Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Zabarkeria gutxi balitz bezala, gaitzustea?

"Vitoria exige 113.000 euros a los gestores de Gasteiz Antzokia”. Nik ez; beraz, ez da Gasteiz osoa. Lerroburuak deabruak kargatzen dituela esan ohi da, baina hau ez da kasua; izan ere, ez dut uste deabrua Gasteizko euskaltzaleen topagunearen aurka dagoenik. Martxo amaierako albistea da, eta eskatzailea, Gasteizko Udala. A, bai, Gasteizko Udalak gasteiztarrak ordezkatzen ditu eta abar, baina kasu honetan behintzat, inondik ere ez.

Duela hilabetetsu Gasteizko euskalgintzako hainbat eragilek, beren kezka agertuta, Izaskun Arrue Kulturgunea zabaltzeko eskatu zuten. Hurrengo astean, berriz, arestiko lerroburu horren bidez jakin genuen Udalak ia 113.000 euro eskatzen dizkiola Lazarraga Kultur Elkarteari, eta hurrengo egunean izan genuen elkarte horren kezkaren eta harriduraren berri.

2023ko martxoaren 28an Gasteizko Udalaren prentsa ohar batek zioenez, «Gasteizko Udalak iaz jarri zuen abian Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxea proiektua garatuko duen irabazi-asmorik gabeko erakunde bat aukeratzeko deialdi publikoa. (...) proiektu onena Lazarraga elkarteak aurkeztutakoa izan zen. Gaur goizean berretsi du Tokiko Gobernu Batzordeak erabakia, eta aipatutako elkartearekin hitzarmena sinatzea onartu du». Ohar berak orduko alkatearen adierazpena jaso zuen: «Ilusio handia sortzen digun azpiegitura (...) Izaskun Arrue Kulturgunea euskarazko edukiekin gozatu ahal izateko tokia eta hizkuntza-ohitura berriak sortzeko gunea izatea nahi dugu, baina baita gasteiztar guztiak bilduko dituen topagunea ere».

Apirilaren 5ean, Gasteizko Udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu zuten.

Denborak aurrera egin zuen, ohi duenez, baina Lazarraga Elkartea ez zen besoak uztartuta geratu. 2023ko irailean “Alea” aldizkariak elkarteko kide bi elkarrizketatu zituen. «Argi berdearen zain gaude; programazio guztia antolatuta dago», zioten elkarteko presidenteak eta kulturguneko programazio arduradunak, eta azpimarratu zuten azpiegitura horren irekieraren atzerapenak proiektuari «kalte handia» egiten ziola. Artean ez zekiten norainokoa.

Gasteiz Antzokia eta euskararen etxea hartu behar zituen Ruiz de Bergara jauregian ez da jarduerarik izan, eta ez da harritzekoa, oraindik itxita dago eta. Baina hura kudeatzeko aukeratutako elkarteak xehe-xehe azaldu ditu egin dituen gastuak, «Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako eta izenpetutako Plan Operatiboak ezartzen zuenaren arabera, eta jarduerak egin ezin badira, Izaskun Arrue Kulturgunea prest ez zegoelako izan da». Hain zuzen, programatuta baina egin gabe geratu ziren jarduera horiei dagokien dirua itzultzeko prest zeukaten: 50.487, 48 euro.

Uztailean urte bi izango dira euskararen etxerik gabe gaudela, euskal kultura, euskararen kultura, euskarazko kultura ardatz duen azpiegituraren zain, eta proiektu osoa «hilzorian».

“Gasteizek Izaskun Arrue Kulturgunea behingoz zabaldu dezala eskatu dio Tokiko Gobernu Batzarrari” lerroburua beharbada ez da oso zuzena, badakit Gasteiz osoak ez duela eskatzen, baina nik bai, eta bide batez, gobernu batzar horrek bere zabarkeria aitortu dezala eta oker egin duena zuzendu dezala. •