endesa Ligak bi jardunaldiko astea osatuko du asteburuan. Asteazkenean aurreneko itzulia amaitu zuen eta orduan bermatu zuen Koparako txartela Lointek Gernika Bizkaiak. Asteburuan, berriz, lehiaketako areriorik gogorrenak egokituko zaizkie: Valentzia Basket gernikarrei, Girona Kutxabank Araskiri eta Perfumerias Avenida IDK Euskotreni.

Lointek Gernika Bizkaia izango da zapatuan jokatuko duen bakarra: 19.15etan Fuente de San Luis pabiloian. Lucas Fernandezen neskek denboraldiko aurreneko helburuak behar bezala bete dituzte, bai Emakumeen Eurocupeko ligaxka eta final-hamaseirenetako kanporaketa gainditzea eta Koparako sailkatzea. Horrez gain, Maya Dodson berreskuratu du bere lesiotik sendatu ostean eta Celtaren aurka ikusi zena berretsiko balu, Stephanie Wattsek bikain bete du Crystal Bradforden hutsunea.

Baditu, nolanahi, helburu gehiago talde bizkaitarrak. Hasteko eta bat, Emakumeen Endesa Ligako zortzi onenen artean lekua bermatzea; lau onenen barruan sartzea posible balitz, hobe, eta bestalde, hilaren 10ean eta 18an London Lions taldearen aurka jokatu behar duen Emakumeen Eurocupeko final-zortzirenetako kanporaketa lehiatu eta, ahal bada, bere historian lehenbizikoz zortzi onenen artean sailkatzea.

Londreseko taldearen aurka prestatzeko arerio aproposa dirudi Valentzia Basketek; «aproposegia», akaso. 13-2 balantzearekin Ruben Burgosek entrenatzen duen taldea da liga txapelketako liderra, azken jardunaldietan etxetik kanpora Zaragozan eta Gironan nagusitu ondoren. Euroligan aurrera egitea asko zaildu zaio, baina «etxeko lanetan» ondo baino hobeto ari da moldatzen. Eta orduan eta hobeto moldatzeko intentzioz, bi fitxaketa lotu ditu asteon. Hasteko, Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarra. Pasa den udan fitxatu zuen Valentzia Basketek jokalari gipuzkoarra, baina Estudiantesen jarraitu du orain arte, talde taronjak utzita.

Alabaina, Alina Iagupova ere berarekin ekarri du. Iagupova hegaleko ukrainarra Fenerbahçen aritu da orain arte eta Europako jokalari onenetakoa izan da azken urteotan –Euroligako txapelduna eta egungo MVPa da 31 urteko jokalaria–. Zaila dirudi Iagupova zapatu arratsaldean Fontetan izango dela pentsatzea, baina nolanahi, Torrens, Carrera, Gulich, Ouviña eta enparauak badira nahikoa buruhauste Gernikako taldearentzat.

Konformagaitza izan ala ez

Igandean jokatuko dute bai Araskik, bai Ibaeta Basketek. Gasteiztarrak izango dira etxean jokatuko duten bakarrak, 12.30etan Roberto Iñiguez de Herediak zuzentzen duen Gironaren aurka.

Teoriak esango luke Kutxabank Araskik ez duela aukera askorik bere zazpigarren garaipena lortzeko. Gironak laugarren amaitu du aurreneko itzulia, 10-5 balantzearekin, eta nahikoa lan izan dute arabarrek lehenengo itzuli hori sei garaipenekin lortzeko ere. Azken orduan eta izerdia franko botata gainditu zuten Made Urietarenek Cadi La Seu; 18 segundoren faltan Melisa Gretterrek garaipenaren hirukoa saskiratu zuen eta, horrez gain, defentsa bikain bat burutu behar izan zuten katalanak atzean uzteko.

Girona ez da, ordea, Cadi La Seu. Egia da Roberto Iñiguezenek oso neurketa eskasa jokatu zutela eguaztenean, Valentzia Basketen aurka 47-57 galtzeko. Alabaina, egunero ez dira 17 hiruko saiatu eta 3 saskiratze soilekin geratuko. Horrez gain, Irati Etxarri ere bere lesioa larria gainditu ostean, berriz ere jokatzeko puntuan dago eta hori gutxi balitz, Rebekah Gardner hegaleko estatubatuarra fitxatu du denboraldia amaitu arte. Katalanek bere mailarik onena emanez gero, galtzak bete lan izango dituzte gasteiztarrek.

Bere aldetik, Perfumerias Avenidaren aurka ariko dira 12.00etatik aurrera. Zaragozarekin berdinduta, sailkapeneko bigarren postuan dago Salamancako taldea 12-3 balantzearekin. Valentzia Basketen antzera, estuasunak ari da pasatzen Euroligan, eta Euroligan zein Emakumeen Endesa Ligan bere burua indartzeko asmoz, hiru fitxaketa egin ditu azken aldian. Batetik, Anais Horvat eta Bernadette Hattar erraldoi hungariarrarekin barruko jokoa sendotu du.

Alabaina, nolabaiteko polemika piztu da asteon Salamancako taldearekin Arica Carter hegalekoa fitxatu duelako. Carterrek Murtziako Jairis taldean jokatzen zuen eta, hain zuzen, Perfumerias Avenidak hegaleko estatubatuarra asteazkena baino lehen fitxatu du, hain zuzen Jairisen aurka jokatu bezperan. Murtziarren artean ez zaie batere gustatu Salamancakoen jarrera hori, non eta Perfumerias Avenida klubetik ere historikoki kexu azaldu izan diren jokalariren bat beste talderen batera denboraldi erdian joan den aldietan.

IDK Euskotrenek bere aurpegi onena erakutsi beharko du Salamancako taldea xaxatuko badu. Baxi Ferrolen aurka oso neurketa eskasa jokatu zuten Azu Muguruzarenek eta hala, aurreneko itzulia laugarren postuan amaitzeko zituen aukera apurrak alperrik galtzen laga zituen. Donostiarren barruko jokoak badu Perfumerias Avenidari aurre egiteko lain indar, baina ikusi egin behar kanpotik duen gaitasun horri erantzuteko kapaz den. Azu Muguruzarenak konformagaitzak badira, neurketa estua izan liteke, nolanahi.