NAIZ

«Neurriak» eskatu dizkio Aizpuruak Sanchezi, honek «demokrazia defizita» diagnostikatu ostean

Pedro Sanchezek karguan jarraitzea erabaki ostean, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak «Botere Judiziala berritzea, lurralde eztabaida irekitzea eta sekretuen lege frankista eta Mozal Legea aldatzea» eskatu dio, mugimendu horri zentzua emateko.

Pedro Sánchez, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, urriko bileran.
Pedro Sánchez, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, urriko bileran. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Kongresuan, Euskadi Irratian izan da ostegun honetan eta bertan espainiar presidente Pedro Sanchezi «neurriak» eskatu dizkio, bere bikotekidearen aurkako auzi politiko-judiziala dela-eta bost eguneko hausnarketa egin eta karguan jarraituko duela iragarri ostean.

EH Bilduko kidearen hitzetan «denborak» esango du mugimendu horrek zenbat izan duen «estrategiatik», baina onartu du «hainbat gauza arraro» izan direla. «Baina moduei baino ekintzei jarriko diet azpimarra eta geroak esango du. Espero dut gero hori ez izatea oso berandu eta jakitea zein zehaztapen emango duen».

Honela, «neurriak» eskatu dizkio espainiar presidenteari. «Bost urte pasa dira Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko eskuinak betoa mantendu duela. Eskuin atzerakoiari aurre egin behar zaio aurrera eginda. Agenda demokratizatu behar da, beraien aurka baldin bada ere. Botere judiziala berritu behar da, lurralde eztabaida ireki, sekretuen lege frankista aldatu behar da eta Mozal Legea aldatu behar da», adierazi du Aizpuruak, hartu daitezkeen neurri horiek zehaztuz.

EH Bilduren bozeramailearentzat hauek «presazkoak» dira eta haiekin «eskuin atzerakoiaren agendari aurre egingo litzaieke». Hauekin batera, «bizitzaren garestitzearen aurkako neurriak eta hainbat neurri sozial» eskatu ditu Aizpuruak.

Sanchezen hausnarketa prozesu horren inguruan «zerbait positiboa esatearren, diagnostiko hori egin eta demokrazia defizit bat dagoela esatea» nabarmendu ditu. «Lehen aldiz entzun diot hau Sanchezi eta guk Kongresuan askotan planteatu dugu. Horrek esan nahi du gauzak ez daudela ondo eta orain arte hori ukatu egiten zuten. Demokrazia hori eredu bezala jartzen zen», gogoratu du.

Komunikabideak

Izan ere, nabarmendu du gaur egun aipagai diren erregenerazio demokratiko, lawfare-a edo komunikabideen papera Euskal Herrian «aspalditik sufritu dugula». Zentzu horretan Sanchezi «nolabaiteko tranpa» egitea leporatu dio. «Mundu osoko gauzak direla esan du. Egia da eskuinaren bultzada hori ematen ari dela eta aurre egin behar zaiola. Baina Espainian frankismo soziolgiko hori mantendu egiten da eta Europako beste tokietan ez bezala egituretan dago sartuta ultraeskuinaren erreakzioa. Oraindik pertsona eta kargu berdinak daude, sekulako aldea da».

Eskuin eta ultraeskuinaren estrategia horretan hedabideek jokatzen duten papera ere izan ditu aipagai Aizpuruak, zeinak «kontrol gehiago» eskatu duen. «Baina ez kontrol ideologikoa», zehaztu du. «Adierazpen askatasunarekin oso zorrotzak izan behar gara, baina gezurrak edo irainak botatzea inolako kalterik ordaindu gabe, horrek ezin du horrela izan. Kongresuan badaude sasikomunikabide horien sasikazetari batzuk ez dutenak informazioa egiten eta haien helburua ez da informatzea. Nork jarri ditu hor? Guk sufritu ditugu urtetan eta orain badirudi PSOEkoak ere asaldatu direla». 

Lurraldetasuna

Beste hainbat gai ere jorratu dituzte elkarrizketan eta, besteak beste, Aizpuruak Sanchezi «lurralde eztabaida irekitzea» eskatu dio, EAEko hauteskundeen baitan lehen lerroan egon zen gaia. «EAEn eta Nafarroan akordio sendoak behar ditugu eta horiekin Madrilera joan. Uste dut aukera dagoela, borondatea behar da».

Eta egungo egoera politikoarekin lotu du. «Serio planteatu behar da eta orain da momentua. Ez dakigu hemendik bi urtera zein egoeratan egonen garen. Eman daitezkeen urrats gehienak ematea komeni da, momentuak aprobetxatzea komeni da eta aukera hauek ihes egiten ez uztea. Espero kanpainan entzun diren hainbat esaldi benetan izatea», gehitu du.

Atzoko Maiatzaren Lehenari begira eta egin ziren mobilizazioei begira ere jarri dira. ELAk EH Bilduri egindako kiritiken inguruan galdetuta, «oposizio irmoagoa» eskatuz eta EH Bildu interpelatuz, Aizpuruak adierazi du «hein batean» arrazoia duela sindikatuak. Hala ere, koalizioaren estrategia defendatu du. «Kalea instituzioekin batera joan behar da. Ez bakarrik langileen munduari begira, esparru guztiei begira. Baina konfrontazioa eta kooperazioak bateragarri izan behar dute».

Zentzu horretan EH Bilduk Madrilen egiten duen lanaren balioa azpimarratu du. «Planteamenduak mahai gainean jarri eta mugiarazi egiten dugu. Hori da gure lan azpimarragarriena. Horretan ez gara gelditu. Horrela lortu ditugu hainbat gauza euskal herritarrentzat».