NAIZ

30 gorpu baino gehiago dituen hobi berri bat aurkitu dute Al Shifa ospitalearen ondoan, Gazan

Gazako Al Shifa ospitalearen ondoan beste hobi komun bat aurkitu dute ostegun honetan. Orain arte 30 gorpu atera dituzte bertatik eta bi hilerritara eraman dituzte. Osasun ministroak jakinarazi duenez, 34.000 pertsona hil dira dagoeneko Gazako Zerrendan, tartean 14.700 haur, Israelen erasoengatik.

Larrialdietako taldeetako langileak Al Shifan aurkitutako gorpuak ateratzen.
Larrialdietako taldeetako langileak Al Shifan aurkitutako gorpuak ateratzen. (AFP)

Gazako agintariek ostegun honetan jakinarazi dutenez, Al Shifa ospitalearen ondoan 30 gorpu baino gehiago dituen beste hobi komun bat aurkitu dute. Israelen Palestinaren aurkako erasoaldian larriki kolpatutako Gazako hirian dago ospitalea.

Larrialdietako taldeetako langileek orain arte berreskuratutako 30 gorpuak bi hilerritan lurperatu dutuzte. Hamabi gorpu baino ez dituzte identifikatu momentuz, Salama Maarouf Gobernuak Gazan duen Hedabideen Bulegoko buruak ohar batean jakinarazi duenez.

Gorpuen artean emakumeak eta adinekoak zeuden, zaurituez gain, eta zehaztu gabeko gorpu kopuru bat eskuburdinak jarrita eta arropa kenduta zegoen. Horrek «odol hotzean exekutatu zituztela adierazten du», Gazako Osasun ministroaren arabera.

«Oraindik ez da ezagutzen mila pertsona ingururen zoria, horien artean herritarrak, medikuak eta kazetariak, Armada bertan sartu zen unean konplexuan zeudenak. Ez dakigu zer gertatu zen eta gorpuak beste leku batzuetan ezkutatu zituzten», deitoratu du Maaroufek.

«Okupazio armadak Palestinako medikuntza gunerik handiena arpilatzean eta erabat suntsitzean egindako krimen lazgarri eta arbuiagarri hau mediku eremu baten aurka historian ezagutzen den sarraskirik lazgarriena da. Gazako Zerrendaren barruan bizirauteko baliabide guztiak suntsitzen dituen gerraren barruan bonbardatu, erre eta suntsitu dute», adierazi du.

Hala, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalari eskatu dio Armadak Al Shifan egindako sarraskia «maila guztietan» ikertzeko.

Hamasek ospitalean «ehunka» gorpu aurkitu dituztela salatu zuen aste honen hasieran. Mugimendu islamiarrak «eszena beldurgarriak» salatu ditu gorpuak deskonposatzen ari zirela jakin ostean, «faxismo sionista higuingarriari» egozten dion «ankerkeria». Israelek «Nazioarteko Zuzenbidearen urraketekin eta eskala handiko sarraski gerrarekin jarraitzen du», ziurtatu du talde palestinarrak.

34.000 hildako Gazan

Bestalde, Gazako Osasun ministroak iragarri duenez, 195 eguneko gerraren ostean, 33.970 pertsona hil dira Zerrendan, eta 76.770 zauritu; hala ere, Hamasen Gobernuak komunikatu baten bidez adierazi duenez, hildakoak eta desagertutakoak kontuan hartuta, biktima kopurua 40.970koa da.

Zerrendako ospitaleek jasotako gorpuetatik 14.685 adingabeenak ziren, eta 9.670 emakumeenak, Gobernu gazatarraren arabera. Hildakoen artean 485 osasun langile, defentsa zibileko 66 funtzionario eta 140 kazetari daudela zehaztu du.

Ostegun honetan ere, Israelgo armadak iragarri du Gazako Zerrendaren erdialdean 40 «terrorista» hil eta egun azpiegitura baino gehiago suntsitu dituztela, tunel sare bat barne. Nuseirat errefuxiatu eremuaren kanpoaldean egin du operazioa.