Manex Altuna

Ospakizunekin jarraitu eta Txapeldunen Ligarako lehian murgiltzeko hitzordua

Valverdek aitortu duenez, «lur hartzea» da taldearen erronka nagusia Vila-reali aurre egiteko. Galarreta zigorturik dago, eta Yeray min hartuta. Horregatik, deialdian egongo dira bigarren taldeko Jauregizar erdilaria eta Egiluz atzelaria.

Athleticeko jokalariek gabarraren gainean ospatu zuten Kopako garaipena.
Athleticeko jokalariek gabarraren gainean ospatu zuten Kopako garaipena. (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Athleticek aste osoa darama Sevillan irabazitako Kopa ospatzen. 40 urteko itxaronaldiaren ostean, Gabarra ateratzeko aukera egon da eta zoriontasuna izan da nagusi. Ernesto Valverdek Lezaman egindako agerraldian azpimarratu duenez, munduari Athletic zer den erakusteko balio izan du eta eskerrak eman nahi izan ditu.

Memoria zuri-gorrian iltzatuta geratuko den pasarte zoragarria bizi ostean, «hodeietatik jaitsi» eta «lurreratzeko» unea iritsi dela esan du entrenatzaileak. Izan ere, Liga bueltan da eta Vila-real hartuko dute igande arratsaldeko 18.30etatik aurrera San Mamesen.

Kopa irabazita Europan jokatzeko helburua bete du talde bilbotarrak. Hala ere, zortzi jardunaldiren faltan Txapeldunen Ligarako lehian murgiltzeko aukera daukate, eta sailkapenean «gorantza» begiratzen dutela ziurtatu du Valverdek. Horretarako, garaipena lortzea garrantzitsua dela onartu du teknikariak. Atletico Madrilek Girona gainditu baitu azken jardunaldian (3-1), eta sailkapenean bost puntutako tartea ireki du talde bilbotarrarekiko.

Are gehiago, kontuan izan da zuri-gorriek Metropolitanon jokatu behar dutela hilaren amaieran. Era berean, irabaziz gero Girona sei puntutara geratuko litzateke, eta Athleticek aurretik amaituko luke liga puntuetara berdinduta bukatzen badute.

Ajea albo batera utzi, eta ospakizunek emandako hauspoari jarraikortasuna ematea izango da lehoien asmoa. Valverdek ezin izango du Kopako finalean zelairatutako hamaikakoa errepikatu. Iñigo Ruiz de Galarreta zigortuta dago, eta entrenatzaileak aurreratu duenez, Yerayk min hartuta jarraitzen du. Vesgak, berriz, kolpe bat jaso zuen finalean, baina deialdian sartu du Valverdek.

Hori dela eta, bigarren taldeko Jauregizar eta Egiluz deialdian sartu dira. Bi jokalariek ez dute parte hartu Bilbao Athleticek Naxara taldearen aurka lortutako garaipenean (4-0). Barakaldok ere irabazi egin duenez, ezin izan dute igoera ziurtatu. Dena den, zortzi puntuko aldea daukate, hiru jardunaldi falta direnean. Bestalde, Junior Bita erdilari gazteak min hartu du. Gurpil-aulkiaren laguntzarekin atera dute zelaitik, eta belauneko lesio larri bat zeukala zirudien. 18 urteko jokalariak denboraldi-aurrea egin zuen lehen taldearekin, baina aurten ez du askorik jokatu bigarren taldearekin.

Marcelinoren itzulera

San Mamesen omenaldiarekin amaituko dira Kopako garaipenaren ospakizunak. Partida berezia izango da, eta salgai jarritako sarrerak agortu dira. Beste festa egun bat izango da zaleentzat, eta ohorezko pasabidea egingo diete jokalariei. Bertan izango dira, 1984an Liga eta Kopa irabazi zuten taldeko ordezkariak Javier Clementerekin.

Valverderen aurretik Athleticen aulkian eseri zen Marcelino Garcia Toral ere egongo da Vila-real zuzentzen. Asturiarrak bi urte egin zituen Bilbon, eta zuri-gorriak zoriontzeko gogotsu agertu da. Oroitzapen goxoak baititu. Batez ere, 2021ean irabazitako Superkopa. Hala ere, ezin izan zuen taldea Europan jokatzeko sailkatu, eta Kopako bi final eta Superkopako beste bat galdu zituen. Lan ona egin zuela esan daitekeen arren, hauteskundeen atarian ez zuela parte hartu nahi esan eta joatea erabaki zuen.

Valverdek gaur aitortu duenez, berak ere ez zeukan hauteskundeetako lehian sartzeko asmorik. Hala ere, azken orduan bi hautagaitzarekin joatea adostu zuen eta Jon Uriarteren eskutik itzuli zen Athleticera. «Nahi gabe» bueltatu dela gaineratu du, eta badirudi karguan jarraitzeko asmoa daukala.

Marcelinok talde zuri-gorria zuzendu zuen orain dela urte pare bat. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Marcelinok talde zuri-gorria zuzendu zuen orain dela urte pare bat. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Athleticek ez du aurkari samurra izango aurrean. Vila-realek goraka egin du sailkapenean Marcelinok hartu zuenetik. Asturiarrak ihes egin zuen Marsellatik denboraldi hasieran zaleekin izandako arazoengatik, eta Vila-realera itzuli da. Horrela, atzeko postuetatik ateratzea lortu du, eta Europako postuetatako lehian sartzeko moduan dago. Etxetik kanpo jokatu dituen azken partidetan hiru garaipen eta berdinketa bat eskuratu dituzte. Defentsa lanetan arazoak izan arren, erasoan eta zelai erdian maila handiko jokalariak dauzkate. Esaterako, hor daude Gerard Moreno, Sorloth norvegiarra eta Guedes portugaldarra.

Azkenik, Vila-realen zuzendaritza ez da San Mamesen egongo. Zuri-gorriekin harremanak apurtzea erabaki baitu Igor Oyonoren fitxaketaren ostean. Athleticek 16 urteko Barakaldoko aurrelaria Lezamara ekarri zuen neguko merkatuan. Hala ere, jokatu gabe egon da Vila-realek oztopatu dutelako. Azkenean, asteburu honetan konpondu da bere egoera, eta gazteen taldearekin jokatzen hastekoa zen.