Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

«Itzal(iko) bagina»: Gorputza, lehia eta lotsa performatu dituzte Lokatz Loreek

Haurtzarotik helduarora bidean, bertso munduan egin zuten topo Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalagak. Bertsoaz harago doazen auzi sozialei helduz, generoari, osasun mentalari edota familiari, ni-tik gu-rako bidaia proposatzen dute itzal eta argiekin jolastuz.

Araitz Katarain, lotsaren maskara margotzen, Janire Arrizabalaga (lehia) eta Izaro Bilbao (gorputza) ondoan dituela.  Unai MATEO  LORALDIA
Araitz Katarain, lotsaren maskara margotzen, Janire Arrizabalaga (lehia) eta Izaro Bilbao (gorputza) ondoan dituela. Unai MATEO LORALDIA

Haurtzarotik helduarorako trantsizioaz mintzo dira Lokatz Loreak “Itzal(iko) bagina, zeharkatzen gaituena performatzen” bertsoan oinarritutako antzerki ikuskizunean. Etapa horretan egiten dute topo hiru pertsonaiek, edo argi-ilunen artean topo egin ezinean ibiltzen dira.

Norbanakotik kolektibora zabaltzen dira, gaurko sistema indibidualistari kritika egiteko asmoz, ni bertze zu bat naizelako eta zu bertze ni bat zarelako, zuri esker banaizelako eta niri esker bazarelako.

Iraitz Lizarraga Gomezek (Zizurkil, 1979) zuzendu du Lankuk lagundutako ikuskizuna. Aktore, zuzendari eta akrobatak arte eszenikoetako jakinduria eta diziplina arteko esperientzia luzea eman dio.

Itzalak hagitz elementu inportantea dira obran. Oihal baten gibelean proiektatzen dituzte, pertsonaien barne munduaren isla gisa. Bizitzan zeharkatu dituzten bizipen batzuk antzezten dituzte, identitatearen jiran dabiltzanak: lotsa, lehia eta gorputza. Pertsonaia bakoitzak bat irudikatzen du, bere kolorearekin. Antzezlanak aitzinera egin ahala, elkar ikusten eta elkar ulertzen joanen dira.

Maskara, ispilua eta domina

Izaro Bilbao Arostegiren (Mungia, 2004) pertsonaiak gorputzarekin lotutako auziak jorratzen ditu, osasun mentala, elikadura nahasmendua edota irudia. «Hiru pertsonaiek oholtzan ezagutzen dute elkar, bertsotan. Hitzak garrantzi handia du, baina gorputza ere hor dago. Horrekin arazoak ditu, eta taula gainean egoteak nola eragiten dion kontatzen du», azaldu digu.

Araitz Katarain Mugarzaren (Mallabia, 2004) pertsonaiak lotsa gorpuzten du. «Umetatik da lotsatia, eta pixkanaka lotsa elikatzen doa, maskara jartzen du, hor ezkutatzen da, eta azkenean, bere pertsona horretara mugatzen da. Gero ezin du maskararik kendu. Lotsatia da eta listo», esplikatu dio GAUR8ri sormen taldeko bigarren kideak.

Janire Arrizabalaga Munduateren (Gernika-Lumo, 2003) pertsonaia, azkenik, lehiaren irudia da. «Gero azaltzen da zergatik dagoen obsesionatua irabaztearekin. Huts egitearen beldur da, gaur egun denok bezala. Eta oso leku ilun batera heltzen da. Nahiz eta sariketa tonto bat izan, dena irabazi nahi du».

Hasieran, hiru pertsonaiak muturrera eramaten dituzte pixka bat, karikatura egin, eta gero gizaki bilakatzen saiatzen dira, lurreratzen.

Bakoitzak objektu bat dauka: Araitzek maskara, Izarok ispilua eta Janirek domina. Nola uzten dituzten kontatzen dute obran.

Erraz konektatu

Martxoaren 22an egin zuten aurrestreinaldia Bilbon, Loraldia festibalean. Ikusle batek idatzi zien emanaldian sentitu zuela ez zegoela hain bakarrik. «Espero baino harrera hobea izan dugu. Entseguetan uste genuen jendeak une batzuetan barre egingo zuela, eta gero beste batzuetan egin zuen. Oso konektatua egon zen publikoa».

Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Araitz Katarain bertsolariek osatzen dute Lokatz Loreak sormen taldea. (LOKATZ LOREAK)

Lotsaren pertsonaiarekin erabat identifikatu naizela aipatu diedanean, ikusle bakoitza elementu batekin pila bat identifikatzen dela baietsi dute, baina ondotik ohartzen dela antzekoak direla hirurak eta erlazionatuta daudela.

«Bakoitzak asko kontatzen du bere bizipenetatik, eta horregatik da erraza konektatzea, oso barrutik sortua delako. Gauza hauek kolektibizatzeko jarri dugu hor fokua».

Sortze prozesua

Sormen prozesu guztia hiruren artean egin dute. «Obra egiteko idatzi zigutenean, gidoia egin genuen bertsoz, eta gero Iraitzekin ikusi genuen zelan oholtzaratu. Iraitzek begirada guztiz ezberdin bat eman dio. Une komikoak egon dira berarekin. Gu bertsoaren mundu txikitik gatoz, berak ez du asko ezagutzen eta guk oso barneratuta ditugun gauza batzuk -sortze oso mekanizatua, neurriak, postura- berak beste era batean ulertzen ditu. Oso aberasgarria izan da. Gure konfort eremutik asko atera gara une batzuetan».

Gustura daude emaitzarekin. «Ez genuen espero. Hasieran gure buruan ez zegoen atera dena. Ez genuen ezer irudikatu ere egiten. Zerbait berria egiten duzunean, ez dakizu ondo nora helduko zaren».

Gidoia, bertsoz bertso

«Gure barne berbaro, masail odoluste/ zure lotsek nireak ulertzen dituzte/ erru honen errudun zarenik ez uste/ ez gara gu eraiki, eraiki gaituzte».

«Zure frustrazioak iturria non du?/ Lana, haurrak, argaldu, elizan ezkondu.../ gehienez lur zati bat ahalko duzu ondu/ ezin baita bakarka mundua konpondu».

Elkarrizketa bakarra dago hitz lauz, hagitz laburra; gainerakoa bertsotan da. «Bertsoek gidoi funtzioa betetzen dute, ez dira bertso jarriak, elkarrizketak dira bertsotan. Puntu batzuetan tonua aldatu dugu, zentzu gehiago emateko bertsoak performatu ditugu», azaldu dute.

Janire Arrizabalaga, dominak itotzen (Unai BILBAO)

Lan hau sortzeko anitz edan dute feminismotik. «Gure erreferenteak Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’ liburuaren modukoak dira, eta eragina sumatuko da, seguru».

Ibil Bediren musika erabiltzen dute. Miren Amuriza izan zen, bestalde, emanaldia egitera bultzatu eta Lankun aurkeztu zituena. Ixone Asategirena da emanaldiko off ahotsa eta Haize Lekuonarena, aldiz, biolin doinua.

Erreferenteak aipatu ditugu, eta horietako batzuen testuak bildu dituzte obraren esku orrian. Galdera ugariko testua oparitu die Leire Vargas Nietok. Adibidez, «zer gertatzen da azalaren eta ehunaren artean? Zer gertatzen da gorputz baten eta ahots baten artean?»

Olatz Salvador Zalduak zalantza gehiago planteatzen ditu: «Nirea al da nire nortasuna bera? Itzali daiteke?». Nerea Ibarzabal Salegik ere egin du bere ekarpena.

«Oraindik ez zuten obra ikusia. Zertaz zihoan kontatu genien. Zertaz gabiltzan ulertzen duten pertsonak dira».

Ausardia handiz

Izaro Bilbaori literatura, kantua, marrazkigintza eta antzerkia interesatu zaizkio txikitatik. Zortzi urtez antzerkian jarduna da. Donostiara Psikologia ikastera joan zelako utzi zuen, baina antzezlan honen aukera etorri zen berehala, hortaz, ez du utzi.

Araitz Katarain Gizarte Antropologiako ikaslea da Donostian. 11 urterekin lehen antzerki klaseak jaso zituen eta harremana mantendu du diziplina honekin. «Lotsak traba pixka bat egin dit, kosta zait, baina gero oso aberasgarria izan da, balioko dit bizitzarako. Bertsoa oso irmoa da, eta antzerkitik aberastu naiz», adierazi digu.

Izaro Bilbao gorputzari lotutako auziak antzezten (LORALDIA)

Janire Arrizabalaga Ikus-entzunezko gradua ikasten ari da EHUn. Diseinu grafikoko lanak ere egiten ditu eskariz. Ez du lotura handiegirik antzerkiarekin eta hau lehen aldiaren ilusioarekin hartu du.

«Janire eta Araitzengan ikusi dut kristoren ausardia. Azkenean, nik proposatu nien: irtengo gara bertsotik eta urrunago joan?», erran du Izarok.

Gazte eta helduei zuzendutako ordubeteko antzezlana da, barruan egitekoa. «Antzokietan, guztiz ilun gera daitekeen gune batean. Egiturak baliatzen ditugunez itzalak proiektatzeko, handitxoa den leku bat behar dugu, sei metroko zabalerakoa. Halere, saiatzen gabiltza formatu txikiagoa bilatzen».

Lokatz Loreak

“Itzal(iko) bagina” antzerki ikuskizunak Lokatz Loreen zigilua darama. Hiru bertsolariok 2022ko udan sortu zuten sormen taldea, bertso munduan beren tokia aurkitzeko helburuarekin. Egin zuten lehen proiektua Friki Saioak deitutako bost saioko bertso zirkuitua izan zen.

«Espazio seguruak sortzeko asmoz hasi ginen, beti ez dagoelako halako espaziorik. Antzerki honetan ere umoreak badu lekurik, baina kritikoagoa da. Friki Saioak ondo pasatzeko ziren. Hortik gatoz. Horrela egin ginen lagun, egitasmo hori gauzatzen, eta ibilbide horri dezente zor diogu», baloratu dute.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tira komikoak egin zituzten gero, poto.eus-ekin elkarlanean, eta “Bertsolari” aldizkarian ere argitaratu dituzte lan batzuk.

«Lokatz loreak sortu genuen espazio seguruak lortzeko. Ez ginen ezagunak, eta lortu dugu espazio seguru bat, behintzat gure artean», baieztatu dute irribarre konplizez.

Haietako bakoitzak desberdin bizi izan du. Izaro: «Herri batetik nator eta han ez daukat nire adineko jenderik giro honetakoa denik. Beti kasu aparte bat izan naiz nire belaunaldian bertsotan. Hiru kasu aparte batu gara, eta ohartu gara agian jende gehiago dagoela hala sentitzen dena. Zergatik ez dugu hitz egingo bertsotan ‘Harry Potter’-i buruz guri gustatzen bazaigu? Nik bertso munduan kokatzeko beste era bat nabaritu dut. Eta antzerki emanaldiak ere badu horretatik».

Friki Saioetan garrantzi handia zuten ikus-entzunezkoek. Proiektore bat jartzen zuten atzean gauzak erakusteko. Hortik zetozenez, lekua egin nahi izan diete ikus-entzunezkoei antzerkian ere, bertsoarekin harremanetan, Lokatz Loreen marka gisa. Koloreak, objektuak eta itzalak inportanteak dira, sinbologia handia dute.

Lehen emanaldiak

Lehen emanaldiak hauexek dira: apirilaren 13an, 19.30ean Berrizko kultur etxean; maiatzaren 5ean Villabonan, 19.30ean Gurea Aretoan; eta maiatzaren 25ean Lemoan, 20.00etan kultur etxean.

Orain udazkenera begirako emanaldiak antolatzen ari dira. Interesa duenak Lankuren bidez kontrata ditzake, telefonoz, 675 716 472 eta 943 26 07 55 zenbakietara deituta edo marketina@lanku.eus helbidera idatzita.