Iraitz Mateo

Nori eta nola bururatu zitzaion Korrika?

40 urteko baino gehiagoko ibilbidea du jada Korrikak, baina itzuli gaitezen hastapanetara. Patatak errioxar erara jaten ari zirela bururatu ote zitzaien ideia sortzaileei? Neguan egitea ideia ona izan al zen? Urtsa Erraztik argitu zituen galderok Info7n.

Audio_placeholder

Nori eta nola bururatu zitzaion Korrika?

Loading player...
Lehen Korrikako azken kilometroetan Korrikaren sortzaileak lekukoa eskuan.
Lehen Korrikako azken kilometroetan Korrikaren sortzaileak lekukoa eskuan. (Korrika)

Euskal Herrian jada erabat errotuta dagoen ekimena da Korrika, 23. edizioa du aurtengoa, baina noiz eta nola sortu zen? 20. edizioan gogoratu zituzten sortzaileak egindako lanak aitortza merezi zuelakoan. Info7 irratian Urtsa Errazti elkarrizketatu zuten 2017an, bertan kontatu zituen hastapenak eta beste hamaika sekretu.

Otxandion, 2017ko edizioan, sortzaileetako batzuk egin zuten lehen kilometroa, ilusio handiz. Zortzi izen goraipatu zituzten beraien lana omentzeko: Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada eta Enrique Ibabe. Korrikan ez ezik, urte hartan Euskararen Nazioarteko Egunean Bilbon egindako ekitaldian ere omendu zituzten.

Afari batean patatak errioxar erara janez sortu zela Korrika diote hamaika kontadeirek, baina Erraztik istorio horren xehetasunak kontatu nahi izan zituen: «Mitologia asko dago afari batean asmatu zenaren inguruan, eta ez da hala. Korrika pentsatzen ari ginenen artean hiru AEKko langileak ginen, baina beste bostek beraien lanak zituzten, eta orduan bilerak arratsaldez egiten genituen. Egia da noizean behin norbaiten etxean geratzen ginela afaltzeko, eta bilera osteko afari horietako batera Natxo de Felipe ere etorri zenera, hor egin ziren Korrikaren azken matizazioak, baina ideia ez zen orduan sortu. Hilabeteetako lana izan zen».

2017ko Korrikan lehen kilometroak Korrikaren sortzaileen egin zituzten.

1978-79an abiatu zen Korrikaren ideia, Erraztik kontatutakoaren arabera, nazio osoan biltzen eta bultzatzen ari zen AEK, besteak beste diru beharrean zeuden eta «zerbait berria» egin nahi zutela kontatzen du Erraztik.

«Hasieran hiriburuetatik ibilaldiak egitea hasi ginen pentsatzen», baina gero «utzi ditzagun gauzak erdizka egiteari», erabaki zuten

‘Marcha de la libertad’ egina zela azaldu zuen, eta Kilometroak bezalako jaialdi handiak ere egiten ari ziren, «guk Euskal Herri osora eramango genuen ekimen bat sortu nahi genuen, hasieran hiriburuetatik ibilaldiak egitea hasi ginen pentsatzen, eta hortik etorri zen ideia: utzi dezagun gauzak erdizka egiteari, egingo dugu errelebo karrera moduan korrika, hasi ginen pentsatzen gauez geldituko ote ginen… baina azkenean erabaki genuen gau eta egun gelditu gabe Euskal Herria zeharkatzea».

Pentsatu eta egin, neguan izan zen lehen Korrika, azaroaren 29tik abenduaren 7ra, Oñatitik Bilbora. Aurrera begira dataz aldatzea hobe zela pentsatu zuten ordea, neguko denboraleak oztopoak sortu baitzituen.

Lehen edizio hartan kilometroak osatzeko zailtasuna izan zuten; AEKko bulegoetako langileak bidali zituzten

 Lehen edizio hartan elurraz gain izan zuten beste oztopo nagusia kilometroak osatzeko zailasuna izan zela aitortu zuen Erraztik: «Kilometroak betetzeko zailtasunak egon ziren, baina AEKko bulegoetatik bidali genituen bulegoko langileak. Gernikakoak eta Bilbokoak Zuberoara eta Erriberara bidali genituen kilometroak betetzera, eta lortu genuen testigua eskuz esku joatea kotxera inoiz sartu gabe».

Eta ordutik, Korrikako lekukoa eskuz esku dabil.