UWCL: Azken-aurreko atala idatziko dute hautagaiek larunbatetik aurrera

Larubatean jokatuko dira Txapeldunen Ligako finalerdien joaneko partidak. Bartzelonak Chelsea hartuko du, iazko kanporaketa errepikatuz, eta Olympiquek Paris Saint Germainen bisitari ekingo dio.

Erin Cuthbert eta Patri Guijarro Chelseak eta Bartzelonak iaz jokatu zuten finalerdietako jokaldi batean.
Erin Cuthbert eta Patri Guijarro Chelseak eta Bartzelonak iaz jokatu zuten finalerdietako jokaldi batean. (Lluis Gené | AFP)

Fanny Vagok Ferencvarosentzat txapelketako lehen gola sartu eta zazpi hilabetera, bizirik jarraitzen duten azken lau taldeek Txapeldunen Ligako azken-aurreko atala idatziko dute larunbatean eta datorren asteburura bitartean. Bartzelonak eta Chelseak iazko finalerdia errepikatuko dute eta Olympiquek eta Paris Saint Germainek etxeko burruka Europara eramango dute beste behin.

Bartzelona - Chelsea (larunbata, 13.30)

Liga Fko eta WSLko liderrek topo egin dute txapelketan hirugarren aldiz. Aurrekariak ez dira gehiegi baina bai nabarmenak, batez ere Bartzelonarentzat, bietan garaile suertatu baita. 2021ean lehen Txapeldunen Liga eskuratu zuen finalean Londreseko taldea jipoituz eta iaz finalerdietan kanporatu zuen Chelsea, ondoren txapelketa bigarren aldiz irabazteko.

Jonathan Giraldezen taldeak istorioa errepikatu nahi du, noski, eta gainera bi denboraldi horietan, inoiz izan ere, lortu ezin izan zuen helburua ospatu nahi du oraingoan, lehiatuko dituen lau tituloak eskuratuz. Superkopa poltsikoratu du dagoeneko, Liga guztiz bideratuta dauka, Kopako finala jokatuko du eta Europan bizirik dirau San Mamesek finala hartzeko bost aste besterik falta ez direnean.

Faborito izatearen presioari ekin beharko dio egungo txapeldunak baina, egoera horretara ohituta egoteaz gain, bere aurkariarena ez omen da askoz erosoagoa. Denboraldi hasieran amesten zuen titulu-pokerra ezin eskuratu bakarrik ez eta Chelseak urtea zurian ixteko arriskuan dago. FA Cup eta League Cupetik kanpo, aurkari zailenari egingo dio aurre Txapeldunen Ligan eta WSLa lideratu arren, Manchester Cityrekin duen borrokak –puntutara berdinduta daude sailkapenaren buruan– ez dio hutsegiterik izateko tarterik uzten. Entrenatzaile biek, gainera, motibazio bereziarekin ekingo diote kanporaketari, egungo aulkietan lortu dezaketen azken titulu handia baita, denboraldi amaieran biak joango baitira Estatu Batuetara; Washington Spiritera Giraldez eta selekziora Emma Hayes.

Finalerdietako joaneko zein itzuliko partidak asteburuan jokatuko direnez, aurkari biek egutegia moldatu egin behar izan dute. Chelseak Astonen Vilaren kontrakoa aurreratu eta asteazkenean jokatu zuen (3-0 irabaziz) eta Bartzelonak datorren asteazkenera atzeratu du igandean Levante Las Planasen kontra jokatu beharko lukena. Biek plantilla luzea eta egutegi gainkargatuta izateko ohitura badituzte ere, esfortzuen kudeaketa erabakigarria izango da kanporaketan.

Mapi Leonen bajarekin ekingo dio Katalunyako taldeak Montjuiceko Olinpikoak hartuko duen norgehiagokari. Zerrenda luzeagoa da Chelsearen kasuan, bost jokalari baitira lesio larriek jokoz kanpo utzi dituztenak; Sam Kerr, Mia Fishel, Aniek Nouwen, Millie Bright eta Maren Mjelde, alegia. Gainera, Lauren Jamesen zalantzarekin bidaiatu du Hayesek.

Olympique Lyon - Paris Saint Germain (larunbata, 19.00)

Frantziako anaiarteko dueluan, bajen listari izen esanguratsua gehitu zaio azken egunetan. Eugeni Le Sommer historikoa –400 partida baino gehiago Olympiqueko kamisetarekin– kirofanotik pasatu da selekzioarekin lesionatu ondoren eta denboraldi amaiera galduko du. Baliteke, berriz, Sonia Bompastorrek kontratua 2027ra arte berritu berri duen Ada Hegerberg bueltan izatea. Azken ordura arte zalantzan egongo da txapelketaren historiako golegile nagusia, Delphine Cascarino taldekidea bezala. PSGren aldetik, Elisa de Almeidak, Lieke Martensek eta Jackie Groenenek alta hartu dute; Claire Huntek eta Oriane Jean-Françoisek, berriz, erizaindegian jarraitzen dute.

Ada Hegerbergek 2027ra arte berritu du aste honetan Olympiquekin, Bartzelonarekin lotzen zioten zurrumurruak ezeztatuz. (OL Feminin)

Arantza asko kentzeko gogoekin ekingo diote talde biek kanporaketari. Marka guztiak hautsi dituen Olympiquen kasuan, txapelketari berari dagokio mingarriena, iaz final laurdenetan amaitu baitzen bere bidaia. Gainera, Chelseari gertatzen zaion bezala, eta nahiz eta Frantziako Superkopa eskuratu zuen, denboraldia inolako sari handirik gabe amaitzeko arriskuan dago. Azpaldiko ustekabe handiena sufritu zuen Kopako finalerdietan, FC Fleuryren kontra penaltietan galduz. Eta aurreko asteburuan Ligako lehen postua ziurtatu bazuen ere, aurten ezarri berri den play-offa gainditu beharko du oraindik titulua 17. aldiz irabazi nahi badu.

Europan aurrera jarraitu eta finala 11. aldiz jokatu nahi badute, Lyonekoak Paris Saint Germain artxiaurkaria gainditu beharko dute. Honi ere ez zaio atera beharreko arantzarik falta. Kopako finalerako sailkatu bada ere –eta Olympique kanpo dagoenez, irabazteko aukerak dezente handitu ditu–, bere helburu handiena den Olympiquek Ligan duen hegemonia apurtzetik oso urrun geratu da. Txapeldunen Ligari dagokionez, herrikideek ez bezala, inoiz ez du trofeoa altxatu, finala birritan jokatu badu ere. Azkenengo aldiz, badira zazpi urte, Olympiqueren beraren kontra galdu zuen penaltietan, porrota mingarriagoa egiteko. Guztira, sei aldiz gurutzatu dira Frantziako bi talde handiak Txapeldunen Ligan –hirutan finalerdietan– eta birritan bakarrik irabazi dute Parisekoek. Oraingoan ere Olympique da faborito baina Paris Saint Germainen ezaugarri bat nabarmendu behar izanez gero, aurpegi onena edo txarrena noiz eskainiko duen aurreratzearen ezinezkotasuna izango litzateke, Manchester United aurretiko kanporaketan gaindituz –Olympique, Bartzelona eta Chelsea multzoko faserako txartela zuten euren Ligak irabazita– hasi zuen txapelketa honetan bertan erakutsi duen bezala.

Joaneko partida Groupama Stadiumean jokatuko da bihar eta dagoeneko 30.000 sarrera saldu direnez, partida berak 2019ean ezarri zuen zaletu marka hautsiko da.