Iraitz Mateo

Aldaketa «guztiz gauzatu dadin» 300.000 bozen langa gainditzeko deia egin du EH Bilduk

Kanpaina amaierako ekitaldiak, lan guztia amaitu gabe egon arren eskerrak eman eta balantzea egiteko baliatu ohi dira. Komunitatreak egindako lana eskertzeko baliatu dute Oihana Etxebarrietak, Arnaldo Otegik eta Pello Otxandianok, EH Bilduren izenean.

Etxebarrieta, Kortajarena, Otxandiano, Garrastatxu, Aragones, Murphy eta Otegi, kanpaina itxierako ekitaldian.
Etxebarrieta, Kortajarena, Otxandiano, Garrastatxu, Aragones, Murphy eta Otegi, kanpaina itxierako ekitaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Plaza Barria eszenatoki berri baterako plaza ederra litzateke. Ostiral iluntze honetan hori sumatu da behintzat, EH Bilduren hauteskunde kanpaina amaierako elkitaldian. Ez dakit aldaketak zein osagai dituen, baina bertan nabari ziren ilusio eta urduritasun nahasketa, edo horrelako zerbait izan daiteke.

Okasiorako prestu zegoen ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago plaza, Plaza Barriko etxeetako balkoietan presoen aldeko banderolak eta Sevillako ajea pasa gabeko Athleticeko banderak, plazaren inguruan, ikurrinak eta nafar banderak, zerua urdin eta jendea, jendea gainezka. Txarangaren doinuek erakarri dute jendearen arreta, lagun zaharren besarkadek eta kide berrien keinu konplizeek hartu dute plaza.

Ohi moduan, hitzartutakoa baino beranduago abiatu da ekitaldia, ikurrinak astintzearekin batera. Nazioarteko kideen parte hartzea ere izan da ekitaldian, Etxebarrietak esan bezala «etorkizun aske eta duin batekin amesten dutenak». Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Conor Murphy Ipar Irlandako Finantza ministroak hartu dute hitza, alderdi subiranistari bere elkartasuna adierazteko.

Michelle O’Neill Irlanda iparraldeko lehen ministroaren babesa ere jaso du Pello Otxandiano hautagaiak, bideo bitartez.

 

Eta oraindik urrunagotik, Pepe Mujica Uruguayko presidente ohiak ere mezua bidali du.


Bizkarrezurra, herritarrak

Otegik Euskal Herriaren bizkarrezurra, herritarrak direla nabarmendu du, eta horregatik, herritarrekin hitz egiteaz gain, entzun egin behar zaiela, behiekin hitz egiten duenik ere badela esan du, baina behiak zer erantzuten dion jakin nahiko lukeela gehitu du berak, ohiko umorearekin.  

Euskal Herria, nazio ikuspegia

Bizkarrezurren inguruan hasita baina, datorren igandean Euskal Herriko hiru lurraldeetako hauteskundeak besterik ez direla nabarmendu du: «Eta soilik hiru herrialde hauetatik begiratzea, begi bakarrarekin eta okerrarekin ikusiko dugu Euskal Herria. Gurea zazpi lurraldez osaturikoa herria da. Askapen prozesua da gurea, egiten ditugun urrats guztiak globalki ulertu eta landu beharko ditugu».

Gazteizko Parlamentua abertzalea eta ezkerrekoa izango dela esan du Otegik, hori dela «mandatu popularra» eta horretarako, ezinbestekoa dela EH Bilduren lidergotza. «Gure seme-alaben bizitza Estatu espainiar, frantses eta merkatuaren esku uztea abentura bat da, Guk administrazio publiko bat, Euskal Herrikoa eskaintzen dugu, eskubideak bermatuko dituena», gehitu du etorkizunari begiratuz. Etorkizuna zenbakietan jartzera ere ausartu da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300.000 boto gainditzeko erronka jarri du mahai gainean: «Gasteizko Parlamentuan 30 eserlekuetatik gertuago egongo gara 20 eserlekuetatik baino».

«Ari, ari ari, Pello lehendakari» koroak sumatu dira ikurrinen dantzekin batera, eta horrela hurbildu da EH Bilduko lehendakarigaia mikrofonora. Otxandianok, bidaia azken geltokietara iristen ari dela adierazi du, eta bere bidaia pertsonalaren hasiera kontatu du: «Nik ez dut nire aurpegia autobus batean ikusten, bilatu beste bat mesedez». Hori izan omen zen Otegiri uztailean erantzundakoa, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, alderdian jende dezentek bete zezakeela lehendakarigai postua, baina berak ederki egingo zuela bazekiela esan zion.

300.000 bototik gora

Eztabaida politikoaren erdigunean alderdi suberanistaren begirada jartzea lortu dutela aipatu du, eta ikasturte politikoa hasi zenetik batzuek eta besteek esandakoaren errepasoa egin du, labur eta zorrotz: «Irailean konspirazio bat omen zegoen Gobernuaren aurka, sindikatuek eta ezkerreko soberanismoak antolatuta. Guk esaten genuen ez dugula jakin etorkizuna prestatzen, herri honek badituela gaitasunak komunitarioak, sozialak, instituzionalak. Katastrofistak deitzen ziguten. Orain zein da beraien diskurtsoa? Inork ez du zalantzan jartzen Osakidetzan arazo bat dagoenik; orain dela gutxi arte etxebizitza ez zen arazo bat, eta gaur inork ez du zalantzan jartzen hemen arazo bat dagoela etxebizitzarekin eta instituzio publikoen ardura dela. Eta inork ez du zalantzan jartzen politika egiteko beste modu bat behar dela». Ikuspegi aldaketa azken asteetan egindako lan politikoaren ondorioa dela txalotu du.

Aldaketen inguruan hitz egiterakoan, «jada gauzak aldatu» direla nabarmendu du. «Leku berri batera iritsi gara, leku berri batean gaude, aukera berrien bila abiatzeko abiapuntua da. Aldaketa gertatu da jada, aldaketa soziologikoa da, sakona, hori igartzen da jendearen begiradan, bizipenetan, eztabaida politikoaren gaietan», aldarrikatu du hunkiturik.

«Inoizko emaitzarik onenak atera behar ditugu aldaketa hori emateko. Inoizko emaitza hoberenak aterako ditugu, etorkizuna zure esku dago», egin dio dei boto-emaile subiranistari. Eta amaitzeko, Euskalduna jauregian lehendakarigai izendatu zutenean aipatutakoak ekarri ditu gogora: «Orduan Telesforo Monzonen hitzak ekarri nituen: Zuek utopikook ekarriko duzue askatasuna Euskal Herrira. Hitz profetiko horiek eguneratzeko momentua dela iruditzen zait: guk utopikook ekarriko dugu Euskal Herrira askatasuna!».

Ilundu da ekitaldia amaitzerako, fokuak ere itzali dituzte, baina zenbait begiradatan itxaropena sumatzen da.