NAIZ

Amaia Apalauza Ollok irabazi du 2024ko (H)ilbeltza beka

Amaia Apalauza itzultzaile iruindarrak eskuratu du VIII. (H)ilbeltza beka, Nuria Cadenesen ‘Guillem’ euskaratzeko. Gazte antifaxista kataluniarraren gaineko kontakizuna bildu zuen Cadenesek 2000. urtean argitaratutako liburu honetan.

Amaia Apalauza Ollo, (H)ilbeltza bekaren sariduna.
Amaia Apalauza Ollo, (H)ilbeltza bekaren sariduna. ((H)ILBELTZA)

Amaia Apalauza Ollo itzultzaile eta euskara zuzentzaile nafarrak eskuratu du Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak esleitzen duten (H)ilbeltza beka, Nuria Cadenesen ‘Guillem’ eleberri dokumentala euskaratzeko. Liburu horretan, 2000. urtean argitaratua, 1993an faxisten eraso baten ondorioz hil zen Guillem Agullo y Salvador gaztearen heriotza eta ondorengoak bildu zituen Cadenesek.

Baztango alkate Fernando Anbustegik, (H)ilbeltza elkarteko ordezkari Beñat Irastorzak eta Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrula Ruizek osatutako epaimahaiari «bereziki aipagarria» iruditu zaio Apalauzak «katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen, horretarako joskera zaindu baitu eta euskararen baliabide ugariak baliatu baititu, testuari jario handia eta aberastasuna emanez».

Bekaren zortzigarren edizio honetara hamar lan aurkeztu dira. Apalauzak 6.000 euro jasoko ditu obra itzultzeko eta liburua 2026ko urtarrilean argitaratuko du Txalapartak.

Amaia Apalauza Ollok (Iruñea, 1979) Euskal Filologia ikasi zuen eta Nafarroako euskarari buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun, eta EIZIEko zuzendaritza-taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu zuen lehen literatura-itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei Dovlatoven ‘Maleta’ ipuin-liburua. Ordutik hainbat liburu euskaratu ditu, eta katalana du lan-hizkuntzetako bat. Bi liburu itzuli ditu katalanetik: Irene Pujadasen ‘Puskak’ (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen ‘Gerezi-denbora’ (consonni, 2024).

(H)ilbeltza bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da. Azken edizioetan Eneko Barberenaren ‘Suak erreko ez balu’ eta Fred Vargasen ‘Altxa, hildakoak’, Beñat Irastorzak euskaratua, argitaratu dira. Iaz garaile suertatu zen Joxan Oizen egitasmoa 2025eko (H)ilbeltza jaialdian aurkeztuko dute.