NAIZ

Vingegaardek sarraskia egin du Tirreno Adriatikon eta Vlasovek miraria Paris Nizako euripean

Jumbo-Vismako daniarrak beste erakustaldi bat egin du etapa erreginan irabaziz eta lasterketa laztanduz. Bestalde, Bora Hansgrohe taldeko errusiarrak bi urte eta gero berriro irabazi du faboriten arteko markaketa aprobetxatuz. Brandon McNulty (UAE) estatubatuarrak lidertza mantendu du.

Jonas Vingegaardek sarraskia egin du Tirreno Adriatikoko etapa erreginan.
Jonas Vingegaardek sarraskia egin du Tirreno Adriatikoko etapa erreginan. (TIRRENO ADRIATIKO)

Igande honek ikuskizuna dakar txirrindularitzan. Egia da Tirreno Adriatiko lasterketa laztantzen ari dela Jonas Vingegaard, are gehiago larunbat honetan emandako erakustaldia ondoren, baina Paris Nizako azken etapak gauza asko ditu oraindik jokoan.

Tirreno Adriatikorekin hasiz, Tourreko txapeldun Vingegaardek aurkaririk ez duela erakutsi du berriro ere. Ostiralean irabazi egin zuen, lider jarriz, eta gaurkoan, etapa erreginan –Sassoferrato eta Cagli artekoa, 180 kilometrokoa– atzean utzi ditu aurkari guztiak bakarka irabazi eta segundo gehiago ateraz.

Helmugarako sei kilometroren faltan, hamar kilometro luzera duen Monte Petranon barrena, daniarrak ihes egin du eta inor ez da kapaz izan bere gurpilari jarraitzeko. Hortik aurrera, bikain kudeatu du lasterketa Jumbo-Vismako txirrindulariak eta 26 egundoko aldearekin irabazi die Juan Ayuso (UAE) eta Jai Hinley (Bora) australiarrari.

Sailkapen nagusian, 1:20ko aldea du Vingegaardek lasterketa mitiko hau irabazteko. Ayuso da bigarren, baina daniarraren maila ikusita, oso zaila izango da lidertza kentzea.

Kosta egin da benetako ihesaldia egitea. 132 kilometroren faltan, hortxe bildu dira Axel Zingle (Cofidis), Julian Alaphilippe (Soudal), Nans Peters (Ag2r), Richard Carapaz (EF), Ben Healy (EF), Michal Kwiatkowski (Ineos), Iván García Cortina (Movistar), Andreas Leknessund (Uno-X) eta Nikias Arndt (Bahrain).

Aldea 2:31ra iritsi bada ere, la Forchetta izeneko lehen portura iristean, aldea 1:50ekoa zen, gero berriro igo egin da 2:20ra, baina pixkanaka jaitsi egin da berriro ere. 40 kilometroren faltan lau iheslari ziren bakarrik, horien artean Carapaz zegoela, Vingegaardi mina egin ziezaiokeen bakarra.

Ekuatoriarrak atzean utzi du Leknessund helmugarako hamar kilometroren faltan, baina indarrez justu zebilen eta Vingegaard, Ayuso eta Hindley izan dira aurretik abiatu direnak. Orduan, daniarrak erritmoa bizitu egin du eta bakarka abiatu da helmugarantz eta garaipenerantz.

Vlasov, miraria euripean

Paris Nizako zazpigarren etapa motza izan da, 104 kilometrokoa besterik ez. Baina ikusleek jardunaldi polita ikusi ahal izan dute. Aleksandr Vlasovek (Bora Hansgrohe) lortu du garaipena Madone D'Utelleko helmugan, bakarka, azken kilometroetan ihes egin ostean. Errusiarrak faboritoen arteko markaketa aprobetxatu du bi urte eta gero berriro ere besoak altxatzeko. Zortzi segundoko aldea atera dio Evenepoel, Jorgensen eta Roglic taldekidea zeuden taldeari.

Bitartean, Brandon McNulty (UAE) estatubatuarrak lidertza mantendu du, baina Evenepoelek lau segundo jan dizkio bonifikazioan eta Roglicek bi, eta gainera 21 segundo atera dizkiote helmugan. Gauzak hala, igande honetako azken etapari begira, oso interesgarria izango da ikustea ea McNultyk lortzen duen lidertza mantentzea. Izan ere, Matteo Jorgensen (Visma) lau segundora besterik ez du sailkapen nagusian, Mattias Skjelmose (Lidel Trek) 35era eta Remco Evenepoel (Soudal) 36ra. Atzerago daude Primoz Roglic (Bora), 41era, eta Egan Bernal, minutu pasatxora.

Hasieran esan bezala, etapa motz honetan ihesaldiren bat espero zen, eta bertan izan dira Martijn Tusveld (DSM), Benjamin Thomas (Cofidis) eta Johan Jacobs (Movistar). Lehenengoak atzean geratu behar izan du arazo mekaniko batengatik eta beste biek euriari eta hotzari egin diote aurre.

Atzean, Evenepoelen Soudal-Quick Step taldeak kontrola hartu eta 50 segundora jaitsi dute ihesaldiaren aldea. Hala, soka tenkatzen jarraitu dute eta horrek Carlos Rodriguez (Ineos) txirrindulariaren kanporatzea ekarri du. Pello Bilbao (Bahrain) bizkaitarra ere aurrekoengandik urruti aritu da gaurkoan.

Soudalek erritmoa bizitu du Vervaeke y Van Wilderrekin, tartean bonifikazioa zuen sprint bat zegoela aprobetxatuta, eta helmugarako 4,2 kilometroren faltan, Evenepoelek lehen saiakera indartsua egin du. Ondorioak izan ditu honek, bederatzi gizon besterik ez baitira geratu Madona D'Utelle santutegirantzko bidean (1.188 metroko altueran).

Behin Evenepoel harrapatu dutela, Vlasov izan da saiakera egin duena. Askok Roglicen estrategia bat izan zitekeela pentsatu dute, baina errusiarrak atzera begiratu, bere atzetik inor ez zetorrela ikusi eta zuzenean joan da helmugarantz. Atzetik, Evenepoel berriro saiatu da 1,8 kilometroren faltan. Honek Bernal utzi du kanpoan eta McNulty estu harrapatu du, baina ez da Vlasovenganaino iritsi eta errusiarrak irabazi du.