NAIZ

EH Kirola, Surf Federazioko presidenteari irmo: ofizialtasunerako urratsak eman edo dimisioa

Euskal Herria Kirola gizarte-erakundeak eskutitz irekia bidali dio Ivan Zaldua Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakariari, Espainiako Kirol Lege berria indarrean sartu zenetik urtebete baino gehiago igaro denetik, EHSF oraindik ez dagoelako Nazioarteko Federazioan (ISA) integratuta.

Ofizaltasuna aldarrikatzeko egindako agerraldi bat.
Ofizaltasuna aldarrikatzeko egindako agerraldi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herria Kirolak, kirol-diziplina guztien ofizialtasuna lantzen duen gizarte-erakundeak, ohar batean jakitera eman duenez, ofizialtasunaren bidean zein urrats ematen ari diren jakiteko eskutitz ireki bat bidali dio Ivan Zaldua Euskal Herriko Surf Federaziokoko lehendakariari. Idatzi horretan azpimarratzen duenez, erakundeak «ez du besterik ikusten: edo ofizialtasuna eskuratzeko bidean urratsak eman, edo, bestela, aurkeztu ezazu dimisioa!».

Jarrera hau azaltzeko zenbait datu eman ditu. Euskal Herria Kirolak «behin baino gehiagotan» adierazi du Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF) Nazioarteko Federazioan (ISA) sartuta egotea nahi duela, «gure surfistek nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte har dezaten», adierazi du.

Gaineratu duenez, eskaera hau «oso sakon errotuta» dago Euskal Herriko surf munduan, eta gogoratu du «oso aspaldi» nazioartean ere aritu izan dela, «bestelako presioen ondorioz aukera hori bertan behera gelditu zen arte».

Gogoratu behar da 2018ko azaroan Nazioarteko Federazioan integratzeko eskaera egin zela eta, gainera, Espainiako Kirol Lege berriak aukera ematen duela euskal surfaren ofizialtasuna lortzeko.

Kirol Lege hori indarrean sartu zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, «eta gure kirolaren ofizialtasuna legearen baldintzena bete-betean sartzen bada ere», Euskal Herria Kirolak azpimarratu du oraindik EHSF ez dagoela ISAn integratuta eta «oraindik gure kirolariek ez dutela aukerarik nazioartean ofizialki lehiatzeko».

«Are larriago» deritzotena, «oraindik ez dakigu ofizialtasun-eskaera horren egoera zertan den».

Kike Zurutuzak zuzentzen duen gizarte-erakundeak adierazi duenez, «hainbat bidetatik» saiatu dira informazioa biltzen, eta zehazkiago, EHSFko presidentearekin harremanetan jartzen saiatu dira, «ahalik eta lasterren informatzeko, ofizialtasuna zer egoeratan dagoen eta zer urrats egingo diren galdetzeko».

Baina Euskal Herria Kirolak salatu duenez, Ivan Zalduaren erantzuna honakoa izan da: «Ez duzula ofizialtasunari buruzko inolako azalpenik emango».

Gauzak hala, kirol-diziplina guztien ofizialtasuna lantzen duen gizarte-erakundea izanik, «ez dugu besterik ikusten: edo ofizialtasuna eskuratzeko bidean urratsak eman, edo, bestela, aurkeztu ezazu dimisioa!».