Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Lawfare: berria ez den jarduera bat, sei kasu paradigmatikotan

Law (legea) eta warfare (gerra) hitzen laburdura da «Lawfare», eta gerra judiziala adierazten du. Hitza berria da askorentzat; praktika, aldiz, aspaldikoa. Izen asko jaso ditu, prozesu eta protagonisten arteko antzekotasun ugarirekin: prentsaren erabilera eta eskuinaren uzta.

Lopez Aguilar eta Grande Marlaska, 2018ko ekitaldi batean.
Lopez Aguilar eta Grande Marlaska, 2018ko ekitaldi batean. (Ricardo RUBIO | Europa Press)

Lawfare» hitza barra-barra dabil, hamarkada honetako hitzetako bat izango da, «pandemia» terminoarekin batera. Bere definiziora baldin bagoaz, aldiz, fenomenoa askoz zaharragoa dela ikusiko dugu: «Gerra juridikoa, Justiziaren instrumentalizazioa, politikaren judizializazioa edo jazarpen judiziala. Estatuko eta nazioarteko instantzia judizialak gehiegikeriaz edo legez kontra erabiltzea, legezkotasun itxura mantenduz, aurkariaren aurka herritarren gaitzespena eragiteko edo desgaitzeko». Hona hemen, etxean zein nazioartean, hau irudikatzen duten sei kasu.

Inputazioak eraiki

Espainiako presidente Pedro Sanchez eta bere bikotekide Begoña Gomezen inguruan sortutako egoera eta inputazioak gaitzespen eta elkartasuna ugari pilatu ditu. Haren alderdiak «Pedro ez amore eman» kanpaina abian jarri du. Hala ere, PSOEri ez zaio ezezaguna eginen orain pairatzen ari den fenomeno hau.

Rodriguez Zapateroren Justizia ministro zen Juan Fernando Lopez Aguilarrek, 2006an, Senatuan adierazi zuen Gobernuak «ahalegin guztiak egingo zituela» 2009an Unai Parot espetxetik ateratzea saihestuko zuten «inputazioak eraikitzeko», Iñaki de Juanarekin «egin zen bezala».

Kasu askotan medioetan edo epaitegietako lehenbiziko pausoetan galtzen dira kasu hauek, baina Euskal Herrian espetxea ohiko bihurtu zen hamarkada luzez. Parot bera 1990ean espetxeratu zuten, eta Auzitegi Nazionalak 2029rako aurreikusita dauka haren irteera.

Eta inputazioak eraiki ezin badituzu, autoinkulpazioak eraiki ditzakezu. Ez ote da «lawfare» mota bat torturapean lortutako adierazpenak froga ukaezinaren kategoriara igotzea? 5.000tik gora dira Euskal Herrian dokumentatutako kasuak. Horien artean, aurreko hamarkadan gazte mugimenduaren aurka egindako epaiketa ezberdinetan. Guardia Zibilaren informe batean jarritakoa, froga gehiago gabe, nahikoa zen epaiketara iristeko.

Ez da beharrezkoa hain urruti joatea. Astebete ez da Dignidad y Justiciak Arnaldo Otegiren aurka mugimendu judiziala egin zuela kanpainaren azken egunean.

Fiskaltzak findu

Eta txosten polizialak edo aipatutako eskuin muturreko elkarte batek ez badu egiten, Fiskaltzak har dezake lekukoa. Gutxitan azaltzen da hainbeste informazio helburu politikoekin egindako polizia jarduera irregularrei buruz, baina Kataluniako prozesuarekin amaitzea helburu izan zuen «Katalunia operazioa» xehetasun askorekin egin zen ezaguna.

Kazetariek eta Parlamentuko ikerketa batzordeak Espainiako Barne Ministerioaren eta polizia talde baten arteko loturak azaldu zituzten. Hor kokatzen da Mariano Rajoyren Barne ministro zen Jorge Fernandez Diazen esaldirik ezagunena: «Hau Fiskaltzak finduko dizu».

2014ko urriaren 27an, azaroaren 9ko kontsultatik bi astera, Eduardo Inda, Esteban Urreztieta eta Fernando Lazaro kazetariek ‘El Mundo’ egunkarian sinatutako testu baten arabera, «Xavier Triasen (orduko Bartzelonako alkatea) 12,9 milioiko kontu bat ikertzen ari dira Andorran».

Triasek berehalako kereila iragarri zuen, eta, horren ondoren, hurrengo egunean, egunkari berak alkatearen ustezko kontu zenbakia argitaratu zuen UBS bankuan. Akats larria, zenbakia ez baitzetorren bat UBSren kontuen zenbaki kodeekin ere.

‘Publico’ hedabideak argitaratutako grabaketa batean, Daniel de Alfonso Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak aitortu zuen ez duela «inolako frogarik, bat ere ez, bat ere ez», baina esan ziotela «Xavier Triasek 12 milioi inguruko kontu bat duela atzerrian». «Suntsitzailea da berarentzat», erantzun zuen Fernandez Diaz ministroak. «Hori Fiskaltzak finduko dizu» ospetsua gehitu zuen.

Grabaketa horiek bestelako perlak ere utzi zituzten. «Hatza altxatu eta independentzia esaten duen hori ikertu egiten dugu». Eugenio Pino Espainiako Poliziaren alboko zuzendari operatibo ohiaren hitzak dira.

Monica Oltra

Beste kasu batek Monica Oltra Compromiseko buruzagi eztabaidaezinaren karrera politikoa mugara eraman zuen, 2022ko ekainaren 21ean dimisioa eman zuen arte. Kasua Compromiseko buruzagiak, barne-espediente baten bidez, bere senar ohiaren, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik akusatutako hezitzaile baten, prozesu egoera hobetzeko maniobrak egin ote zituen argitzen saiatu zen.

Bi urteko ikerketaren ondoren eta Oltra politikatik baztertu eta gero, magistratuak esan zuen ikertuaren departamentuaren jarduna agian ez zela zuzena izan, baina horrek ez duela esan nahi garrantzi penala duenik. Hala ere, Compromiseko buruzagiaren inputazioak ondorio politiko izugarriak izan zituen Valentziako panoraman: Compromisek aktibo nagusia galdu zuen bide horretan eta hurrengo hauteskunde hitzordua galdu egin zuen, PPren eta Voxen eskuin muturraren arteko aliantza bultzatu zuenez. Azken hau, bide batez, kausa judizialean akusazio partikularra zen.

«Prebarikazio administratiboaren, adingabeak bertan behera uztearen eta delituak jazartzeko betebeharra ez betetzearen» ustezko delituak, epailearen hitzetan, «behin betiko inputazio judizial baten oinarri ezin diren susmo, espekulazio edo aieru huts» gisa geratu ziren.

Podemos, Konstituzionalera

Hilabete hasieran iragarri zuen Podemosek Auzitegi Konstituzionalera jo duela, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionaleko García Castellok eta Gadea epaileak ikertzeari uko egin ostean. Bederatzi hilabetez sekretupean ikertu zituzten Podemosen sortzaileak, finantza delituak leporatuta, baina ikertuen izaera eman gabe, eta zenbait hedabidek ustezko aurrerapenen berri eman zuten bitartean.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko salak artxibatu zuen instrukzioa. «Prebarikazioa eta sekretuak ezagutaraztea» leporatzen die Podemosek. Alderdiaren arabera, «Estatuaren autoritate izaeran babestuz eta izaera horri datxezkion ahalmen eta botereak erabiliz, alderdi politiko demokratiko baten kaltetan» aritu ziren biak.

Podemosen ustezko legez kanpoko finantzaketaren auzia 2017an artxibatu zuten, baina 2021ean berriro ireki zuten, Hugo 'El Pollo' Carvajal Venezuelako jeneral ohiak alderdiaren aurkako frogarik gabeko akusazio batzuk egin ondoren.

Portugalen, boterera

Influencer operazioak lurrikara politiko bat eragin zuen Portugalen azaroan, orduko lehen ministro Antonio Costaren dimisioa eraginez eta hauteskundeak aurreratzea azkartuz, azkenean eskuina boterera goratuz.

Lisboako Apelazio Auzitegiak duela hamar egun eskas erabaki zuen ez dagoela frogarik «delitu motaren bat» egon zela pentsatzeko. Magistratuen ustez, Fiskaltzak «epaiketa espekulatiboak» egin zituen, eta ez zegoen «inolako zantzurik» Sinesko portu-hirian datu zentro bat eraikitzeko proiektuaz. Salaketa horiek «lausoak» eta «generikoak» dira.

Fiskaltza kritikatu zuen Auzitegiak, «ezer erakusten ez duten» telefono entzuketetan oinarritutako ideia bat sortzeagatik. Fiskaltzak, bere tesia babesteko, egunkari eta aldizkarietako artikuluen 1.000 orrialde baino gehiago espedienteari eranstea erabaki zuen, Manos Limpiasek Begoña Gomezen aurka gaur egun jarritako salaketa gogora ekarriz.

Brasil

Kasurik paradigmatikoenetako bat Lula da Silva Brasilgo egungo presidenteak jasan zuen. 580 egunez preso egon zen, irudi publikoa kaltetua ikusi zuen, eta, Valentzian eta Portugalen gertatutakoa errepikatuz, Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren garaipena ahalbidetu zuen.

Brasilgo agintariaren aurkako zigorra bertan behera geratu zen 2019ko azaroan, baina kaltea eginda zegoen, botere mediatikoari esker brasildar askok uste izan dutelako Lula da Silva ustela zela. Azkenik, Brasilgo Auzitegi Gorenak kondena baliogabetu zuen eta honako epaia eman zuen: «Lularen aurkako espetxea muntaia bat izan zen, Estatua konkistatzeko».