NAIZ

Euskara murrizten duen Orkoiengo ordenantzari helegitea aurkeztu dio Behatokiak

Orkoiengo otsailaren 28ko Udal Plenoan onartutako euskararen ordenantzari alegazioak aurkeztu dizkiote Behatokiak eta hainbat herritarrek. Euskararen sustapenari eta herritarren eskubideei ezarritako murrizketak lehengora bueltatzeko eskatu dute.

Agurne Gaubeka Behatokiaren zuzendaria, alegazioak aurkezten, ostegun honetan.
Agurne Gaubeka Behatokiaren zuzendaria, alegazioak aurkezten, ostegun honetan. (BEHATOKIA)

Orkoiengo hainbat herritarrek, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, helegite formalak aurkeztu dizkiote joan den otsailaren 28ko Udal Plenoan onartutako euskararen ordenantzari. Iragan abenduan salatu zuten bezala, Orkoiengo Udalak aldebakartasunez aldatu du Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza, eta dokumentu berriak izan beharko lituzkeen helburuekiko atzerapausoak ezartzen ditu.

Urtarrilean, ehunka herritarrek Orkoiengo kaleak bete zituzten ordenantza atzerakoia atzera botatzeko eskatu eta alkatearen adierazpen polemikoak salatzeko. Otsailean, aldiz, 775 sinadura eraman zituzten Nafarroako Parlamentura ordenantza alda ez zedin.

Bide horretatik pauso bat gehiago eman eta alegazioak aurkeztu dituzte orain. Izan ere, «aurreko ordenantzaren zioen azalpenean euskararekiko egiten ziren erreferentzia guztiak ezabatu dira ordenantza berrian. Horren ordez, hizkuntzez orokorrean hitz egiten da, kontuan izan gabe euskara gutxiagotutako hizkuntza dela; eta honen erabilera eta sustapena bideratzeko neurriak ezarri behar direla, ordenantzaren izenak adierazi bezala». Beraz, testua lehengora bueltatzeko eskatu dute.

Bestalde, herritarrek udalarekin euskara erabiltzeko zuten eskubidea inolako bermerik gabe uzten dute hainbat artikulutan, euskaraz zerbitzua ‘ahal den heinean’ eskainiko zaiela adieraziz. Horrenbestez, esaldi horiek ezabatu ditzatela eskatu dute.

«Murrizketa argia da»

«Udalaren publizitate eta argitalpen zein bestelako elementuetan ere euskararen presentziarekiko bermeak ezabatu dira ‘ahal den guztietan’ esaldia ezarriz. Adibidez, udaleko aldizkaria %100ean euskarara itzulita egongo dela esatetik, funtsezko gaiak soilik itzuli daitezkeela ezartzera pasatu da. Euskararen murrizketa argia da».

Plantilla organikoan euskarazko arreta bermatzeko profilak ezartzen joateko artikulua ere aldatu da. Beraz, aurrerapausoak eman daitezela eskatu dute, berariaz musika eskola, ludoteka edo hezkuntzari (haur eskolei) lotutako langileen profilari edo eskaintzari dagokienez. Honi lotuta, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez duten lanpostuetan merezimendu izan dadin ere exijitu dute.

Horiez gain, Udalaren zerbitzu telematikoetan zein teknologia berriei lotutako edozein euskarritan euskararen presentzia bermatzeko ekarpenak ere txertatu dituzte. Azpikontratatutako zerbitzuetan euskarazko zerbitzuak eskaintzeko neurriak, eta beste herrialde batzuetatik Orkoienera bizitzera datozen pertsonei euskara gerturatzeko neurri bereziak ere txertatu nahi izan dituzte ordenantzaren alegazioetan.

«Nafarroan gertatzen ari denaren adierazgarri bat baino ez»

Behatokiak adierazi du Orkoiengo Udalean euskararen ordenantzarekin gertatutakoa Nafarroan herritarren hizkuntza eskubideekin gertatzen ari denaren adierazgarri bat baino ez dela. «Euskararen erabilera bermatu eta euskara sustatzeko neurrien aurkako judizializazioaz eta lege mugez gain, hizkuntza eskubideak eta, beraz, herritarren eta hizkuntzen arteko berdintasun neurriekiko aitortza onartu nahi ez dituztenen jarreren adierazpide ere bada».

Horregatik guztiagatik, Nafarroako udaletako arduradunei dei egin diete herritarren euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta euskara sustatzeko neurriak ezartzen dituen ordenantzak eta politikak aplikatu ditzaten, nola ez, egun ditugun araudi eta konpromisoetan atzerapausorik eman eta onartu gabe. «Hizkuntza eskubideak edukiz husten ari diren guztietan, herritarrok tinko jarraituko dugu euskaraz izan eta bizitzeko eskubidea izan behar dugula aldarrikatzen. Euskaraz bizi ahal izatea ez delako batzuen kontua soilik, gizarte osoari dagokion berdintasunarekiko aitortza baizik», azpimarratu dute.