NAIZ

Topaketetatik topagunera; elkargunea indartuko dute Hik Hasiren udako topaketa pedagogikoek

Uztailaren 2tik 4ra egingo dira Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak, Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean. Bi erakundeek batera prestatutako 21 ikastaro «anitz eta berritzaile» izango dira aukeran, Topagunea indartzeko espazio bereziaz gain. Izen ematea irekia dago.

Beñat Amenabar HEFAko dekanoa eta Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduraduna, Topaketa Pedagogikoak aurkezten.
Beñat Amenabar HEFAko dekanoa eta Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduraduna, Topaketa Pedagogikoak aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2024ko Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu dituzte astearte honetan EHUren Donostiako Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatean (HEFA) bertako dekanoak, Beñat Amenabarrek, eta Hik Hasiko formazio arduradunak, Mikel Agirrezabalak. Uztailaren 2an, 3an eta 4an, 21 ikastaro eskainiko dituzte fakultate honetan. Hikhasi.eus-en ikus daitezke denak. Izena emateko aukera ere badago bertan, ekainaren 7ra arte.

HEFAko irakasleek emaile zein hartzaile gisa hartuko dute parte. 24 urte daramate elkarlanean bi erakundeek eta elkarri eskertu diote beren lana.

Agirrezabalak nabarmendu duenez, ikastaro denak euskaraz emango dituzte, eta askotariko gaiak landuko dituzte, eskolako eguneroko jarduerarekin eta dauden kezkekin lotura dutenak, haiei erantzuteko asmoz eta irakasleen prestakuntza osatzeko helburuarekin. Aniztasuna bilatu dute.

Ikastaro emaileak Euskal Herriko adituak eta arituak dira, jada Hik Hasirekin elkarlanean urteak daramatzatenak asko eta hezkuntza arloan erreferentzia direnak. Besteak beste: Alvaro Beñaran psimotrizista, Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzean aditua, Ane Ablanedo irakaslea eta neurosiaren prebentzioan aditua, Patxi eta Ane Eizagirre heriotzan espezializatutako psikologoak, Marina Pintos yoga irakaslea eta Iñaki Eizmendi Ebete hizkuntza zerbitzuetako teknikaria.

Haur filosofia

Gaiei dagokienez, neurohezkuntza, scape room digitalak eta fisikoak, IDU Irakaskuntza Diseinu Unibertsala, PBI Proiektu Bidezko Ikaskuntza, antzerki teknikak edo matematika manipulagarria landuko dituzte, besteak beste.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren irabazleak, Jakinmin elkarteak, ikastaro bat eskainiko du. Haur filosofiaren metodologiari buruzko oinarrizko formazioa izango da, elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren bidez hausnarketarako gogoa eta gaitasuna sustatzea helburu dituena. Horretarako baliabideak eta jakintza eskainiko dira.

Elkargunea

Esan bezala, 24 urte daramatza Hik Hasik Euskal Herriko milaka irakasle euskaraz formatzen. Baita elkartzen ere. Hiru egunetan EHUren gelak eta kanpoaldeak Euskal Herri osoko hezitzailez betetzen dira. Aurten, topagune hori indartu nahian, espazio berezi bat prestatuko dute. Norberak bere ikastaroa egiteaz gain, denak batzea ahalbidetuko duen gune bat.

«Gure ezaugarrietako bat da elkarrengandik, sareez gaindi eta lurraldetasunetik ikastea, eta hori bistaratuko dugu prestatuko dugun espazioan», azaldu du Agirrezabalak. «Aurten, denok batera gehiagotan elkartuko gara. Abagune egokia eta aproposa iruditzen zaigu Euskal Herri guztitik, sare guztietatik eta hezkuntza etapa guztietatik etorritako irakasleak eta hezitzaileak elkartzea, komunitate bat osatzen dugula konturatzea eta horrek duen indarraz eta balioaz kontziente izatea».

Hik Hasiren bueltan hezkuntza komunitate zabala eta motibatua mugitzen da, eta hori azaleratu nahi du topaguneak. «Euskal hezkuntza komunitateari lekua eman nahi diogu. Parte-hartzaileak ‘hikhasitar’ senti daitezen nahi dugu».

Helburu horiek denei forma emateko aukera eskainiko du, beraz, topaguneak uztaileko hiru egun horietan. Elkarrekin, «Hik Hasiren hezkuntza komunitatea osatzen dutela ikusteko, bizitzeko eta indartzeko aukera» emango duen elkargunea izango da.