Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

«Biharkoa ez da jokalariak aldarrikatzeko partida, ofizialtasuna aldarrikatzekoa baizik»

Aitor Fernandez Osasunako atezainak eta Ander Guevara Alaveseko erdilariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldean, Euskal Selekzioaren entrenamendua osatu aurretik, biharko Uruguairen aurkako lehiaren atarian. «Ez da partida normal bat da», azpimarratu dute.

Euskal Selekzioko jokalari eta teknikariak, gaur arratsaldean Lezaman.
Euskal Selekzioko jokalari eta teknikariak, gaur arratsaldean Lezaman. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Selekzioak hitzordu garrantzitsua du larunbat honetan San Mamesen (20.00, NAIZ Irratian zuzenean). Ez da partida soil bat bakarrik, gehiago da: ofizialtasuna aldarrikatzeko festa. Hala argi utzi dute Aitor Fernandez Osasunako atezainak eta Ander Guevara Alaveseko erdilariak gaur arratsaldean, entrenamendua osatu aurretik, Lezaman egindako prentsaurrekoan. Ondoren, saioan, Sporting Bragako aurrelari Alvaro Djalo izan da baja bakarra, ez baitio denbora eman garaiz iristeko.

Bi jokalariek hedabideen aurrean agerraldia egin dute Jagoba Arrasateren agindupean entrenamendu bakarra osatzera abiatu aurretik. Eguerdian Marcelo Bielsa Uruguaiko hautatzaileak eskaini du prentsaurrekoa eta Euskal Selekzioarena falta zen hautatzaile bizkaitarrak deialdia jakinarazi zuen lehengo egunekoa eman ostean.

Aitor Fernandez eta Ander Guevara oso argiak izan dira. «Hau da ez jokalariak aldarrikatzeko momentua, beste gauza batzuk aldarrikatzeko momentua da. Hemen gauden guztiak Kristoren gogoak ditugu hona etortzeko. Ez da partida normal bat da, ofizialtasuna aldarrikatzen dugu eta ilusio mordoarekin gaude», adierazi du aurten Osasunan minutu asko izaten ari ez den atezainak.

Ander Guevara bide beretik jo du: «Oso berezia da hemen egotea, eta harro sentitzeko modukoa». «Jon (Guridi) etortzekoa zen ere, baina zoritxarrez entrenamendu batean lesio txiki bat izan zuen eta ezin izan du etorri. Beste hirurok ilusioz eta gozoz gaude hona etortzeko», gaineratu du.

Aldarrikapenaz harago, denek nahi dute lehiakor izan eta irabazi. Are gehiago Euskal Selekzioaren hautatzailea nor den ikusita. «Jagoba asko ezagutzen dut eta beti joaten gara partidak irabaztera, eta bihar ere hala izango da», azpimarratu du Fernandezek.

Gainera, beti jarri izan da mahai gainean talde honen maila. Ander Guevararentzat, «milioilaren galdera da» hau. «Denon begietan, euskal jokalarien maila oso altua da. Beti esan da euskal taldek oso ondo lan egiten dutela beheko taldeetatik lehenengo taldeetara, eta horren erakusle da Lehen Mailan dauden taldeen nibela. Biharko partidan zentratu behar gara eta egin den zerrenda maila altukoa da. Ahalik eta hoberen egin nahi dugu denok», adierazi du Alaveseko erdilariak.

Jagoba Arrasate, Lezaman, aginduak ematen jokalariei. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aurrean izango duten selekzioa «beste helburu batzuen bila» dabil. Horregatik, «seguru nahi dutela serio eta benetako partida bat», argitu du Guevarak. Are gehiago, selekzioa bezala Uruguai oso potentea dela azpimarratzeaz gain, «prozesu batean daude, aldaketa asko egiten, eta hala ere, lagunarteko berezia izango da, nortasun aldetik izaera berezia dutelako eta oso lehiakorrak dira, eta guk berdin prestatu behar dugu», adierazi du erdilariak.

Aitor Fernandezen iritziz, «zeozer positiboa emaitza bezala atera nahi badugu, partida oso ona egin behar dugu. Zarata gehiago hartuko du emaitza ona ateratzen badugu».

Larubatean San Mamesen 30.000 zale baino gehiago espero dira. «Ezin da askoz ere gehiago esan. Lehen momentutik jendearen erantzuna ikaragarria izan da. Euskal futbolaren festa da eta zenbat eta zale gehiago etorri ospatzera, askoz ere hobeto, noski», amaitu du prentsaurrekoa Ander Guevarak.