Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EH Bilduren mezua EAJ eta PSEri: «Tentsio handiko eremuen izendapena egitea ezinbestekoa da»

EH Bilduk mozioak aurkeztuko ditu EAEko udalerri populatuenak tentsio handiko eremu gisa izendatuak izateko. Dei egin die EAJ eta PSEri «arduraz jokatzeko eta koherenteak izan daitezen». Izan ere, 60.000 pertsona daude alokairu sozial baten zain Etxebideren zerrendetan.

Aizpea Otaegi, Juan Karlos Izagirre, Unai Fernandez de Betoño eta Maria del Rio gaurko agerraldian.
Aizpea Otaegi, Juan Karlos Izagirre, Unai Fernandez de Betoño eta Maria del Rio gaurko agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

«Tentsio handiko eremuen izendapena egitea ezinbestekoa da». Hala adierazi du EH Bilduko ordezkaria den Unai Fernandez de Betoñok, izan ere, alokairuaren prezioak «maximo historikoetan» daude eta 60.000 lagun daude alokairu sozial baten zain Etxebideren zerrendetan.

Donostian egindako agerraldi batean gogoratu duenez, maiatzean onartu egin zen Etxebizitza Legea, EH Bildu eta ERCk espainiar Gobernuarekin lortutako akordio bati esker. «Lege horretan kaleratzeen aurreko babes soziala handitzeaz gain, ezarri zen sistema bat alokairuen prezioen igoerari muga bat ezartzeko, eta sistema hori martxan jartzeko lehen pausoa tentsio handiko eremuen izendapena da», azaldu du.

«Azken hilabeteetan EAEn hamabost udalerri baino gehiagotan onartu dira mozioak tentsio handiko eremuen izendapena egiteko. Duela hiru aste Jaurlaritzak bi txosten argitaratu zituen, eta bertan zehaztu zuen zenbat udalerri betetzen dituzten tentsio handiko eremuak izateko baldintzak», gaineratu du baldintza horiek zeintzuk diren aipatu baino lehen.

Nabarmendu duenez, bi dira eta nahikoa da bat betetzea izendapena lortzeko: «Edo azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa igo izana KPIa baino hiru puntu gehiago, edo herritarrek bideratu behar izatea haien soldataren %30 baino gehiago etxebizitza ordaintzera».

«Jaurlaritzak kalkuluak egin ditu eta esan du 41 udalerrietan betetzen direla partzialki edo osoki, udalerri osoan, tentsio handiko eremu gisa izendatuak izateko baldintzak. Eta horrek ematen dio EH Bilduri arrazoia, esan genuelako EAEn gehiengo bat bizi dela tentsio handiko eremuetan», esan du, 41 udalerri horiek populatuenak direla azpimarratuz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak agertzen dira zerrenda horretan, eta haien inguruko udalerriak. «Bertan bizi da EAEko biztanleriaren erdia baino gehiago», dio Fernandez de Betoñok.

Ekimenak 41 udalerrietan

Honek gogoratu duenez, Lakuak txosten bat argitaratu du azalduz zeintzuk diren tentsio handiko eremua izendapena lortzeko eman behar diren pausuak.

Izan eere, Gasteizko Gobernuak «erabaki du eskumena konpartitua dela udalen eta Jaurlaritzaren artean. Jaurlaritzak egingo du azkenengo izendapena baino aurretik udalek egin beharko dute eskaera formala, bi dokumentu atxikiz: batetik, memoria justifikatiboa, datu objetiboak emanez, eta ekintza plan bat, esanez hurrengo hiru urteetan zer nolako neurriak hartuko diren etxebizitzaren eskaria eta eskaintzaren arteko desoreka orekatzen saiatzeko».

«EH Bildutik dei egiten dugu 41 udalerri horiek eskaera formal hori egin dezaten. Konpromisoa hartzen dugu EH Bilduren esku dauden gobernuetatik eskaera formal hori egiteko eta oposizioan gauden udalerrietan mozioak aurkeztuko ditugu eskaera formal hori egin dadin», ohartarazi du, eta dei egin die EAJ eta PSEri «arduraz jokatzeko eta koherenteak izan daitezen».