Nerea Lauzirika

Memoriaz hausnartzeko gonbita luzatu du Pello Lizarraldek ‘Lanbroa’ liburuan

Nobela berria dakar Pello Lizarralde idazleak, ‘Lanbroa’. Memoria ardatz hartuta hainbat galderaren inguruan idatzitako liburua da, itaunak erantzun ordez, irakurleari galderazk irekitzen dizkiona. Gertarera bera bi ahotsetara kontatu du Erein argitaletxearen eskutik argitaratutako obra honetan.

Lizarralde, Donostiako aurkezpenean.
Lizarralde, Donostiako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Nobela berria aurkeztu du gaur Pello Lizarraldek, Donostiako Udal Liburutegian: ‘Lanbroa’. Inazio Mujika editorearekin solasean eman du obraren xehetasunen berri.

Gizon baten eta emakume baten ahotsak aldizkatzen dira narrazioan, lehen pertsonan oroitzapen berari heltzen diotenak, nork bere ikuspuntutik. Lizarraldek aitortu du zaila egiten zaiola lehen pertsonan idaztea, are gehiago bi pertsonaiaren ahotik kontatutako istorioa bada, ez baita erraza bakoitzari bere nortasuna ematea.

Liburua orainaldian hasi eta bukatzen dela azaldu du idazleak, baina iraganaz ari den kontakizuna da. 

Larunbat arratsalde batez merkataritza gune batean elkar ikusi dute emakume batek eta gizon batek, begiradarik gurutzatu gabe. Topaketak asaldatu ditu eta etxera joateko beharra sentitu dute. Ordu batzuk eman zituzten elkarrekin duela 20 bat urte eta bakoitza bere aldetik biziberritzen joango da orduan jazotakoa. «Lanbropean eta ihesean eman zituzten ordu batzuk, muga oso lauso baten bila», zehaztu du Lizarraldek.

Idazlearen arabera, batzutan ahaztu egiten dugu ahanzturak berak salbatu gaitzakeela eta bizitza eramagarriagoa egiten ere lagundu dezakeela. Liburuan, bi protagonistak «derrigortuta daude gogoratzera, batetik, pentsatuz behin betiko utziko dutela aspaldiko iluntasun hori eta behartuta egon ziren, bestalde, aurrera egingo bazuten, ahaztera».

Autoan ihesean zazpi bat ordu eman zituzten protagnistek elkarrekin. Behartutako bidaia izan zen, inolaz ere ez aukeratua, eta «batek bestearen patua markatzen du». Iraganean jazotakoaren oroitzapena da kontatzen dena, baina orainetik. «Hura gertatu zen eta uste zuten ahaztua zutela, konbentzituta zeuden harik eta elkar topatu arte», azaldu du Lizarraldek.

«Lehen orriak irakurrita izan dezake norbaitek tentaldia irakurketa politiko bat egiteko», baina azalean geratu ordez «hurrengo geruzara» joateko gonbita egin nahi izan du idazleak. Izan ere, memoriaren kontzeptuaren inguruan hausnarketa egiteko abagunea ematen duen liburua da, horretaz galderak planteatzen baititu Lizarraldek, bere interes propioen isla: «Niri galderak interesatzen zaizkit, zailak egiten zaizkidanak, erantzun bat baino gehiago dutenak». 

Memoria zentzu irekian jorratu nahi izan du, idazlearen beraren arabera «eremu zabala» hartzen duelako: «Ez ditu adiera gutxi». Kontzeptuari garrantzia eman nahi izan dio, pasatu gabe, betiere. «Uste izaten da garai batean okertu den hori zuzen dezakeela memoria jardunak; ez da beti hala izaten, baina, memoriaren garrantzia ukaezina da, eta neurri batean denok memoria hutsa gara».

Hain zuzen ere, liburuak ez du erantzunik edo proposamenik planteatzen, galderak, ordea, ugari, gehienak elkarri lotuak: «Gai ote gara nahi duguna ahazteko? Gai ote gara nahi duguna gogoratzeko?»; «Ahazten den hori eta gogoratzen den hori, non eta noiz arte geratzen da?»; «Zer galtzen dugu ahazten gaituztenean eta zer irabazten dugu ahazten dugunean?»; «Zer egin nuen eta zer egin zidan?»... Horretaz guztiaz hitz egiten du liburuak, lanbroa bera metaforatzat hartuta.

Poesiarekin hasi, narratibarekin jarraitzeko

1978an argitaratu zuen ‘Hilargiaren hotzikarak’ poema bildumarekin egin zen ezagun Lizarralde. Aipatu beharra dago hura izan dela idazlearen saio bakarra poesian, haren ostean narratiba landu baitu batez ere. Zazpi eleberri eta bi ipuin liburu kaleratu ditu geroztik. Tartean da ‘Larrepetit’, 2003ko Euskadi Saria irabazi zuen nobela.