NAIZ

Osasunak ere Korrikarekin bat egin du, Real Madrilen aurkako partidaren atarian

Osasunako gizonezkoen taldea Real Madrilen aurka lehiatzeko prestaketak egiten zegoen bitartean, emakumezkoen taldeko kapitain Maitane Valero eta Josune Urdanizek Korrikaren testigua hartu dute, ‘Harro herri’ lemarekin bat eginez. Patxi Puñal harrobiko zuzendariak ere osatu du Osasunaren kilometroa.

Osasunako gizonezkoen taldea 16.15etatik aurrera Real Madrilen aurka lehiatuko da Sadarren eta nola diren patuaren kontuak, Real Madril aurkari –Estatu espainoleko ordezkarietako bat– eta justu gaur Korrikak Iruñea zeharkatzen duela, euskararen aldarria lau haizetara zabaltzeko eta Iruñea ere ‘Harro herri’ bat dela aldarrikatzeko.

Osasunak bat egin du Korrikarekin, 486. kilometroan, Sadar estadioaren parean. Patxi Puñal harrobiko kirol zuzendariak eta Maitane Valero eta Josune Urdaniz emakumezkoen taldeko kapitainek hartu dute lekukoa, irribarrez, euskararen aldeko aldarrikapenarekin bat eginez. Luzatu diote arratsaldeko partidaren porra egiteko eta oso baikor agertu dira, agian Korrikak barrenean mugitzen dituen ilusio eta emozioei gehiago jarraituta. 3-0 esan du Maitane Valerok, barre artean. Ilusioak mugitzen du korrika eta baita ere kirola, beraz, auskalo.

Era berean, Indar Gorriko zaleek ere gogotsu hartu dute Korrikaren iritsiera Nafarroako hiriburura. Ezbairik gabe, Korrikaren hauspoarekin, Korrikaren esentziarekin, hegan eramango dute gizonezkoen lehen taldea Real Madrilen aurkako partidan. Ehundako lagunek egin diote harrera beroa Korrikaren 23. edizioari, ‘Harro herri’ lemarekin bat eginda.

 

Gogoratu behar da, Osasunak, AEKrekin hitzarmen bat sinatu zuela 2018an, jokalarien artean euskara sustatu asmoz. Zenbait jokalari ere hasi ziren euskarazko klaseak hartzen.