NAIZ

Interkooperazio feministaren jardunaldia izango da maiatzaren 24an Hernanin

Larrutik Interkooperazio feministarako sareak ekitaldia antolatu du Hernanin. Egitarau zabala izango da: mahai-ingurua, tailerrak, ‘klownklusioak’, bazkaria eta solasaldi musikatua, Biteri kultur etxean hasi eta Kulturarteko Plaza feministan jarraituz. Izen ematea irekia dago jadanik.

Iragan urtarrilaren 19an aurkeztu zuten Larrutik Interkooperazio feministarako sarea, Hernanin.
Iragan urtarrilaren 19an aurkeztu zuten Larrutik Interkooperazio feministarako sarea, Hernanin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Datorren maiatzaren 24an, ostiralarekin, egingo da Interkooperazio feministaren jardunaldia, Hernanin, Larrutik sareak antolatuta. 9.30ean ekingo diote egitarauari. 10.00ak bitarte Harrera egingo diete parte-hartzaileei Biteri kultur etxean eta ordu horretan izango da jardunaldiko mahai-inguru nagusia.

Interkooperazio feminista, zergatik eta zertarako? Galdera horri erantzuten saiatuko dira gonbidatuak: Kataluniako La Insolita sare feministako eta Red de Transciones feministas taldeko hiru kide, baita Larrutik interkooperazio sareko kideak eta Mirene Begiristain ikerlari feminista ere. Itzulpengintza zerbitzua eskainiko dute.

Ondoren, Hernaniko Kulturarteko Plaza feministan jarraituko du jardunaldiak. 12.30ean lau tailer izango dituzte parte-hartzaileek aukeran: Barne araudi feminista, kooperatibentzako baliabideak; amatasunen eragina proiektu kooperatiboetan; instituzioekiko harremana arakatzen; eta interkooperazio feministaren aukerak.

Tailerren ostean, 14.00etan ‘klownklusioak’ azalduko ditu Beatriz Egiazabalek, eta amaitzerako bazkari goxoa prest edukiko du Larreak.

Arratsaldean, jardunaldia amaitzeko, 16.30ean Ines Osinagak, Mauriziak ez dau Inor Hil kooperatiba Txikiko kideak, solasaldi musikatua eskainiko du.

Larrutik sarea

Larrutik Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan lan egiten duten kooperatiba eta elkarteen sarea da. Oraingoz, Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean eragileek osatzen dute.

Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzea dute amets eta helburu. Ekonomia feministak eskaintzen duen marko teoriko zein praktikoa bere gain hartzen dute, barnean zein kanpoan eragin nahi dutelako.