Arnaitz Gorriti

IDK Euskotrenen partida bikaina Valentzia Basketeko izarrek zapuztu dute (59-60)

Alba Prieto eta Iris Mbulitoren bitartez, 12 puntuko aldea izan du talde donostiarrak aurreneko erdi negargarri baten garaile atera eta gero. Tamalez, Iagupobvaren eskutik valentziarrek buelta eman diote norgehiagokari azken laurdenean erdietsitako 0-17 partzial baten ostean.

Iris Mbulitok minutu bikainak jokatu ditu hirugarren laurdenean.
Iris Mbulitok minutu bikainak jokatu ditu hirugarren laurdenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK EUSKOTREN 59 - VALENTZIA BASKET 60

Bertan izan du garaipena IDK Euskotrenek, 12 puntuko aldea ere izan baitu Valentzia basketen aurka. Baina egungo liga eta Kopa txapeldunak bere talentua garaiz atera du. Azken laurdenean 0-17ko partziala erdietsi du, Alina Iagupova ukrainarra buru dela, eta azken segunduetan Queralt Casas eta Hemperen hirukoek puntu bakarreko garaipena eman diote talde valentziarrari.

Nolanahi, IDK Euskotrenek harro egoteko moduko partida egin du, hirugarren laurdenean batik bat. aurreneko erdi negargarrian irabazle atera ostean, Alba Prieto eta Iris Mbulitoren bidez ihes egin ahal izan zuen markagailuan. Azken minutuetan Valentzia Basketen talentua larregizkoa izan zen partida eraman ahal izateko, baina behintat duintasunez galdu dute Azu Muguruzarenek.

Bezperan Estudiantesek Zaragozari irabazi zion eta balentria horrek hauspotuta edo, IDK Euskotrenek ere bikain ekin dio neurketari, 9-2ko partzial baten bidez. Alba Prieto ez zen punturik sartzeko gauza izan talde hauek biek Kopan azken laurdenetan elkarren aurka jokatu zutenean, baina ostegun honetan ederto asko aurkitu zuen antolatzaile andaluziarrak saskirako bidea aurreneko minutu horietan.

Valentziak deseroso ekin dio, kantxan bere lekua aurkitu ezinik, hasierako bostekoan atera den Leticia Romeroren bitartez eta aurreneko aldaketekin defentsako lana gogortu badu ere, erasoan atarramendurik ez, eta Ruben Burgosek ezinbestean hutsartea eskatu behar izan du, markagailua 11-4 dela.

Iparra galduta aritu da egungo Emakumeen Endesa Ligako eta Kopako txapelduna, baina ez du behar bezala baliatu egoera hori talde donostiarrak. Hirukoekin tematu dira valentziarrak, baina batere asmatu gabe, nahiz eta jaurtiketa argiak izan.

Bestetik, Elena Buenavida eta Alba Torrens kantxaratzeaz bat, Valentzia Basket erreboteak irabazten hasi da eta jaurtiketa egoera hobeak aurkitzen ere bai. Marie Gulich pibot alemaniarrak uztaipea bere etxe bihurtu du aurreneko laurdenaren azken minutuetan eta, hala, 0-8ko partzial bati esker, Valentzia Basketek buelta eman dio laurdenaren amaieran Ibaeta Basketen hasiera bikainari: 11-12.

Burua lepo beretik dela ekin dio bigarren laurdenak ere, talde biek puntuak pilatzeko sekulako arazoekin. Bost minutu behar izan ditu etxeko taldeak bere aurreneko saskiratzea lortzeko, aurrez Iris Mbulitok jaurtiketa libre bat sartu badu ere. Alabaina, Valentzia ez da ezta neurri eskas hori ere emateko kapaz izan, Queralt Casasek minutu bat beranduago bi saskiratze jarraian kateatu dituen arte.

Hutsartea eskatu du 14-16ko markagailuarekin Azu Muguruzak eta, tira, halakoren baten esnatu dira bere jokalariak. Uztaipean bada ere saskirako bidea aurkitu dute eta horrez gain, erreboteak jasotzeko garaian Iris Mbulitok sekulako lana gauzatu du, berdin defentsan nola erasoan, aurrean munduko mailako izarra den Alina Iagupova ukrainarra izanagatik.

Are gehiago, partida atsedenaldira iristear dela, Maria Españak partidako bigarren hirukoa asmatu du –aurrenekoa Alba Prietok partida hastapenean asmatu ondoren–. Besterik ezean, eta saskibaloi mailari dagokionez horrenbeste kalamidade nozitu eta gero, aldageletara 23-18 aurretik iristea balentria izan da ia donostiarrentzat.

Izarrak piztu arte

Atsedenaldiak on egin dio Ibaeta basketi. Aurreneko erdian bizi izandako sustoa atzean utzita, kateak apurtu eta hegan egiteko baliatu dute Azu Muguruzarenek. Iris Mbulitok Donostiara iritsi denetik bere minuturik oneneak jokatu ditu hirugarren laurden honetan eta Valentziak berak, batez ere Fingallen bidez puntuak errazago sartu, gipuzkoarrak aldea zabaltzea lortu dute, hamar puntuko mugara iritsiz.

Baina Valentzia Basketek noizbait esnatu behar zuen eta Iagupovak bere maila erakusteko ordua iritsi dela erakutsi du. Ukrainarraren bitartez, 0-17ko partziala lortu zuen Valentzia Basketek, 47-37tik 47-54ra irauliz markagailua. Zorionez, Ibaeta Basketek ez du bururik makurtu eta Erin Whalen zein alba Prietori esker 56-55 aurretik jartzea lortu du, minutu baten faltan.

Alabaina, Ruben Burgosek zuzentzen duen taldeak ez du partida oparitzeko aukeratik eman nahi eta Hempe eta Queral Casasen hirukoek neurketa erabakita utzi dute. Prieton 59-60koa ere sartu du eta Maria Españak azken aukera bat izan du, baina kantxa erditik, ezin asmatu. Nolanahi, burua tente agur esan diote Gascari Azu Muguruzarenek. Igandean nekez irabaziko dute Valentziako Fontetan, baina behintzat leihakor izatea lortu dute atzo, eta ez da gutxi.

FITXA TEKNIKOA:

IBAETA BASKET: Alba Prieto (17), Iris Mbulito (14), Maria España (7), Becky Massey (6) eta Jewel Tunstull (3) –hasierako bostekoa– Laura Westerik (5), Lara Gonzalez (3), Erin Whalen (4) eta Yurena Diaz.

VALENTZIA: Romero (5), Iagupova (18), Queralt Casas (7), Fingall (8) eta Hempe (9) –hasierako bostekoa–, Gulich (11), Buenavida (2), Ouviña, Ginzo, Torrens, Awa Fam eta Maria Eraunzetamurgil.

Epaileak: Lema, Marqueta eta Martinez. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 11-12, 14-6, 21-17, 15-25.

Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako final-laurdenetako joaneko partida, Josean Gasca pabiloian jokatu dena. Maria España Almendro donostiarren kapitainaren azken partida ere izan da Ibaeta Basketen elastikoarekin.