N-634 errepidea, jakingo duzuenez, eta euskara bera bezala, deabruak asmatu zuen.
Gure inguruan, egunerokoan ezinezkoa da une batean edo bestean ez zeharkatzea, lurraldea ekialdetik mendebalderantz, edo alderantziz, doan bide hau.
Trafiko handiak kalte egiten die autoei, eta zer esanik ez gidariei. Baina lanera joateko ezinbestekoa da hartzea. Edo autopista baztertu nahi bada, edo denbora baduzue, hor bukatuko duzue. N-634ri izena aldatu beharko litzaioke, hori bai: Industrialde Bidea edo Lantoki Bidea egokiagoak lirateke, eremu industrial piloa biltzen baitu.
Kazetaritzaz gain, bertako leku batean lan egiten dut, italierazko irakasle gisa, Elgoibarko enpresa batean: «Bravo, bravissimo, fortunatissimo per verità, tutti mi chiedono, tutti mi vogliono» eta abar...
Astean bitan N-634 errepidea hartzen dut bertara joateko, beraz, eta astean bitan N-634 errepideak harrapatzen nau. Askotan bidaia zinez penagarria da, kamioi eta semaforoen artean, baina behintzat paisaia ikusgarria da eta gelditzeko beharra dagoenean begiradak gozatu ederra hartzen du mendi eta belardiekin.
Asteazken honetan Korrikak hartu du N-634a eta Elgoibarren jendearen zain egon naiz, aukera paregabe hau bizitzeko. Miraria zirudien, Korrikaren miraria: Durangotik aurrera, oso trafiko gutxi zegoen. Abuztuan ginela iruditu zait, eta ez bakarrik tenperatura goxoei esker.
Lanera sartu aurretik, gaur basamortu bihurtutako errepidean jarri naiz, eta gero disfrutatu egin dut lasterketarekin, musikarekin, euskararekin. Bibrazio itzelak klasea eman aurretik, tipi-tapa tipi-tapa entropiara itzuli aurretik.
Deabrua, zuk asmatu zenuen N-634a baina guk erremedioak baditugu.