NAIZ
Bilbo

Eragozpen Fiskala Gastu Militarrari bulegoa inauguratu dute Bilbon kolektibo antimilitaristek

«Errenta-aitorpena egiterakoan bidegabeak edota kaltegarriak iruditzen zaizkigun diru-partiden finantzazioarekin kolaboratzeari uko egitea, hala nola militarismoa» du helburu eragozpen fiskalak. Adierazi dutenez, ia 200 lagunek hartu dute hitzordua dagoeneko errenta aitorpena bertan egiteko.

Kolektibo antimilitaristek Eragozpen Fiskala Gastu Militarrari bulegoa inauguratu dute larunbat honetan Bilbon.
Kolektibo antimilitaristek Eragozpen Fiskala Gastu Militarrari bulegoa inauguratu dute larunbat honetan Bilbon. (KEM-MOC)

Kolektibo antimilitaristek Eragozpen Fiskala Gastu Militarrari bulegoa inauguratu dute larunbat honetan Bilbon. Goizean zehar, hainbat lagunek, aholkulariekin batera, PFEZ aitorpena egin dute, militarismoa finantzatzeari uko eginez.

«Eragozpen fiskala egitea zera da: errenta-aitorpena egiterakoan (PFEZ), Estatuarekin ekonomikoki kolaboratzeari uko egitea, bidegabeak edota kaltegarriak iruditzen zaizkigun diru-partiden finantzazioarekin, hala nola militarismoa, kolaboratzeari uko egitea, hain zuzen ere», azaldu dute ohar baten bidez.

Helburua, ekarpen hori beste egitasmo batzuetara bideratzea da. «Tresna honekin gure zergen parte bat ez ordaintzeari utzi diezaiokegu eta kopuru hori herri-ekimenetara zuzentzea; hain zuzen ere, alternatiba eraldatzaile eta solidarioak sortzeko lan egiten duten herri-ekimenetara», adierazi dute.

Kanpainak hiru bulego jarri ditu martxan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, non aholkua emango duten eta interesdunei errenta aitorpena egingo dieten.

Ekimen honen bultzatzaileen arabera, ia 200 lagunek hartu dute hitzordua dagoeneko, eta ekainaren amaierara arte egin ahal izango dute, PFEZren kanpainaren amaierara arte. Gainera, bulegoetara joan ezin diren pertsona interesatu guztientzat, tutoretza bat jarri dute martxan Eragozpen Fiskala etxetik egin ahal izateko.