Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Otzan jokatzearen ordain eskasa jaso du Alavesek Granadan (2-0)

Alavesek 2-0 galdu du Granadan, partida oso kamuts batean. Garcia Plazaren taldea oso otzan zelairatu da eta hasi bezain laster, penaltiz, 1-0ekoa egin du etxeko taldeak. Lehen zatia amaitu aurretik bigarrena ere egin dute andaluziarrek.

Guevara baloi bat jasotzen, atzean Pellistri daukala, Alaveseko jokalari ohi bat.
Guevara baloi bat jasotzen, atzean Pellistri daukala, Alaveseko jokalari ohi bat. (Antonio Luis JUAEZ | AGENCIA LOF)

Aurten Alavesi falta zaio zerbait gehiago talde egonkor baten zantzuak emateko. Denboraldi txukuna ari da sinatzen Gasteizko taldea baina falta zaio erregulartasuna edo partida batzuetan zorrotzago jokatzea. Otzantasuna eta zorrotasunaren dantza horretan dabiltza Luis Garcia Plazarenak eta igande honetan, bertsio otzana zelairatu zen, hiru hilabete pasatxo garaipenik eskuratu gabe zegoen arerio baten aurka. Lehen Mailan jarraitzeko borroka horretan, lasaitasun apur bat gehiago bilatu asmoz, sekulako aukera zuten gasteiztarrek eta ez dute probestu. Are eta eskaini duten itxurak ere zale bat baino gehiago haserraraziko zuen. 

Hasi bezain laster, Lucas Boyeren jaurtiketa indartsu batek zutoinean jo eta aldaratzean, andaluziarren beste jaurtiketa bat Gorosabelek eskuarekin ukitu zuen, disimulu gabe. Bi eskuak gorputzetik oso aldenduta zituela defendatu zuen jokaldia arrasatearrak eta 10. minutuaren aurretik, Uzunik 1-0ekoa egin zuen.

Bi gauza on izan zitzakeen jokaldi horrek: taldea itzartzeko balio zezakeen eta oraindik 80 minutu geratzen ziren partida iraultzeko. Baina Alavesen kemena azaleratu beharrean, Granadak lasaitasuna eta konfiantza irabazi ditu, sailkapenean estu eta larri dabilen arren. Luis Rioja eta Carlos Vicente euren bertsiotik oso urrun ibili dira, eta zer esanik ez Samu Omorodion. Aurrelaria etxera itzultzen zen eta aste honetan azaleratu diren berriek –klub andaluziarra salatu du gehiegizko klausularengatik– ezer onik ez diote ekarri Melillako jokalariari.

Erasoan ez ezik, erdian ere argitasuna falta izan zaio. Antonio Blanco kamuts aritu da, Panichelliri –hasieratik aritzen zen bere lehen partidan– kosta zaio lekua hartzea eta Guevara umezurtz geratu zen. Lehen zati osoan ez dute aukera bakar bat ere sortu eta defentsan duda mudatan aritu dira behin baino gehiagotan. Nehuel Tenaglia aritu da zorrotzen, 15. minutuan jokaldi arriskutsu bat aldentzeko.

Atsedenaldirako zazpi minuturen faltan, ordea, estrategia jokaldi bat urruntzeko zailtasuna erakutsi du Alavesek eta Lucas Boyek, partidako jokalari onenak, ez du hutsik egin Sergio Ruizek atzelarien bizkarrera bidalitako erdiraketa sareetan sartzeko, burukada otzan baina zorrotzarekin. Otzantasun eta zorroztasunaren arteko nahasketa perfektua egin du jokalari argentinarrak.

Erreakziorik ez

Lehen 45 minutuetan Alaves goletik gertuen egon zen jokaldia 1-0ekoarekin izan da, korner batean, Gumbauk baloia eskuarekin ukitu duenean. Babazorroek penaltia eskatu dute baina epaileak iritzi du lehendabizi izterrean eman diola eta errebotez jo zuela eskuan. Partida beste aldarte batekoa izango bazen, jokaldi honek askorako emango zuen baina egiari zor, zerbait lortzetik oso urrun geratu da Alaves Granadan.

Bigarren zatia hasi eta berehala bi aldaketa egin ditu Luis Garcia Plazak –Rebbach eta Sola, Rioja eta Vicenteren ordez–. Freskotasuna ez besterik ez du irabazi, eta berdina gertatu zaio Kike Garcia, Benavidez eta Simeoneren zelairatzeekin. Freskotasuna bai baina ez argitasunik, azken aurreko sailkatuaren zelaian 2-0eko bat iraultzeko. Porrot mingarri honek seguru ekarriko duela erreakzioa hurrengo astean Mendizorrotzan.