NAIZ

AEK-Korrikak jasoko du 2024ko Ibilbideari Elkar saria

AEK erakundea eta Korrika ekimena sarituko ditu Ibilbideari Elkar sariak. Elkar Fundaziotik balioan jarri dute AEK-k «Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko» egiten duen ahalegina. Saria maiatzaren 23an jasoko dutea, Elkar-en Adunako egoitzan.

Azterketak Euskaraz dinamikak eraman zuen bere helmugara Korrikaren lekukoa, iragan martxoaren 24an, Baionan.
Azterketak Euskaraz dinamikak eraman zuen bere helmugara Korrikaren lekukoa, iragan martxoaren 24an, Baionan. ( Idoia ZABALETA | FOKU)

Elkar Fundazioak AEK erakundeari eta Korrika ekimenari emango dio 2024ko Ibilbideari Elkar saria, euskararen normalizazioari begira egiten duten lanagatik. Fundaziotik gogora ekarri dute Frankismoko garai beltzenean abiatu zela euskaraz ikastearen aldeko mugimendua, Euskal Herriko puntu desberdinetan ikastolak eta gau eskolak sortuz, eta horiek egituratu eta koordinatzeko eratu zela AEK, 70eko hamarkadan. «Urte luzetan, instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 80 eta 90eko hamarkadan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ez egokiak eragin zizkien. Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien AEK-k bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe», jarri dute balioan.

Zentzu horretan, erakundearen helburua «Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea» izan dela eta horretarako euskararen normalizaziorako eremu guztietan (ezagutzan, erabileran eta sustapenean) lan egin duela nabarmendu dute Elkar Fundaziotik, baita ahalegin horren emaitza milaka pertsonaren euskalduntzea edota euskarara hurbiltzea izan dela ere, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. «Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere», jarri dute balioan.

Gogora ekarri dute bi urtetik behin milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen dituela Korrikak, «euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da. Martxoan egin berri den azken edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko», jarri dute azpimara.

Irudiaren indarra

Fundazioaren iritziz, Korrikak euskal lurraldean uzten duen irudia «indar handikoa» da, askotariko jendea batzen baitu korrika egin eta lekukoa eskuz esku pasatzeko, eta irudi horren bidez normalizazioak «denon beharra» duela uzten da agerian, hau da, «elkarrengandik hartu eta elkarri emanez» lortuko dela Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea. «Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura. Azken Korrikako mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k», ziurtatu dute.

Hala, AEK eta Korrikak egiten duten lana goraipatu eta aldi berean «bide beretik jarraitzeko» akuilu izan nahi du Ibilbideari Elkar sariak.

Elkar Sariak maiatzaren 23an banatuko dira, 18.00etan, Elkar-en Adunako egoitzan. AEK-Korrikaz gainera, ekitaldi berean Joseba Jaka Beka jasoko du Josu Goikoetxeak.