Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Jagoba Arrasate, Osasuna euskarara normaltasunez itzuli zuen entrenatzaile bat baino gehiago

Jagoba Arrasatek Nafarroan utziko duen ondarea kirol arlotik haratago doa. Osasuna da nafar gizarte guztia batzen duen gauza apurretako bat, bakarra ez baldin bada. Eta Iruñeko taldera, sei urte hauetan, euskara normaltasunez ekarri du. Osasuna, dagoeneko, ez da «El Osasuna».

Jagoba Arrasate, Kopako finalaren amaieran.
Jagoba Arrasate, Kopako finalaren amaieran. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jagoba Arrasatek Osasunako entrenatzaile izateari utziko dio ekainaren 30ean. Bere curriculumean agertuko dira Lehen Mailara lortutako igoera, bertan arazo handirik gabe mantentzea, Kopako final bat jokatzea edo 20 urte eta gero berriz Europan jokatzeko sailkatzea. Baina bere lorien zerrendan, horien gainetik, zehazten zaila den ondarea utzi du: Osasuna euskarara itzultzea eta hau erabateko normaltasunez lortzea. Osasuna, dagoeneko, ez da «El Osasuna».

1920an jaio zen taldea. Modak kirol klubei eta, batez ere, futbol taldei ingelesezko izenak jartzera eramaten zuenean, Iruñeko taldeari euskal izena eman zitzaion. Duela mende bateko ekintza hori batzuek Jose Benjamin Andoain Martinezi eta beste batzuek Eladio Cilvetiri leporatzen diete. Ordutik, euskaratik aldentzen joan zen Osasuna. Aldendu zuten. Eta Arrasatek batu ditu berriz.

Astearte honetan, bere agurra iragartzearekin batera, ehunka esker mezu pilatu ziren sare sozialetan, baina bat nabarmendu behar: Maria Chivite, Nafarroako lehendakaria, euskaraz jarri zuen Arrasatek, euskal hizkuntzaren aldeko azken ekintzan. «Nafarroa beti izango da zure etxea eta Osasuna zure taldea».

Nafar Gobernuaren euskararen inguruko politikak ezbaian daudenean, Chiviteren hitz hauek «basquewashing» gisa definitu dituenik bada. Baina mugiezinak diruditenak mugi daitezkeela ere irakur daiteke. Euskal herritarrok, euskaldunok, utopikoak garela entzun behar izan dugu maiz, guk geuk geure buruari esan diogu, baina hainbat utopia errealitate bihurtzen dira. Duela hamarkada bateko Nafarroari eta gaur egungoari begiratzea baino ez dago.

2018an iritsi zen Arrasate Iruñera, eta urte horretan bertan sinatu zuten AEK-k eta futbol taldeak hitzarmena, hizkuntza kudeaketa hobetzeko. Duela egun gutxi ikusi dugu Patxi Puñal kapitain historikoa Korrikaren lekukoa eskuan, milaka osasunazale inguruan zituela eta Osasunaren sare sozialetan euskarazko edukiak ez dira salbuespena. Eta honi behar duen balioa emateko, komeni da atzera begirada bat ematea. Ez dira hain urruti geratzen Jose Antonio Camacho edo Joaquin Caparrosen garaiak.

2019an Lehen Mailara eraman zuen taldea Berriatuakoak eta Iruñeko udaletxeko balkoitik, urte luzez euskara gutxietsia izan den toki beretik, bertsoa eskaini zien milaka jarraitzaileri, euskaldun zein ez euskaldunei. Beste norbaiti, beste askori, txistuka erantzungo zitzaien unean, txalo zaparrada jaso zuen Arrasatek. Eta bultzada Nafarroako euskarak.

Prentsaurrekoetan euskara normalizatu eta lehenestea edo euskal hizkuntzaren beraren defentsan behin eta berriz egindako adierazpenek bidea ireki diote euskarari arrotza zitzaion eremu batean.

Orain zuzendaritzari dagokio bere ondorengoa aukeratzea. Kirol arloan, aukeratuak, ez du erronka makala izanen. Baina taldeko agintariek ere ez dute aukeraketa sinplea. Izango ote du kontuan Berriatuakoak gizartea eta taldea nola lotu dituen? Camacho batengana joko ote du berriz ere? Osasuna berriz ere «El Osasuna» ez bihurtzea garrantzitsua da Nafarroarentzat, garrantzitsua euskararentzat.