NAIZ

Aniztasunaren erdigune izan da Hernaniko Atsegindegi, Bizipoza Jaian

Aniztasunaren festa erraldoia. Horrelakoxea izan zen Bizipoza Jaia Hernanin, joan den larunbatean, bertaratu ziren milaka herritar eta familien parte-hartzearekin. Eguraldi petralak ezin izan zuen zapuztu antolatzaileen eta laguntzaileen ilusioa eta gogoa, eta zapore gozoarekin amaitu zuten eguna.

Bizipoza Jaian elkarteak izan ziren protagonista, uneoro.
Bizipoza Jaian elkarteak izan ziren protagonista, uneoro. (BIZIPOZA ELKARTEA)

Atsegindegi izan zen larunbatean Hernanin ospatu zen Bizipoza Jaiaren erdigunea, bertara mugitu baitzituzten ekintza guztiak, eguraldiaren eraginez. Lepo bete zen plaza, goizetik iluntzera bitarte, ekintzaz ekintza. Bizipoza osatzen duten elkarteak – izaera bereziko gaiak lantzen dituztenak eta haur eta familien ongizatea helburu dutenak– izan ziren protagonista, uneoro.

Bakoitzak jarri zuen bere postua, elkarteari buruzko informazioa emateko. Postuetatik taula gainera ere eraman zuten haien jarduna. Zapotxin, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunean, esaterako, elkarte bakoitzeko ordezkariak igo ziren taula gainera txandaka, eta azaldu zuten zer den Bizipoza haientzat: guztiek partekatu zuten beraien bizipoza.

Zapotxin, Porrotx eta Marimototsen emanaldia. (BIZIPOZA ELKARTEA)

Magiak ere egin zuen bere lana taula gainean, aniztasunerako bidean. Poltsa batean sartu zituzten koloretako zapiak, eta ortzadarra atera zen bertatik. Hura bezain koloretsuak izan ziren eguneko ekintza guztiak.

Herburu konpainiako erraldoi eta buruhaundiek zoramena eragin zuten haur eta gaztetxoen artean, eta Doberaren Euskal Tonbolak 130 sari banatu zituen. Hainbeste jende gerturatu zen jokatzera, saririk gabe geratu ziren asko, hain opari sorta oparoarekin ere.

Norberak jarri zuen bere ale goxoa

‘Go!azen’eko lagunek, Ttarlako dantzariek, Hernaniko Musika Eskolako trikiltilariek, Kanika Aisialdi Taldeko kideek, Aratz Ikastolak, Hernaniko Gaztelekuak... Denek jarri zuten bere alerik goxoena, bertaratuen gozamenerako. Eta goxoaz ari garela, halakoa izan zen Pausoka Elkarteak antolatuta bazkariaren paella. Denek nahi izan zuten bertan bazkaldu, eta arroz alerik ere ez zen geratu azkenerako.

Pausoka Elkartearen paella goxoan ez zen arroz alerik ere geratu. (BIZIPOZA ELKARTEA)

Eskertza ekitaldia izan zen Bizipoza Jaiaren une berezienetako bat. Emozioak ageri-agerian zirela, urte osoan egiten duten lan nekaezina eskertu zieten Bizipoza osatzen duten elkarteei. Ezin eskertu gabe utzi partaide, babesle, antolatzaile eta boluntarioen lana ere, beraiei esker izan baitzen posible larunbateko festa. Guztien lan eta ekarpenagatik hartu baitzuen zentzua, Atsegindegin, denbora luzez egindako lanak.

Eta festa goxoa, modurik goxoenean agurtu zuten. Itzal erromeriak egunari errematea jarri ondoren, taula gainera igo ziren Bizipoza Jaiaren antolatzaileak, eta bertaratutako guztiek elkarrekin abestu zuten ‘Lau teilatu’.