Alaia Sierra

Luis Gardek landako bizitzari buruzko poesia liburua ondu du, hura idealizatu gabe

‘Urrats galduen hotsa’ poesia liburua argitaratu berri du Luis Garde iruindarrak Pamiela argitaletxearekin. Olerkiz osatutako bere bederatzigarren liburu honetan, landa eremuko bizimoduko eguneroko gauzetatik sortutakoak bildu ditu, landarekiko mirespena alde batera utzita.

Luis Garde, ‘Urrats galduen hotsa’ eskuartean duela.
Luis Garde, ‘Urrats galduen hotsa’ eskuartean duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Luis Gardek ez du Euskal Herriko landa eremuko bizimodua idealizatu nahi izan, ezta hirietatik landari izaten zaion perspektiba bukolikoan oinarritu ere bere poesia liburu berria, ‘Urrats galduen hotsa’, idazteko. Hala ere, biziera horretaz ikusten duena irudikatu nahi izan du.

Ostegun honetan eman ditu Gardek bere lan berriaren kondik norakoak, Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editorearen alboan, Donostian eskainitako aurkezpenean.

Majuelorentzat ez da erraza izan liburua editatzea. Azaldu duenez, atseginagoa izan da poema bilduma honekin topo egitea irakurle bezala editore bezala baino. Sega bat, bidezidor bat edo alabaren hitzak bezalako gauza «arruntei» beste esanahi bat emateko autorearen gaitasuna nabarmendu du, gainera, eta orrialde guztiak josten dituen elementua erritmoa dela ziurtatu du.

Gertutasuna ere aipatu du Majuelok, deskribatzen diren inguruak eta tokiak ezagutu gabe ere, «irakurlea bertaratzea lortzen duelako» Gardek. «Poesia ez da gehiengoak irakurtzen duena, baina ziur nago liburu hau irakurtzen duenak gozatuko duela», adierazi du.

Luis Garde bere inguruan duen naturaren markoaz baliatu da eta, olerkiak idealizaziotik sortu ez dituenez, bizimodu horretatik ikusten duenaz baino ez dira sortu, bera ez delako parte hartzailea.

Biziera horretako elementu garrantzitsua desagertzen ari diren lanak izan dira autorearentzat. Izan ere, «erritualtasuna» ikusten die eta bere ustez pertsonaia poetikoak «izerditu bitartean ere egiten ditu bere hausnarketak».

Ironia, antinaturalismoa eta desoreka

Besteak beste, liburuan badira Gardek egunero ikusten dituen zaldiak, baita era ironikoak ere, idealizazio horren aurka jotzeko. Heriotza ere, baina «ez naturak inposatzen duen heriotzaren erritmoa, baizik eta gizonak sortzen duena».

Ikuspuntu «antinaturalista» bat islatu nahi izan du. Azaldu duenez, landa eremuan lan egiten dutenak ez dira naturaren parte sentitzen, naturari «bere gauzak kentzeko borrokan» daudelako.

Antinaturalismo horrekin batera, desoreka aipatu du idazleak, nahita egina izan ez zena baina «gustatu zitzaidana». Hilabeteka antolatuta dago liburua, urrian hasita, eta olerkiak dagozkien urtaroarekin eta hilabetearekin lotuta daude, baina gero eta gutxiago sartu ditu atal bakoitzean. «Isilduz doa» protagonista.